Rotter Himmel pelikula

2023ko irailaren 30ean - 09:15
Azken eguneraketa: 06:56

Zinemaldiaren zortzigarren egunean, erritual eta mistizismo zantzu oro galdu du zinemak. Jadanik, errutinaren parte bihurtu da esperientzia zinematografikoa: akreditazioa jantzi, aretoko langileak agurtu eta eserlekura zuzen-zuzenean. Magiarik ez, tramite hutsa da. Gaur, ordea, ohi baino goizago bertaratu naiz aretora, hainbat aldiz baieztatu dut sarrera eskura nuela eta irrikaz itxaron dut pantaila piztu arte, antzezleen izenak, letra gorriz, iragarri diren arte. Gaur izan dut Christian Petzolden film bat pantaila handian ikusteko lehendabiziko aukera, Perlak sailaren programazioaren baitan.

Alemaniako kostaldeko etxaldera uda igarotzera doaz Felix (Langston Uibel) eta Leon (Thomas Schubert) lagunak, bata argazkilaria, bestea idazlea. Haien proiektuetan lan egiteko kalitatezko denbora bila doaz, baina desiratutako giro lasaia urratuko du Nadjaren –Petzolden aktore kuttunetako bat den Paula Beer– agerpenak. Liburu berriaren idazketa lanak eta gehiegizko zekenkeriak itsututa, mundua kontra jarri zaiola sinetsiko du Leonek, bere inguruan gurutzatzen diren desio begiradei eta lagunen asmo onei entzungor eginda. Giroa berotzen doan heinean, Leonen barneko garrek pizturik iraungo dute ingurua mehatxatzen duen baso-sutearen goria igartzen den arte.

Rotter Himmel sarkorrak ezinbestean gordetzen du Rohmerren zinematografiaren oihartzuna. Baita, nire begietan, Dan Sallitt estatubatuarraren Honeymoon-en antza ere. Izan ere, galdetuko balidate zer gertatzen da Rotter Himmel-en, hurrengoa litzateke nire erantzunik zintzoena: ezer ez. Edo, behintzat, ezer gutxi. Elkarrizketak, paseoak, afariak, elkarrizketak, paseoak, afariak, elkarrizketak… Gidoi trinkoan oinarritutako antzezlan magnetikoek sostengatzen dute oso-osorik filmaren jario hipnotikoa.

Zentzu horretan, ponpa handirik ez du behar Petzoldek trama sarkorra eraikitzeko. Bere filmetan ohikoak diren misterio eta mamuak uxatzen ditu oraingoan, apaindura argumentalen estalkia kenduta, zinema garaikideko kontalaririk trebeenetarikoa dela agerian utzita.

Bidasoa 2018-2023

Aurkezpen gutxi behar dituzte Bidasoa 2018-2023 dokumentalak eta bere zuzendariak, Fermin Muguruzak. Azken urteotan Bidasoako mugan gertatu –eta eraikitakoaren– argazki fidel eta gertukoa eskaintzea du helburu Zinemira sailean aurkezten denak. Horretarako, animazioaz, testigantzez eta, nola ez, musikaz baliatzen da.

Esan genezake hiru ideia nagusiren bueltan eraikitzen dela dokumentala. Lehena, "hiltzen duen ibaia" izenburu probokatzaileen aurka, ibaiak hiltzen ez duela aldarrikatzen du Muguruzak. Aldiz, politika arrazistak eta poliziaren 0kolore guztietakoen– jazarpena seinalatzen ditu hiltzailetzat. Izan ere, Santiago zubia beste edozein irundarrek bezala zeharkatu ezin dutelako hartzen dituzte migratzaileek bide arriskutsuak; haien artean, ibaia.

Bigarrenik, muga gurutzatzen saiatzen diren horien duintasuna berreskuratzeko hautu irmoa egiten du filmak. Hainbatetan, haien gizatasunaren aitortza ukatzen zaie pertsona migratzaileei, "immigrante" etiketaren azpian beste ezer egongo ez balitz bezala. Zentzu horretan, 2021ean Bidasoan bizitza galdu zutenen memoria zaintzeko konpromisoa hartzen du filmak, haien izenek eta historiek rol zentrala hartzen dutelarik.

Azkenik, ibaia elkargune eta bizitza-iturri dela azpimarratzen da; ez hori bakarrik, borroka anitz eta elkartasun sakon bezain zabalen sehaska ere badugu. Horren ordezkari dira ibaiaren bi ertzetan lan egiten duten Harrera Sareko eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboetako kideen hitzak. Azken horiek, zein beste hainbatek, egindako lan konprometituaren emaitza bezala baino ezin daiteke ulertu Bidasoa 2018-2023.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


2023-10-01 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 9.eguna
Miresmenaren ikertzaileak


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


2023-10-01 | ARGIA
‘O Corno’ galegozko filmak irabazi du Urrezko Maskorra

71 ediziotan lehen aldiz, euskal herritar emakumezko zinegile baten lanak eskuratu du sari nagusia. Jaione Camborda donostiarrak jaso du Urrezko Maskorra; laugarren urtez jarraian, emakumezkoa da sariduna.


2023-09-29 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia 7. eguna
Bakoitzak urraturik berea

Zinemaren industriak dakarren burrunbak eta nazioarteko izarren distirak (aurten lausoagoa AEBetako gidoilari eta aktoreen greba historikoa dela eta) askotan itzaletara kondenatzen ditu asmo zein iraupenean apalagoak dituzten lanak. Horregatik, gaurkoan, film-luzeen kategoriatik... [+]


2023-09-28 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Transzendentziaren luze-zabalaz

Luzeegiak dira batzuetan Zabaltegi-Tabakalerako emanaldiak, luzeak Zinemaldiko egunak eta, akaso, luzeegia nire gaurko kronika. Ikusitako filmentzat hitz handiak ez badakartzat ere, Tabakalerako besaulkiak Donostiako erosoenak direla jakinarazten dizuet modu ofizialean.


2023-09-27 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 5.eguna
Etxeak eta egunak

Dokumental berrirako lokalizazioak bilatzen ari zela egin zuen topo Martín Benchimolek gazteluarekin, aristokrazia argentinarraren ilunabarraren zantzua. Liluratuta, tokiko jabea ezagutu nahi izan zuen. Modu horretan, eta harriduraz betea, ezagutu zuen azal beltzaraneko... [+]


Eguneraketa berriak daude