Ihes egin heriotzari, aurrerantz


2024ko irailaren 26an - 06:00
'Bound in Heaven' (Zeruari kateatuta) filmeko bi aktore printzapalak Kursaalaren atzealdean, Zurriolari begira, asteazkenean. Argazkia: Zinemaldia - Garai Garaialde

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita beldurrezko film bat ere –kronika honen amaieran aztertuko dugu–.

Multzokatu ote daitezkeen galdetu zidaten asteartean Euskalerria Irratian. Nolabaitekotasun batean baietz, nioen. Gaika, emakumearen zapalkuntza eta ahalduntzerako ahaleginak bistaratu dira modu batean edo bestean, istorio aski ezberdinetan, baita zaintza lana ere, emakumeen kargupean irudikatua gainera. Besteak beste, Los destellos, El lugar de la otra eta Soy Nevenka filmak aipa genitzake zerrenda horretan.

Askoz ere gehiago itxi da markoa asteazkeneko hiru emanaldietatik bitan. Eta, horregatik, metafilm-aren aurreko ideia berreskuratu beharko genuke. Elkarren segidan ikusi ditugu heriotzaren aurreko uneen inguruan ardazturiko bi film: Le dernier souffle eta Bound in Heaven, bata frantsesa eta bestea txinatarra.

Fokua aski ezberdina dute, baina biek gordetzen dute mezu bera: azken-azkenetan egonda ere, bizi egin behar da.

Bound in Heaven

Has gaitezen Bound in Heaven (Zeruari kateatuta) filmarekin, bestearekin ranking batean ipini beharko bagenu, txinatarra ipiniko bainuke gorago. Oso interesgarria izan da. Estreinako film luzea du Xin Huo zuzendariak, eta maila aparta eman du. Jendea harrapatzen jakin du, eta jakingo du Zinemalditik aparte ere.

Ez da oso originala izan, hala ere, pertsonaien sorkuntzan. 30 bat urteko emakume erakargarri bat da protagonista, bizi-eredu egonkorra eta ekonomikoki ona duena, senarrarekin bizi dena. Gizonak bortizki kolpatzen du, eta horixe da tipo horretaz dakigun gehiena. Gero, emakumeak beste gizon bat ezagutuko du kalean, ekitaldi handietarako sarreren birsalmentan aritzen dena, eta egoera prekario samarrean bizi da. Bada, imajinatuko duzuenez, bigarren gizon horrek sortzen dio lilura emakumeari –ulergarria, jatorra eta umila baita–.

Kontua da gizon berri horrek gaixotasun terminal bat duela. Ez dugu oso ondo jakingo zer, ez baita medikuarenera joaten; izan daiteke ez duelako dirurik, baina ez dirudi nahi duenik ere. Gertu du herio, baina ezin egin aurreikuspenik. Hil arte bizi behar dela dioen leloa ondo baino hobeto jartzen du praktikan. Nahi –edo ahal– duen guztia egiten ahaleginduko da, emakumeak lagunduta, bere osasuna muturreraino eramanda. Maitasun erromantiko handia erakusten duen pelikula da, baina erabat aproposa eta ondo landua dago, gehiegikeriazko erromantzearen islatze horretan jausi gabe.

Istorioaren kontakizuna hartuta, tristea ematen du filmak, eta horrela da, baina badu baikortasun mezu indartsua ere. Horrek egiten du, akaso, hain gogorra izatea. Argazki ederra du pelikulak, irudi eta soinuaren konbinazioa ederra da, eta bereziki interesgarria egin zait Txinaz ematen duen irudia. Oso bestelakoa den irudikapena izan dut, askoz ere kaletarragoa eta errealagoa denaren sentipena, inoiz Txinan egon ez den baten irudiko.

Film ederra da, eta sentsazioa dut sorpresa eramango duela ikus-entzule orok, esperoko dena baino are ederragoa delako pelikula.

Le dernier souffle

Goazen bigarrenarekin.

Maisulana egin du Costa-Gavras zinegileak. Zinema politikoa eta konprometitua eginikoa da zuzendari greziarra, eta orain ere asmatu du alineazio hori erakusten, 91 urte dituela, Le dernier souffle (Azken hatsa) pelikulan. Gustatzen ari zaio publikoari, hala sumatzen da korridoreetako komentarioetan, eta Kursaaleko areto nagusian ere horrela nabaritu dugu, nahiz batek baino gehiagok begiak itxi dituen eta hor nonbaitetik entzun den zurrunga txikiren bat... Seigarren eguna da eta bazkalaurreak pisatzen du.

Costa-Gavras zinegilea Donostian / Argazkia: Zinemaldia - Jorge Fuembuena

Zaintza paliatiboaz hitz egin du Gravasen pelikulak, mediku-ikuspegitik. Pazienteak ere ageriko dira, jakina, baina bi protagonistak bata jantzia ageriko zaizkigu. Fabrice Toussaint idazlea da printzipala. Makina bat liburu idatzitakoa da medikuntzaren inguruan, zientzia ikuspegi humanotik landuta, eta zaintza paliatiboen eremuan murgilduko da orain, liburu berria idazteko, espezialitate horretan aditu den Augustin doktorea gidari hartuta. Baina Fabricek ez ditu soilik liburuaren idazketari dagozkion galderak eta kezkak izango; hastapeneko fasean daukan orban txiki bat topatu berri diote sabelean. Isilpean darama, emazteak bakarrik daki notizia.

