Guarani herriko indigena batek bere buruaz beste egiten du astero Brasilen, batez beste. Azukre kanabera ustiatzen duten enpresek haien lurretik bota dituzte guaraniak. Geroztik, arrisku larrian daude: elikadura arazoak, lurjabeen jazarpena eta biolentzia egoerak jasaten dituzte.
Survival Gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, guaranien suizidio tasa Brasilgo batez bestekoa baino 34 aldiz handiagoa da. 15 eta 29 urte artekoak dira gehien suizidatzen direnak. Lurrik ez dutelako egiten dute euren buruez beste.
Rosalio Ortiz guarani komunitateko kideak dio guarani herria “libre” ez delako suizidatzen direla gazteak. “Lehen askeak ginen, orain ez. Gure gazteek ingurura begiratu eta deus ez dugula ikusten dute; ez dugula lurrik. horregatik, haien buruaz beste egiten dute”.
La Vanguardia egunkariak Joana Eede ikerlariaren hausnarketa kaleratu du. Eedek komunitate indigena horrek lurrarekin duen harremana azaldu du. Dioenez, lurra “dena” da haientzat. “Haien etxea da, jakiak bertatik ateratzen dituzte, euren hizkuntza moldatzen du, haien mundu ikuskera eta haien identitateak. Bertan lurperatu zituzten arbasoak, eta euren oinordekoen ondarea da”, esan du.
Eederen arabera, lurra “direna” da. “Haien barne munduaren eta naturaren arteko muga oso lausoa da”.
Enpresak, lur galeraren errudunak
Matto Groso do Sul zonaldean bizi dira guaraniak. 1980az geroztik, bioerregaia egiteko azukre kainabera ustiatzen duten enpresak eraiki dituzte eskualde horretan. Enpresek desjabetzak egin eta haien etxeetatik bota dituzte indigenak.
Guaraniek, baina, legez dute ziurtatuta lurra, 1988ko konstituzioak esaten baitu herri indigenei lurrak eman behar dizkiela Gobernuak. Aitzitik, oraindik ez dizkie eman.
Orain, 80 enpresa berri ireki nahi dituzte inguruan. Horietako asko guaraniek aldarrikatzen duten “arbasoen lurretan”.
Desjabetzeaz gain, enpresek pestizidak botatzen dizkiete hegazkinetatik, inguruko ura edangaitz bihurtu dute eta soldatapeko hiltzaileak kontratu izan dituzte bertakoak erailtzeko.
CIMI Indigenen Kontseiluko koordinatzaile Flavio Machadok egoera salatu du. Haren ustez “genozidioa” da pasatzen ari dena. “Guaraniak politikoki eta kulturalki erailtzen ari dira. Batetik, Gobernuaren politikak eta bestetik lurjabeek kontratatutako sikario armatuak”, kritikatu du.
Konponbidea: lurrak ematea
Indigenen taldeek argi dute zein den egoeraren konponbidea: guarani herriari lurrak ematea.
Guaranien defentsarako talde bateko bozemaile Tónico Benitesek suizioen kausatzat jo du lur eza: “Suizidio kasuek gora egin dute Gobernuak ez duelako zehazten zein den gure lurra eta ez digulako ematen”.
Zein lur eta nola eman aztertzen ari da egun Brasilgo Exekutiboa. BItartean, Brasilgo Kongresuak konstituzioa eta indigenen aldeko legeak aldatzeko proposamenak egin ditu. Indigenen taldeek, baina, ez dituzte lege aldaketa horiek begi onez ikusten. Kongresua indigenen kontrako presio taldeek kontrolatuta dagoela salatu dute.
La Vanguardia egunkarian, Roraima Kontseilu Indigenako kide Ivaldro Andrék lege aldaketa gaitzetsi du. Helburua enpresei onura egin eta indigenen eskubideak “urratzea” dela uste du. Horregatik, Gobernuak "lehenbailehen" lurren auzia konpontzeko exijitu du,
Survival webguneak guarani herriaren irudiekin argazki galeria osatu du.
Hemen lurra aldarrikatzeko guaraniek egindako bideoa:
Ama bat, semea autista, munduan barna. Argentina sorleku, euskaldunak arbaso. Bizitza bat opari, emozioz eta maitasunez gainezka. Bizitza bat, arima ez beste gidari…