Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari kasu gutxi egiten dio. Doinuak dauka harrapatuta, eta Belakoren eta Anariren arteko kolaboak, jakina. Flow hori, alegia. Zerbeza laten hotsak... Fantasia galanta.
Aspaldian ez zuela sentitzen gorputzean halako urduritasunik. Laugarren eguna Durangon, azokaren azkena ziur, eta Ametsekin duen harreman-edo horren auskalo-zenbagarrena. Beste askoren hasiera baino ez, espero. Baina espero, gauza asko esperotzen dira.
Ta sinatuko nuke / iristear da latzena / iristear da latzena... Saltatu dio Errimek, Youtuben.
Gaur bai. Gaur esan dio amari Durangora joango dela, lagun bat egin duelako han, musika eta literatur zaletasunak partekatzen dituztela... Eta, amak nola esango dio, bada, ezetz, halako amistadeei. Horrekin ere jokatu du Iraitzek. Baita ere atzoko egun ederraren poztasuna norbaitekin partekatu beharra zeukala, baitezpada, barnean lehertuko zitzaion-eta bestela.
Dutxatik irten eta ama marmarrean sumatu du egongelan. Argi txikia piztuta eta gerturako lentejuelak ipinita, periodikoa leitzen eta irratia piztuta, kantu anglosaxoi ustez super-alai baten giroan. Zeinak ez duen batere koadratzen bere aldartearekin.
"Zer, ama?", galdegin dio Iraitzek egongelara gerturatzen joan ahala. "Duela 16 urte eta zazpi egun", apuntea berak. Hil zela Mikel Laboa, alegia –geroago jabetu da Iraitz, hori esanda, nori buruz ari zen ama–. Tartean Euskararen Eguna egokitu dela-eta, gauzak zein gutxi aldatu diren, kamarada, esan eta esan ari da. "Ez dugu ikasten". Bizkarsoro egiten dugula dio [“nortzuk? euskaldunok”], baita Euskararen Egunean euskal telebistaren euskarazko katean ere eman genuela [“ez nekien nire ama ETBko arduraduna zenik!"], baina aldi berean etxe barrukoari egiten diogula konpetentzia, Tasio ipinita ETB2an. Ah, eta erdaraz egina izan zelako pelikula hori, polemikatxoa izan zela, antza. "Garaiko kontuak", pentsatu du Iraitzek. Baina, boz goran, "ya, bai, arrazoi duzu ama" eta "betikoa da" esatetik harago ez da joan. Amak dio, finitzeko: “Sekulabelardiko kantariak burua altxako balu...”.
-Bueno... Trenera noa, bai?
-Bai, maitia, ondo segi. Ondo pasatu. Eta ez etorri berandu, bihar eskolara joan behar d...
-Baieeetz.
Muxu eta agur.
Aurikularrak jantzi ditu ezkaratzera iristerako. 10:30ak pasatxorako, Durangoko geltokira iristen denerako, han izango du zain Amets. Azken eguna dute elkarrekin Durangoko Azokaren fantasian. Ze, amak esan bezala, bihar eskolara. Eta eskolak ez du fantasiarako tarterik uzten.
Baina DA, fantasia da esango luke bateren batek [aurreko urteko edizioko leloa, lelodun hitz-jokoei kasu zipitzik egiten ez dien leloentzat]. Fantasiosoa da azokako ingurumaria, egia esan, bai. Urtero-urtero erreal bihurtzen den fantasia. Eta, hein berean, bigarren urtez jarraian, fantasia hori errealki erreproduzitzen ari da BaDAbil! podcasta. Lastima, Iraitzen aburuz, bertan jorratutako gaiek ez dutela bestelako sona berebizikorik bere inguruko lagunen solasaldi informaletan, ezta familia artean ere. Zer liburu erosi duzu-tik harago, alegia, asmo kolekzionistez gain, ez baita bestelako eztabaida sakonik izanen. Eta kolekzionista txatxu horiek, azkenerako, Leroy Merlinera joanda ere konformatuko lirateke; bildumazale porrokatuek merke-merke dituzte han, bada, “artelanak” eta “obra artistikoak” –kopiak, esan nahi baita–, lumazko kuxinen alboan, hamahirugarren korridorean.
Enpin. Jaitsi. Hala egin du Iraitzek, gogoetak albora utzita.
Errealitatea da Hiru Damatxo ekoiztetxekoek geldi egon ezinean dabiltzala makineria prestatzen zuzeneko BaDAbil! emisioa egiteko, ordubeteko tartea eman baitiote eta muntatu eta desmuntatu, berez patxadatsuago egin nahi lukete. “Batzuk, beti, itolarriz”, esan dio baxu-baxu Ametsi, eta bere ama marmarti maneran nola sentitu da une batez bada ere. Kuriosoa da itolarriz aritzearena Durangon, zeren basamortuan normalki itolarri dabilen kultura eta kulturgileak azokaren fantasia patxadatsu eta jendetsu batean elkartzen dira urtero, oasi bat eraikitzen duelako jendeak hor, hala nahi duelako, akaso gabonaurreak ere hala eskatzen duelako, e... baina parakaidista moduan bertan erori direnak, beren ohiko lana egitera joan direnak, ez saltzera alegia, ezin arnasestuaz libratu. Ordubeteko tarte tekniko estresagarria ustez programa patxadatsu eta gogoetatsu bat egiteko.