Bizitzaren azkenetan diren paziente mordoa ikusiko ditugu, eta etorri bezala joango dira. Horrek egiten du berezi pelikula. Txandaz txanda, telesail bateko kapituluak bailitzan, gaixoa eta haren familia ezagutuko ditugu, eta behin haren kasua bideratzean, hurrengo pazientea jarriko zaigu parean. Baina ez da inola ere Grey’s Anatomy edo horrelako ezer –maitasun afektibo esporadikorik ez dagoelako, hasteko–.

Paziente bat, mundu bat. Medikuak pazienteari edo bere familiari ebidentziak, egi osoak, egi-erdiak edo gezur-erdiak esateaz ere mintzo zaigu pelikula, baita ere, jakina, heriotzaren beldurraz, onarpenaz... Azken hatsa ematera duintasunez iristeaz.

Mantsoa eta gogorra da filma. Erraz jarrai daiteke haria, baina horrek ez du esan nahi ez denik norbera prestatu behar pelikula ikusteko. Dena dela, eta horretan bikain asmatu du Gavrasek, film baikorra da Le dernier souffle.

El llanto

Guztiz bestelako pelikula: beldurrezkoa, telesail tankerakoa eta ez hain ona, baina ikusteko modukoa.

Amazon Prime plataformaren Espainiako delegazioak aurkeztu du udazkeneko haien produktu handia: El llanto (Negarra). Sail Ofizialean ari da lehian. Zinemaldiko buru Jose Luis Rebordinosen burutazio horietako bat, beldurrezko film bat Urrezko Maskorrerako lehian ipintzea. Ez da erabaki txarra, ez baita hain ohikoa. Pelikularekin asmatu behar da, ordea.

Goizeko 08:30eko saioak ez du jendea erakarri. Sarreren laurdena saldu bada, gaitz erdi. Antza, beldurra dago beldurrezkoari, edo orduak ez zuen laguntzen... Baina egia esan, ez da hain beldurrezkoa izan. Trailerrak engainatzen du apur bat, badirudielako tentsio askoko filma dela... Baina zer demontre, horretarako daude trailerrak, jendea erakartzeko.

Filma antolatzeko modua gustatu zait: hitzaurrea, bi zati handi eta epilogo bat ditu. Istorioaren trama nagusia lehen zati handi horretan esplikatzen da, eta bigarren trontzoan sakondu eta hari-muturrak lotu.

Egun batetik bestera, Aurora (Ester Expósito), 20 bat urteko gaztea, ezagutzen ez duen adineko gizon bat ikusten hasiko da, berari segika balego bezala. Era makabroan gertatzen zaio, beldurra ematen du, misterio hutsa da: bideo eta argazkietan soilik ikusten da, ez giza-begiz, eta ez da hain kalitate onean ikusten. Baina argazkietatik harago doa tipo zahar horren kontua, ez baitu soilik beldurra emango, baizik eta pertsona bat hilko du. Aurorak soilik ikusiko du gertakaria, eta, terrorezko pelikula askotan gertatzen den bezalaxe, inork ez dio sinetsiko biktimari.

Lehen trontzo horretan, apurka-apurka misterioan sakontzen joango gara. Aurora adoptatua da, sortzez Argentinako La Plata hirikoa, eta bere ama pelikula hasi baino hilabete lehenago hilko da. Aurorak ez zuen bere berririk, oraingo gurasoek aitortzen dienez, ez zelako “komeni” ezagutzea. Horra beste misterioa. Filmak atzera egingo du, Auroraren amaren gaztarora; horixe da filmaren bigarren trontzoa.

Filma ez dago gaizki, entretenigarria da, eta pantaila handian ikusteak merezi izan dezake benetan soinu eta irudi ederrak dituelako, bereziki filmaren bigarren partean. Hala eta guztiz ere, bistan da, eta sumatzen da, plataformetara begira egindako pelikula dela. Eta pixka bat luzeagoa eginez gero, telesaila izan zitekeen lasai asko. Gainera, baditu sinesgarriak ez diren hainbat eszena, baita esperoegiak diren zenbait pasarte ere, eta horiek ez diote gehiegi laguntzen filmari.

Ester Exposito aktorea, El llanto-ko fokuak bereganatu dituena.

Filmari lagunduko diona, ziurrenik, Ester Exposito aktorearen presentzia izango da. Filmaren azaleko argazkian azaltzen da, baita orain arte zabaldu dituzten fotograma guztietan ere. Eta, berak esana da, bere film genero gustukoena dela terrorea. Prentsaurrekoan ere horrelaxe esan du. Eta prentsaurrekoan, berari esplizituki zuzentzen ez zitzaizkion galderak ere erantzun ditu. Alboan zuen Mathilde Olliver, amarena egiten duena; ordu erdiko prentsaurrekoan minutu bat hitz egin badu, gaitz erdi.

Kritikak kritika, asteburu batean tartea hartu eta ikusi nahi baduzue, ziur entretenituko zaituztetela filmak. Zine-aretoetan emango dute lehenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude