Indar Gorri taldeko hamaika kidek espetxea ekidinen dute urtebeteko zigorra adostuta. Talde kriminaleko kide izatea leporatua zieten. Horrez gain, 900 eta 1.900 euro arteko isunak ere jarriko dizkiete lesio delituak konspiratzeagatik.
Gaur zen hastekoa Osasuna futbol taldearen Indar Gorriko hamaika kideren aurkako epaiketa, gaizkile taldeko kide izatea leporatuta, baina bi aldeen artean akordioa erdietsita ez da epaiketarik izanen. Fiskaltzak eta akusatuen defentsek zigor leunago bat adostu dute.
Indar Gorriko kideei gaizkile taldeko parte izateaz gain, aurkari zituzten futbol taldeen muturreko jarraitzaile taldeei indarkeriaz aurre egin eta lesio delituak eragiteko azpijokoa egitea egotzi zieten.
2017ko apirilean Iruñeko bigarren instrukzio epaitegiak onartutako ebazpenaren arabera, 21 pertsona auzipetzeko zantzuak zeuden delitu horrengatik. Izan ere, idatzian zehazten zenez, Osasuna jarraitzeko aitzakiaz, hainbat hiritara joaten ziren "lesio delituak egiteko, larriak ziren ala ez axola gabe", edo eztabaida jendetsuetan parte hartzeko, "aurkarien jarraitzaileen aurka liskar fisikoak" bilatzeko.
Ekainean, Ministerio Fiskalak akusazio idatzia aurkeztu zuen 11 kiderentzat; beste 10 pertsonaren aurkako prozedurak artxibatu egin zituzten.