Eusko Jaurlaritzak sustatu zituen Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak, baina Blackstone inbertsio funts estatubatuarrak eskuratu zituen. Zortzi urte barru etxe horien alokairua nahieran igo ahal izango dute, eta hori saihesteko eskatu diote bizilagunek Jaurlaritzari.
Urtea biziberrituta hasi du Bentaberriko Alokairu plataformak. Urtarrilaren 13an bizilagunen batzarra egin zuten auzoan, plataformari bultzada berri bat emateko. 200 pertsona inguru elkartu ziren, eta hainbat lantalde abian jarri zituzten etorkizunari aurre egiteko. Izan ere, azken urtean bi aldiz saiatu zaizkie etxegabetzen, eta 510 familia kalean geratzeko arriskuan daude.
Urtarrilaren 17an elkarretaratze jendetsua egin zuten Bentaberriko Jose Maria Sert plazan, «funts putreak» egiten ari diren espekulazioa salatzeko. Mobilizazio horren laburpena Gure auzoa salba dezagun! izeneko bideoan jaso eta egun gutxira sare sozialetan hedatu zuten. Bizirik daudela erakutsi nahi dute.
Txominek eta Josetxo Cañadak bi hamarkada luze daramate bizitzen Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan. Cañada Alokairu plataformako kide eta bozeramailea da, eta urtarrileko elkarretaratzea «erabakigarria» izan dela aitortu du: «indarra eman dio bizilagunen mugimenduari». Txominek, aldiz, ondo daki zeren aurka borrokatzen ari diren. Iazko martxoan, bera eta bere familia etxegabetzen saiatu zen Testa Residencial enpresa, gaur egun etxebizitza babestuak kudeatzen dituena. Kaleratzeak Stop plataformak prozesua geldiaraztea lortu zuen, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bitartekaritzarekin.
«Oso zaila da kontatzea kaleratu nahi zaituztela, baina beharrezkoa da. Bentaberrin etxegabetzeak egon direla uste dugu, eta hori saihesteko lanean jarraitu behar dugu», azpimarratu du Txominek. Une honetan, beste bizilagun bat, Victoria Noriega donostiarra, kaleratze arriskuan dago azarotik. Etxegabetzeko demanda gelditu eta atzeratzea lortu arren, oraindik ez dute kaleratze agindua bertan behera utzi. «Hasieratik lagundu diogu Victoriari, eta ez dugu onartuko bere etxegabetzea. Borrokan jarraituko dugu auzoan gera dadin».
Mantenuaz, komunikazioaz eta legedi kontuez arduratuko diren lan-taldeak abian jarri dituzte, besteak beste. «Etxebizitzen egoerak okerrera egin du, eta garajeak urez betetzen dira. Matxura asko izaten ditugu, eta adibidez, igogailu bat ez badabil hogei bat egun behar dira konpontzeko», dio Txominek. Gainera, etxebizitzen kudeaketaz arduratzen den Testa Residencial enpresarekin duten komunikazioa ez da batere erraza. «Madrilen dute bulegoa, eta zerbait gertatzen bada telefonoz deitu behar diezu. Pareta batekin hitz egitea bezalakoa da eurekin dugun komunikazioa».
Hori dela eta, izaten dituzten gertakari guztiak zerrendatu nahi dituzte. Bestalde, Bentaberriko familien erradiografia egiteko asmoa dutela esan du Cañadak: «Auzoan inkesta bat egingo dugu zenbat jende bizi den jakiteko. Era berean, Bentaberrin jaio direnak eta erretiroa hartu dutenak zenbatu nahi ditugu».
Eusko Jaurlaritzarekin bilera ugari egin dituzte Gasteizen, eta behin eta berriz eskatu diete Bentaberriko afera konpontzeko. Horretarako, Blackstone inbertsio funtsarekin negoziatu beharko lukete, baina momentuz ez dute inolako borondaterik agertu. Hurrengo bilera eraginkorra izateko egin beharrekoa argi du Txominek: «Gauzak ondo egiten baditugu, sei hilabete barru Eusko Jaurlaritzarekin bildu gaitezke. Informazio guztia eraman behar dugu gobernuarengana, bestela betikoa esango digute. Gure egoera behingoz aintzat hartzeko argudioak jarri behar dizkiegu mahai gainean».
