Turismoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea aurkeztu dute, bertan daude Donostia eta Iruñea

  • Azken hilabeteetan elkar topatu eta kezkak partekatu dituzten Europa Hegoaldeko hainbat herri mugimenduk SET sarea sortu dutela jakinarazi dute: Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko Hirien Sarea. "Elkarlanak aberastu eta indartu egiten gaituelako, harremanak estutzeko asmoa dugu. Iruñea eta Donostia sareko kide dira.


2018ko apirilaren 24an - 11:43

"Geure burua antolatzen ari gara geure eskubide sozialen defentsan, bereziki etxebizitza duin eta eskuragarri baten eskubidearen eta hirirako eskubidearen alde".

Hala diote Europa Hegoaldeko hainbat hiritako herri mugimenduek, azken urteetako turistifikazio prozesuen ondoren. "Antzekotasunak topatu ditugu elkarren artean, eta ondorioztatu dugu komenigarria eta beharrezkoa dela industria turistikoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea sortzea", diote jarraian osorik irakurgai dagoen manifestuan.

Aliantza honen xedea, jakinarazi dutenez, iritzi publikoa sentsibilizatzea eta administrazioak presionatzea da turismoaren ekonomia arautzeko ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarritasun irizpideen arabera. "Geure helburua elkarrekiko babesa garatu eta bata besteagandik ikasteaz gain, borroka hau beste hiri eta lurraldeetara hedatzea da; horrela Europako Hegoaldetik datorren eta egungo ereduarekiko kritika irmoa egiten duena ahots anitza sortuko dugu. Honako manifestu hau lehen pausoa besterik ez da hiri eta lurraldeen turistizazioaren kontrako borrokaren internazionalizazioan; bitartean, lanean darraigu eztabaidatzen, hausnartzen eta elkarrekin mobilizatzen"

Bideo bat ere egin dute. Oraingoz gaztelania hutsez dago, eta euskaratzen ari direla jakinarazi dute.

Jarraian aurkezpen dokumentua bere horretan irakurgai

Europa Hegoaldeko hainbat hiritan salaketa, mobilizazio eta erresistentzia ekimen andana ikusten eta bizitzen ari gara egun, bertan jazotzen ari diren turistifikazio prozesuei aurre egin asmoz. Bertako (Venezia, Valentzia, Sevilla, Iruñea, Palma, Lisboa, Malaga, Malta, Madril, Girona, Kanariar Uharteak, Donostia, Camp de Tarragona, Bartzelona) hainbat eragile eta kolektibok topo egin dugu urte eta erditik hona burututako ekimen mordoan esperientziak eta ezagutzak elkarrekin partekatu eta trukatzeko xedearekin.

Hiri hauetako bakoitzak gatazka berezituak baditu ere, badira batzuk komunak direnak:

- Garrantzitsuena eta hedatuena honetan datza: prekarizazioaren hedatzea eta etxebizitza eskubidearen murriztea, bereziki etxebizitza lortzea eta alokairuen prezioen garestitzeari dagokionez. Hau guztia Estatuetako legediek onartzen dute eta zuzenean eragiten die jendarteko sektore helduenei eta gaitasun ekonomiko urriena dutenei. Honek guztiak oinarria du 2008/2012 arteko krisi finantzarioa delakoan, espekulazio inmobiliario zikloa hastea eragin zuena; Inbertsio funtsek eta inmobiliariek etxe mordoa erosteari ekin zioten eta erabilera turistikorako bideratu zituzten. Erabilera honen ondorioz, etxe hauek bizileku izateari utzi eta gentrifikazioa, etxe-kaleratzeak eta auzoen hustutzea gertatu zen, eskubide sozialak nabarmen urratuz.

- Bertako komertzioaren garestitzea eta eraldatzea tokiko bizilagunen egunerokotasunerako antzuak diren erabilera turistikoetan espezializatuz. Hori dela eta, bertakoak joan- etorri luzeagoak egitera behartuta daude, eta eragin zuzena du mugikortasun gaitasuna murriztuta dutenengan edota helduenengan.

- Kale eta plazen masifikazioa. Honek, bertakoen eguneroko bizimoduan kalteak eragiten ditu; bai atsedenari dagokionez, bai espazio publikoaren erabilerari dagokionez.

- Garraio publikoko sarearen saturazioa.

- Hirietako ekonomiaren espezializazioa sektore turistikoari begira; sektore nagusi eta bakar bilakatzeko joera duena.

- Bertakoen lan-baldintzen prekarizazioa. Sektore turistikoko lanbideek (ostalaritza, jatetxe-arloa, komertzioa) lan-baldintza okerrenak pairatzen dituztenak dira: soldata baxuak, kontratuetan (egon baldin badaude), aitortutako orduetan iruzurra, azpikontratatzeak, etab.

- Kutsadura (hegazkinak, gurutzaontziak, automobilak...) eta hondakin kopuru handia sortzea, kontsumo maila altuaren ondorioz; bereziki arautu-gabeko industria turistikoa ezaugarritzen duen “erabili eta bota” kontsumo mota. Tokiko baliabideen – ura eta lurraldea - erabilera masiboa eta ingurumen osasuntsu batetarako eskubidearen ukatzea.

