Donostiako estropaden bigarren jardunaldi eguna hondakinen errausketaren aurkako mobilizaziorako unea ere izan da azken hamarkada honetan, urtero Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako hiriburuko hondartzan antolatzen duen giza katearekin. Aurtengoa ere herritarrei erraustegien kontrako beren protesta azaltzera hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek, "hondakinen arazoa gero eta larriagoa eta zabalagoa" dela ohartaraziz dute.
Igande honetan, irailak 11, goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik abiatuta Kontxako hondartzan burutuko den mobilizaziora aurten Bergarako Larramendiko Arnasa ere batu da, Jaurlaritzak baimena eman duelako Gipuzkoan hirugarren errauste planta bat eraikitzeko: geldiaraztea lortzen ez bada, Zubietako erraustegiaren eta lehendik Añorgan porlana ekoizteko estakuruz hondakinak erretzen dituen Rezolarenaren ostean, Larramendikoa gerta daiteke hirugarren errausketa-labea, mobilizazioaren antolatzaileek oroitarazi dutenez "azken urtean jakin delako Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela".
Mobilizaziorako deia zabaltzeko prentsaurrekoan, EAMeko militanteek salatu dute: "Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatu behar da, Tapia legea-ren bidez haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen baitio, herritarren eta udalen iritzien eta arauen gainetik pasata". Eta egitasmo honen ondorioez ohartarazi dute. "Erraustegi honek urtean 592.000 tona gas klima larrialdi areagotzen dutenak, 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astunak, dioxinak sortuko ditu, besteak beste".
Eta Zubietan azken urteotan jada hiri hondakinak eta bestelako zaborrak kiskaltzen ari den erraustegiari dagokionez, AEMeko kideek oroitarazi dituzte instalazio horietan gertatutako istripuak, hainbat kutsadura oraindik argitu gabeko eragin dituztenak: "Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da, bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak honek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitaterik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean, hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekako kutsadura oso larria antzeman zela eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik", salatu dute ohar bidez, datorren igandeko giza kateko deitzaileek.