Hitzak eta ekintzak
Hasieratik gauzak gaizki egin zirela dio Castañedak: «Gertatu zaigunaren erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarena da. Ez dute gustuko hedabideetan guk beraiei buruz hitz egitea, baina argi eta garbi hitz egiten hasteko garaia da». 1994an Eusko Jaurlaritzak Bentaberrin alokairuko babes ofizialeko 540 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa sustatu zuen. Metrovacesa eta Vallehermoso enpresei adjudikatu zien, eta 75 urterako azalera eskubidea eman zieten. Donostiako Udala ere lehiaketara aurkeztu zen, eta etxebizitzen adjudikazioari helegitea jarri zion prozesua ez zelako behar bezala egin. Ordea, epaitegiek ez zioten arrazoia eman.
«Udaleko hainbat ordezkarik aitortu digute Bentaberriko promozioa oso gaizki egin zela. Eneko Goiak eta Iñaki Gurrutxagak arrazoia eman ziguten, baina eskuak lotuta zituztela esan ziguten. Enrique Ramos Hirigintza zinegotzi ohiak ere udalbatzar batean onartu zuen prozedura okerra izan zela. Udala saiatu da bitartekaritza lana egiten, baina benetako arazoa konpontzeko irtenbiderik ez digute eman», nabarmendu du Cañadak.
1998an zozkatu zituzten Bentaberriko babes ofizialeko 510 etxebizitzak, eta maizterrak kontratuak sinatzen hasi zirenean ezusteko batekin topo egin zuten. Promozioa iragarri zutenean alokairu bidezko etxebizitzak izango zirela zioten, eta 12 urteren ondoren etxe horiek erosteko aukera egongo zela. Ordea, aukera hori kontratuetatik ezabatu zutela gogoratu du Cañadak. «Eskaini zigutenak eta sinatu genuenak ez zuen zerikusirik. 37.000 pezetagatik Bentaberrin bizitzeko aukera eskaintzen zuen promozioak. Loteria tokatu zitzaigula pentsatu genuen, baina gutxira konturatu ginen adarra jo zigutela. Gainerako etxebizitza promozio guztietatik atera gintuzten».
Hori dela eta, 1999an plataforma sortzea erabaki zuten, bizilagunen interesen alde lan egiteko. Hasierako helburua etxebizitza horiek erosteko aukera lortzea izan zen. «Hamabi urteko kontratuaren epea bete zenean, soilik alokairuan bizitzen jarraitu ahal izango genuela ikusi genuen», adierazi du Cañadak. Orduan, Alokairuk etxebizitzen kudeatzaileekin negoziatu zuen kontratu luzapenak urtez urte izan beharrean bost urtekoak izan zitezen. Hurrengo urteetan plataformak lan ildo bera mantendu zuen.
2016an egoera nabarmen aldatu zen. Testa Residencial higiezinen enpresak eskuratu zituen Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak, eta alokairuen prezioek gora egin zuten. «300 euro ordaintzen hasi ginen, eta batez beste 800 euro ordaintzera pasa gara. KPI indizearen araberakoak dira alokairuen prezioak, baina ordaindu beharrekoak gora egin duen bitartean, familia askoren soldatak berdin mantendu edo jaitsi egin dira. Ezin izan ditugu etxebizitzak erosi, baina hipotekatu gara. Guk biok 200.000 euro baino gehiago ordaindu ditugu 21 urtean. Ez da ahaztu behar alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak direla. Estatuko garestienak Bentaberrin daude», azpimarratu du Txominek.
Duela bi urte Blackstone inbertsio funts estatubatuarrak erosi zuen Testa Residencial higiezinen enpresa, eta 2028tik aurrera etxebizitzek babes ofizialeko izaera galduko dute. Horrek bizilagunen egoera kaltetuko duela esan du Cañadak: «Kontratuak bertan behera utzi ahal izango dituzte, eta alokairuak nahieran igo. Eusko Jaurlaritza garaiz dabil arazoa konpontzeko.
Horretarako, Blackstone funtsarekin eseri eta negoziatu beharko du». Hain zuzen ere, Blackstone funtsarekin beste herrialde batzuetan sorturiko liskarrak Donostian ere ikusi ahal izango direla uste du Txominek. «Eusko Jaurlaritzak zer egingo du kaleratzen bagaituzte? Bizilagunak ahal dugunera arte mugitu gaitezke, baina erantzukizuna erakunde publikoena da. Kasu honetan, Jaurlaritzarena eta Donostiako Udalarena».
Bentaberriko 510 familiak auzoan geratzea da Alokairuren gaur egungo helburu nagusia. «Ez dugu ezer oparitzerik nahi, soilik duguna mantentzea gustatuko litzaiguke», nabarmendu du Txominek. «Hiriaren arazoa da, eta auzoa pikutara joango da irtenbiderik ez bada adosten. Hemengo ostalariak guri esker bizi dira. Hemen bizitza dago eta mugimendua dago. Guk egin dugu auzoa».
