Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuak pasa den asteburuan El Diario Vasco egunkarian eginiko adierazpenekin oso kritiko azaldu da Teknikariok sindikatua. “Oso larriak” dira eragine honen ustez Zupiriak adierazitakoak.
Zupiriak larunbat honetan adierazi zuenez, ez du uste kulturak erantzun berezirik behar duenik krisi honen aurrean. Kulturgintzako langile askoren artean hautsak harrotu ditu. “Elkarrizketa horretan gure sektorea mespretxatzen du, gu desberdinak sentitzen garela esanez, gure diru ekarpena ukiezina dela ziurtatuz eta gizarteari sektorearen ikuspegi oso distortsionatua emanez, adibidez, aretoak alkohol-kontsumoarekin lotuz”, adierazi du Teknikariok sindikatuak prentsa-ohar baten bidez.
Ikuskizunetako lan teknikoak egiten dituzten pertsonak batzen dituen sindikatua oso kezkatuta agertu da Zupiriaren beste zenbait adierazpenekin ere, adibidez, Kultura sailburuak “publikoki onartzea biktimak egongo direla”. Era berean, sindikatuari ez zaio “oso errealista” iruditu berraktibazio ekonomikoaz Jaurlaritzako eledunak erakutsi duen ikuspegia.
Gogora ekarri dute teknikariena dela pandemiak gehien eragiten dion sektoreetako bat, esparru horretako jarduerak %80 gutxitu direlako eta ekitaldiak bertan behera geratzen ari direlako etengabe. “Jarduera beste batzuei bezala berreskuratzen utziz gero, ez legoke hainbeste biktimarik. 18.000 lagunentzako espazioetan 400 pertsona baino gehiago sartzen dira, segurtasun osoz”, adierazi dute, gaineratuz gaur egun autobusetan jende gehiago sartzea baimenduta dagoela antzokietan baino.
Euskal Autonomia Erkidegoak kulturan aplikatzen duen osasun-protokoloa aurtengo maiatzekoa dela nabarmendu dute eta hori aldatuko balitz, segurtasuna mantenduz aretoen edukierak handiagoak izan litezkeela uste dute. “Ez genuke gutxi erabilitako auditoriorik edo BECeko pabilioi hutsik edukiko, ikuskizunak errentagarriak izango lirateke eta ez litzateke hainbeste biktimarik egongo”, azaldu du Teknikariok-ek.
Jaurlaritzako Kultura sailarekin hitz egin dutela ere argitu dute prentsa oharrean, helarazi dizkiotela beste leku batzuetan indarrean diren segurtasun-protokolo eguneratuak, baina jaso duten erantzuna, sindikatuaren arabera, izan da “maiatzean lan asko egin zutela” gai horren inguruan eta ez dela protokoloa aldatzeko momentua.
Sektoreak bizi dituen beste arazo batzuk ere zerrendatu dituzte, hala nola, kultur alorreko lan askok ez daukatela epigraferik jarduera ekonomikoetan. Hori sortzeko eskatu dute eta honakoa erantsi: “Modu honetan, titularrak betetzeko erabili dituzuen laguntzak jaso ahal izango genituzke eta 2.500.000 euroen %9 baino gehiago gastatuko litzateke. Gainera, laguntza horiek (Estatukoekin bateraezinak) Estatukoak baino lehenago atera izan balira, kobratu ahal izango genituzke, eta ez litzateke hainbeste biktimarik egongo”.
Sektorearen zenbaki batzuk ere oroitarazi dizkio Zupiriari sindikatuak: “Urtean 762 milioi dira EAEn zure sailaren datu ofizialen arabera, BPGaren %3,8. Praktikan eragina handiagoa da langileok arte eszenikoez gain mitin politikoetan, biltzar medikoetan, industria-azoketan eta abarretan egiten baitugu lan”.
Vocento taldeko egunkariak publikatutako elkarrizketan sailburuak digitalizazioaz esandakoei buruz, aldiz, sindikatuak azaldu du ez duela ulertzen zer proposatzen duen EAEko Gobernuak: “Zuzeneko ekitaldiak presentzialak dira, inoiz ez dira digitalizazioarekin ordezkatuko, eta digitalizazioak ez du lanera itzultzea erraztuko; gainera, ziurrenik, ekitaldi bakoitzeko lanpostuak murriztuko lirateke”.
Bizi duten muturreko egoeraren erakusgarri, Gobernuz Kanpoko Erakunde bat sortu behar izan dela azaldu du Teknikariok-ek (AAA, Actúa Ayuda Alimenta), pandemiaren aurkako neurriengatik krisi sakonean murgilduta dagoen kultura-sektoreko eta sorkuntza-industrietako profesionalei laguntzeko. Hori eta bertan behera geratutako ikuskizunen %80 dira sektorearen errealitatea gaur egun Teknikarioken arabera eta ez Jaurlaritzako bozeramaileak asteburuan azaldutakoa.
Artistaren Estatutua eratzeko sortutako azpibatzordearen txostena onartu zuen 2018an, aho batez, Espainiako Diputatuen Kongresuak. Hamarkadetako eskaerei erantzuten die txostenak, eta abiapuntu garrantzitsua da. Euskal Herriaren hegoaldean ere aspalditik ari dira kultur... [+]
COVID-19ak ekarri digun egoera guztiz ari da aldatzen kultura, tartean, artea eta sorkuntza. Neurriak ez dira sektore guztietan berdinak izan eta antzerkiari zauri ugari ireki dio. Komatik esnatzen ari bada ere, arte eszenikoen munduaren barruan denetariko egoerak daude... [+]
Ikuskizunen sektorean aritzen direnen baldintzak salatu dituzte ostegun honetan. Alerta Gorria izeneko ekimena Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izan da.
Pandemiaren ostean ikuskizunetako eta ekitaldietako langileen egoerak okerrera egin zuela ikusita, ekainaren 23an Teknikariok sindikatua sortu zuten sektoreko langileek. Abuztuaren 8an Donostian egindako elkarretaratzean beharginen egoera prekarioa salatu dute, eta erakunde... [+]
Ekitaldi eta ikuskizunetako teknikarien sindikatuak sektoreko profesionalei laguntzeko neurriak eskatu ditu, udako jaialdi guztiak bertan behera geratu baitira.
Ostegun honetan elkarretaratzea egingo dute ikuskizunetan lan egiten duten teknikariek Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Goizeko 11etan beltzez jantzita eta euren lan tresnak eskuan agertuko dira, alarma-egoeraz geroztik bizi duten egoera eta erakunde publikoak... [+]