“Ilustratzaileak ez du zertan egin testuak esaten duena”

  • Antton Olariaga eta Joseba Larratxe Josevisky aritu dira solasean eta elkar zirikatzen, Zerukotik lurrekora zikloko 100 urte, ehunka irudi saioan. ARGIAn argitaratu dituzten ilustrazio ugari pantaila handian ikusi ditugu, luxuzko azalpen eta iruzkinek lagunduta.


2019ko maiatzaren 23an - 11:17
Joseba Larratxe eta Antton Olariaga. Argazkilaria: Dani Blanco

Zeruko Argiarako marrazkiak egiten hasi zen garaia gogoratu du Antton Olariagak, nola bidaltzen zituen postaz, “jakin gabe zenbat eta zein tamainatan publikatuko zituzten”. Txistea edota ilustrazioa bidaltzea, aintzirara harri bat botatzearen parekoa zela azaldu du, “uhinen gisan haren eragina hedatuko zen esperantzaz”.

Ilustrazioen atzean dagoenaz hitz egin du Olariagak: garai bakoitzeko estiloaren eragina, keinu kulturalak, testuinguruaren ezagutza… Pintadei buruz, zentral nuklearraz, poliziaz, irakasle ez numerarioen borroka luzeaz, politikaz, masturbazioaz, Beatlesez, aizkolari lehiaz… marraztu du ARGIAn Olariagak. Garai bakoitza erretratatzen duten irudiak dira eta ironia handiz azaldu dizkigu.

“Ilustratzaileak ez du zertan egin testuak esaten duena; testua txarra bada, forentse lana egin dezake marrazkilariak”. Hori bai, “funtsezkoa da testuaren tonua errespetatzea, konplize izatea. Testua dramatikoa bada, keinu serioagoa egingo duzu; testuaren tonuak baimentzen badu, umoretsuagoa…”.

Margaret Thatcherren karikatura, satisfakzio txiki hori

Zentsura grafikoa azpimarratu du Olariagak: irudia irakurlearentzat abstraktuegia edota ausartegia izango den beldurrez norbere buruari aplikaturiko zentsura. Teknikaz ere aritu da, eta satisfakzio txikiez: “Adibidez, Margaret Thatcherren karikatura egitea, sugeak buruan, Medusaren pare”.

Larratxeren galdera zirikatzaileei ez die ihes egin usurbildarrak. “Ilustrazio honetako espazio zuri zabalak adiera metafisikoren bat du ala lan gutxiago egiteko aitzakia da?”, Larratxek. “Alferkeria, argi eta garbi”, Olariagak. “Marrazkietan irakurleaz barre egiteko lizentzia hartzen al duzu?”, Larratxek. “Hasteko, galdera da: bada irakurlerik? Nik disfrutatzeko egiten dut lan, eta nola beste aldean dagoena ez dudan ikusten eta ez dugun feedback handirik, isiltasunaren aurrean bake santua! Ez badu zaunka egin, hain gaizki ez dagoen seinale”.

Nabarmendu ditu, azkenik, ARGIAk ateratako sagardo posterretan egin dituen ilustrazioak, Jakoba Errekondoren aldamenean Altza Porru komiki-liburuan eta Landareak lantzen agendan buruturiko lana, eta Kike Amonarrizen txiste-liburuetarako marrazturikoak. Bide batez, Amonarrizen txiste pare bat kontatu dizkigu.

“Gaizto jartzen naizenean disfrutatzen dut gehien”

2012ko urtekarian egin zuen ARGIArako bere lehen marrazkia Joseba Larratxek. “Komikigintzatik nator eta lehenengo marrazki haietan asko nabaritzen da komiki usaina. Gerora, marrazki errealistagoak egiten joan naiz, komikirako joera hori gainditzeko, eta helburua izan da argazki bihurtu ezin daitekeen ilustrazioa lortzea”. Gainera, ARGIAn “gai inportanteak” marraztu behar izan ditu, “eta ni, beste argitalpen batzuetan, gai xaloagoetara nengoen ohituta”.

Marrazketa digitalaren argi-ilunak azaldu ditu, bere zirriborroak eta marrazketa prozesua erakutsi dizkigu, Larrun hilabetekarirako azaletan egiten duen lanaz aritu da eta aitortza bat egin digu: “Onartzen dut gaizto jartzen naizenean disfrutatzen dudala gehien, irakurlea deseroso jartzen dudanean”.

Kolorea narrazio-tresna gisa erabiltzen duela adierazi du, eta kontatu digu ordenagailuan “Inspirazioa” karpeta duela, beste batzuen irudiz betea, ideiak hartzeko besteen lana kontuan izatea beti baita ona: “Marrazkilariok esan ohi dugu, kalkatzen ez da ezer ikasten, baina kopiatzen asko ikasten da”.

Tartean, Olariagak ere egin dizkio galderak Larratxeri, eta kazetariarekin izan beharreko hartu-emanaz eztabaidatu dute, baita marrazkiaren indarraz ere, besteak beste.

Amaieran, Asisko Urmeneta eta honek ARGIAn egin duen lanen bilduma txiki bat pantailaratu dute, marrazkilari nafarra omendu asmoz.

Argazkiak: Dani Blanco


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-20 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


2019-12-20 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-19 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-13
Astean asteko historia
2018ko apirilaren 27a


2019-12-12 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
1990eko martxoaren 11

2019-12-04 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2013ko urriaren 13a

Eguneraketa berriak daude