Horixe da horretan dedikazioa jarria duenaren eguneroko ogia. Horretan egin du azpimarra Beñat Sarasolak BaDAbil! podcasteko mahai inguruan, nahiz berak beste ofizio bat duen bizibide. Hizlari-kide izan ditu Amancay Gaztañaga eta Idoia Asurmendi, eta adostasuna adierazi diote. "Idaztetik soilik bizitzea ia ezinezkoa da; mila lan egin daitezke hori osatzeko, baina hala ere oso zaila da", esan du Sarasolak. Artista baten istorioa [Ruper dixit]. Eta horrek bihotzean min bat bai eragin dio Iraitzi; hainbeste amestu baitu egunotan, zer izan nahi duzu handitan? galdera horri erantzungo liokeela itzultzaile, idazle, marrazkilari, komikilari... bihotza uzkurtu dion horrekin.
Sen borrokalaria ere atera zaio, ondoko hau aipatu baita mahai inguruan: jakin behar dela bereizten nor den, esaterako, kontzertu baten antolatzailea, eta musikari moduan jakin behar dela, zaila izanagatik ere, batera edo bestera egokitzen. Hau da, erakunde publiko batek antolatzen badu halako edo halako kontzertu, hari bai eskatu behar zaizkiola duinak diren baldintzak. Eta luze eztabaidatu daiteke duin zer den eta zer ez definitzean, baina ez dira sartu horretan mahaikideak.
Kultura prekarioa dela, alegia. Aurrizki gisa euskal ipinita, are gehiago gainera. Hori argi utzi dute Ahotsenea-Plateruenako antolatzaileek, kontzertu bakoitzaren aurretik ipintzen baitzen "ongi-etorria" emateko introa: euskal kultura, euskara bezala, larrialdian dago.
Negargura. Azokaren azken egun den igande goiz super -hotz, -euritsu, -goibel honetarako ez zen besterik falta, ilusio oro zapuztea baino.
Bada seinale on bat, dena den, azokaren azken egun honetan. Zifrarik orain artean eman ez bada ere, antza, ASKO saldu da aurtengo edizioan. Izango zen batzuen irudiko eta kasurako hori, beste batzuentzako ez... baina, oro har, sentsazioa hori dela heldu zaio Iraitzi. "Telebistak hala esan zuela atzo", esan dio Ametsek, hala komentatu zuela –besteak beste– madalenak egiten dituen bere amak.
Orduan, bada, Beñat Sarasolaren eskakizuna konplitu da. Edo emakumeek beste urtetan baino dezente gehiago erosi dute. Zera zioen Berria-n duela gutxi, Idazle umoa liburu-azokan artikuluan:
Non dira? pentsatu du bere baitarako. Non dira gizonezkoak? Eta, keinu desesperatu batean, haiei zuzendu zaie bere baitan:
Utz itzazue gimnasioak, hasi da erreguka, has zaitezte astean behin sentadilla serieak kentzen eta haren ordez pare bat orrialdetxo irakurtzen. Bigarren astean bost orrialdera irits zaitezkete flexio serieak kentzen badituzue.
Utz itzazue maratoiak. Zoragarria da, baiki, azken kilometroa zuen semearen edo alabaren eskutik helduta egitea baina ez dakizue are zoragarriagoa dela haiek zu liburu bat eskutan ikustea, zure boz eztiz haiei ipuinak irakurtzea.
-Mainstream-a izateaz eta ez izatez ez dira asko mintzatu –bota dio Ametsek, azokatik kanpora irten bezain pronto–, baina gustatu zait podcast saioa.
-Bai, niri ere interesgarria iruditu zait. Goxo eta epel egoten zen, hori ere inportantea da!
-Baina jendearen sartu-irtenak... Pf. Ezin dut jasan jendea horrela ibiltzea. Eta asko izan dira, e.
-Bai, jo. A, eta esaten zenuena, mainstream-arena. Ni ez nago batere ados Gorka Urbizuk zioenarekin –esan du Iraitzek, eta interesante aurpegia ipini–, ez dela mainstream-ik existitzen euskal musikan [elkarrizketa honetan zioen].
-Beno, ni ere ez, baina –eta interesante aurpegiagoa ipini du Ametsek– elkarrizketa horretan bai esaten zuen batzuetan normaltasun batean biziko bagina bezala jokatzen duela euskal kulturaren parte den jendeak, eta tranpa egitea dela hori –bizpahiru segundoko pausa egin du–. Beno, eta ez dakit zer den euskal kultura jendea ere, e. Baina ez dakit. Ez al da kontrajarria aldi berean euskal kultura larrialdian dagoela esatea eta gero batzuk mainstream direla adieraztea?
-Ba niretzat ez. Ez zait iruditzen. Igual mainstream hori ez da auskalo zer mailakoa izango, baina mainstream izan daiteke.