- Azpiegituren etengabeko handitzea eta neurrigabeko erabilera (errepideak, portuak, aireportuak, araztegiak, gatzgabetze-instalazioak...). Hauek lurraldearen desitxuratzea dakarte, baita desjabetzeak eta bertakoentzat kostu handiak ere. Horrelako prozesuek sarbideak saturatzen dituzte eta lurraldea eskuratzeko lehiaketa eragiten dute, oinarrizko aktibitate eta zerbitzu oinarrizkoak galtzaile ateratzen direlarik: enplegua, ikastetxeak, ospitaleak, etab.

- Inguru urbano eta naturalen ezereztea, parke tematiko bilakatu dituztelako. Inguru urbanoan ondarearen espoliazioa eta merkantilizazioa nabari da; inguru naturaletan, berriz, arrantzarako eta abeltzantza zein nekazaritzarako erabileraren desagertzea. Helburua bietan, mugagabeko ustiapen turistikoa da.

Arestian aipatutako eta bestelako talken aurrean, turismoa jasaten ari diren hirietako biztanleok, geure burua antolatzen ari gara geure eskubide sozialen defentsan, bereziki etxebizitza duin eta eskuragarri baten eskubidearen eta hirirako eskubidearen alde. Geure hiri eta lurraldeetan burutzen dugun lan kolektiboaren abiapuntua, askotan, talka hauek agerian uztea da; baita gaiaren inguruko kontzientziazioa, ereduarekiko kritika eta honen ondorioen salatzea ere; hurrengo pausoa dagoen ereduarekiko alternatiben garapena da.

Azken hauen adibide gisa aipa ditzakegu industria turistikoari mugak ezartzea, etxebizitzarentzako eta ostatuentzako bereizitako politika fiskalak onartzea, hiriko ekonomiaren desturistizatzea, edo bestelako ekonomia justuen garapena - sozialki eta ingurumenari dagokionez - deshazkunde turistikoari loturik.

Arazo hauek guztiek hirietan duten eragina ez da homogeneoa, anitza baizik; jasaten duten turistifikazio mailaren araberakoa. Hortaz, Venezia, Palma edo Bartzelonakoen gisako egoera larriagoak ikus ditzakegu, non bertako mugimenduek eredu aldaketarako proposamenak garatu dituzten nahitaez; badira bestelako egoera batzuk, Valentzia, Madril edo Lisboa kasu, non abiadura handiko turistizazio prozesu bortitzetan murgilduta badaude ere, oraindik baduten aukera prebentzio eta moteltze edo ahultze politiken bitartez, nolabaiteko oreka lortzeko.

Gai hauetan, beste askotan bezala, aipatu hiriek eta beste batzuk antzekotasunak topatu ditugu elkarren artean, eta ondorioztatu dugu komenigarria eta beharrezkoa dela industria turistikoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea sortzea.

Kolektibo eta herri mugimenduen aliantza honen xedea da iritzi publikoa sentsibilizatzea eta administrazioak presionatzea turismoaren ekonomia arautzeko ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarritasun irizpideen arabera.

Geure helburua elkarrekiko babesa garatu eta bata besteagandik ikasteaz gain, borroka hau beste hiri eta lurraldeetara hedatzea da; horrela Europako Hegoaldetik datorren eta egungo ereduarekiko kritika irmoa egiten duena ahots anitza sortuko dugu. Honako manifestu hau lehen pausoa besterik ez da hiri eta lurraldeen turistizazioaren kontrako borrokaren internazionalizazioan; bitartean, lanean darraigu eztabaidatzen, hausnartzen eta elkarrekin mobilizatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-11-27 | Garazi Zabaleta
Garbiñe Elizegi, Aroztegiko auzipetua
“Mugimendua kriminalizatu eta aurrekari bat jarri nahi dute epaiketa honekin, hori oso larria da”

Lekarozko Aroztegia makroproiektu urbanistikoaren aurkako zazpi ekintzaile epaitegietara bidali ditu Palacio de Arozteguia S.L enpresak. 56.000 euroko isunak eta, guztira, 20 urteko kartzela zigorra eskatu dituzte haientzat. Azaroaren 26an prentsaurreko jendetsua egin dute... [+]


Pisu turistikoentzako baimenak urtebetez eten ditu Bilbok

Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.


2024-11-08 | Euskal Irratiak
AirBnb motako epe laburreko alokairuen abantaila fiskala murriztu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.


Donostia tentsio handiko eremu izenda dezala eskatu dio udalak Jaurlaritzari

Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]


2024-11-06 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Oinordetzan

Asteburu luze bat. Ingurutik bueltatxo bat eman eta pikoteoa egiteko probestu dugu. Turistak selfie-ak egiten. Turistentzako bideak, alokairuak, dendak, hotelak, aparkalekuak, menuko platerak, seinaleen kartelak munduko hizkuntza orotan. Turistak ohiko lekuak leku arrotz... [+]


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


Mila lagunetik gora mobilizatu dira turistifikazioaren eraginen aurka

Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.


Donostiako 50 eragilek “desazkunde turistikoa” aldarrikatuko dute igandean

Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.


2024-10-22 | Leire Ibar
Milaka pertsona mobilizatu dira Kanarietako turismo masiboa salatzeko

Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.


2024-10-08 | ARGIA
Hego Euskal Herriko bizilagunek etxe turistikoak debekatzeko aukera izango dute, 3/5eko gehiengoz

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


Eguneraketa berriak daude