Beste 300 familia, arriskuan
Kaleratzeak Stop taldeak asteartean jakinarazi zuen Azora higiezinen funtsak Inmobiliaria Vascongada erosi duela, eta Donostian bizi diren 300 familia etxegabetzeko arriskuan daudela. Asteazkenean, berriz, prentsa agerraldi bat egin zuten udaletxearen ondoan, xehetasun gehiago emateko. Hortik gertu dago Vascongada higiezinaren egoitzak, Ijentea kaleko 2. zenbakian.
Hain zuzen ere, bihar, otsailaren 15ean, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute egoitza horren aurrean. «Vascongadari eta Azorari ez diegu aukerarik emango maizterrak kanporatzeko eta alokairuak espekulatiboki handitzeko», adierazi du Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaile Rosa Garciak. Udaletxean dozenaka maizterrek sinaturiko idazki bat erregistratu dute. Idazki horren bidez Donostiako Udalari afera honen berri eman, eta kaleratzeak saihesteko lan egin dezala eskatu diote.
Azora funtsak 2013an babes ofizialeko 3.000 erosi zituen Madrilen, eta maizter gehienak kanporatu zituen errentak %100 baino gehiago igo ondoren. «Bartzelonan berdin jokatzen ari dira, eta orain Donostiara iritsi dira, negozioa egiten jarraitzeko», azpimarratu du Garciak. Azorak eskuratu dituen etxebizitza gehienak Grosen daude, Bermingham, Galtzada Nagusia eta Zabaleta kaleetan, besteak beste. Gehienak alokairu zaharrekoak dira –600 eta 800 euro artekoak–, baina badira garestiagoak ere.
Asteazkeneko agerraldian Laura Fernandez gazteak parte hartu zuen. Grosen bizi da pisukide batekin, eta hilero 1.600 euroko alokairua ordaintzen dute. Duela gutxi, ordea, Vascongadaren burofaxa jaso zuten jakinarazteko dagoeneko ez dietela berrituko kontratua. «Vascongada hutsik uzten ari zen etxebizitza asko, Azoraren iritsiera prestatzeko. Isileko etxegabetzeak egin nahi dituzte», salatu du Kaleratzeak Stop plataformak. «Bankuek egiten dituzten kaleratzeen aldean, desberdinak dira, legezko oinarri bat dutelako. Maizterrek beren gain hartu ezin dituzten alokairu prezioak jartzen dizkiete. Vascongada enpresak ez ditu kontratuak luzatu bazekielako etxebizitzaren azken legearen arabera zazpi urteko epea zabalduko zela. Horren ordez, kontratuak eten, eta enpresa funts putre bati saldu diote».
Vascongadaren gutuna jaso eta etxea utzi duten familiak asko direla uste du plataformak. Horrela ere, beste asko «borrokatzeko prest» daudela nabarmendu dute. Orandik ez dute etxegabetzerik egin, kontratuen bukaera adierazteko gutunak soilik bidali dizkiete bizilagunei. Etxegabetzeak goiz edo beranduago iritsiko direla aurreikusten du Kaleratzeak Stop plataformak. «Espainiako funts horrek 13.000 etxe inguru kudeatzen ditu, eta Madrilen zein Bartzelonan nola jokatu duen ikusita, bizilagunak gerta daitekeenerako prestatzen hasiak dira. Ez ditugu kaleratzeak onartuko».
Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]
Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]
Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Nafarren %68,3 biltzen dituzten 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko dituela aditzera eman du Begoña Alfaro kontseilariak. Albistea begi onez hartu arren, EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke herrietan “hutsik dauden etxebizitzak bizigarri” egitea... [+]
Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak. Tentsio handiko eremu izendatu nahi dituzten udalerrien artean daude, besteak beste, Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Corella, Noain, Cintruénigo, Baztan eta Altsasu... [+]
Berakah fundazioa “baliabiderik ez duten pertsonei laguntzeko” sortua bada ere, aurten familia bat baino gehiago kalean utzi du. Urriaren 31n izan da azken etxegabetzea, Gasteizko familia bat kaleratu dute parrokoak etxegabetze demanda firmatu ostean.
Tentsiopean dagoen eremuko 24 udalerritan mugatuko dituzte alokairuen prezioak, Angelun, Baionan, Donibane Lohizunen, Hendaian, Miarritzen, Uztaritzen eta Ziburun, besteak beste.
Plataformak gida bat aurkeztu du maizterrek iruzurrezko kontratuak dituzten ala ez egiaztatu dezaten.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]