-Eske zer da mainstream izatea ere...
-Ba iruditzen zait, edo beno, uste dut ados nagoela saioaren gidari moduan aritu den Amets Arangurenek esan duenarekin. Hau da, mainstream izatea ez doala ez entzunaldien arabera, ezta zenbat liburu edo disko saldu dituzun ere. Gehiago dela jarrera kontua.
Mainstream, hiztegiaren arabera, korronte orokorra da. Izen anglosaxoi hori baino lehen ere, "denoi gustatzen zaiguna" gisa ezagutzen zen jendartean. Hiru hitz horietan bada subjektu bat definitzen zaila izan dena beti: denoi. Gu. Zer da gu?
Ez da dudarik, dena den, denoi gustatzeko, denekin "ondo eramatea" gutxieneko baldintza dela. Eta, horretarako, harrabotsik ez sortzea da onena. Ze, harrabotsa sortzen duena, ari da baten bat zirikatzen, gizartearen zutabeetako bat ukitzen. Bestela ez litzateke harrabotsa izango. Izango litzateke beste zeozer.
Odei Barrosok adierazpen interesgarri hauek egin ditu Fauna kantari ari da dokumentalean, Badok atari digitalaren 15. urteurrenaren harira eginiko ikus-entzunezkoan:
Fauna baten barnean beti harrabotsik egin gabe bazabiltza, ongi pasako zira. Harrabotsa egiten bazabiltza, aldiz, deserosoa bilakatzen zira. Eta, nik uste dut, fauna deseroso bat osasungarria dela.
Solasaldi interesgarri horren ostean, atzera ere Ahotsenea-Literaturako gunean sartu dira Iraitz eta Amets. Hau da, liburuen aurkezpenak egiten diren plastikozko eta ageri-ageriko bunker kondentsatuan. Honezkero gaixotuta eta ohi baino zoroago bihurtuta egongo da honezkero Behe Bandako jende eroa; hor ari dira, goiz eta arratsalde, espazioaren arduradun lana konplitzen. Eta panfletoak partitzen. Bigarren alea atera dute, Omen, eta, Ogasunari ez esan, trapitxeoan ari dira jende inportanteak ustez liburu inportanteak aurkezten dituen bitartean, jendetza mugiarazten dela baliatuta. Horiek bai direla gauza inportanteak.
Ez zaie negozio ona izan 13:00etako aurkezpena. Alaia Martinek eta Udane Ansak ez dute jende askorik erakargarri. Dozena bat lagun, familia kenduta. Gutxi-edo, kultura zenbakitan neurtzeko joerari segika.
1545 argitaletxe zinez interesgarriarekin kaleratu dute Puf liburua, galdera-liburua. Galderak baino ez ditu, eta horrek, galderak baino ez dizkio sortu Iraitzi. Udane Ansaren ilustrazioek akonpainatzen dituzte Alaia Martinek plazaratutako galderak, galdera filosofikoak, gazte zein helduei bideratuta. Galdera sakonak dira batzuk, azalekoagoak besteak, baita ere absurdoagoak zenbaitzuk, baina itxuraz leloa dirudien horrek izan dezake bestelako irakurketarik.
"Arteak eta sorkuntzak erresonantzia batekin funtzionatzen dute" esanez borobildu du Alaia Martinek konposizioa.
Jota eta flipatuta utzi ditu Iraitz eta Amets.
Literalki, puf bat dira gisa honetako bazkalosteak. F bat baino gehiagorekin, ziur. A ze bajoia. Eta eguraldi goibela oso, txarra, jende gutxi, azken eguna, nekea...
-Donostiara joateko intentzioa dut –eten du isilunea Ametsek–. Filosofia ikastera. Bi urte barru. Gertu geundeke.
-Euskal filologia eta itzulpengintza ditut nik buruan... Gasteizen dira horiek.
-Ya...
-Bai...
-Beno, ba ikusiko gara han edo hemen. Suposatzen dut –amore emandako tonuan-edo Ametsek–.
-Ez, ez gara ikusiko. Ez dugu kointzidituko, eta badakizu –ematen duena baino lehorrago geratu zaio esaldia Iraitzi, eta makillatzen ahalegindu da–. Izatekotan ere oso-oso puntualki ikusiko gara, auskalo non eta nola, eta saiatzen baldin gara, bilatzen baldin badugu. Nahi baldin badugu, alegia.
-Bai, nik nahi dut. Horregatik, benetan, badakit ez zarela askorik fio, baina sinets iezadazu.
-Ez dut ilusiorik egin nahi, hori da kontua.
-Elkartuko gara, benetan. Hitz egingo dugu whatsappetik eta telefonoz ere bai nahi baduzu.
-Badakizu zer gertatzen den? Alaia Martinek bertso-saio honetan zioen moduan: gehien gustatzen zaigunak, beldurra ematen digu.
- ...
-Izutu egiten garela, alegia. Eta ni ez nago izututa, nago ikaratuta. Ez dut zure mezuen zain egon nahi. Ez dut nire burua horrela ikusi nahi, Amets.
-Idatziko dizudala, Iraitz...
-Eta idazten ez badidazu, ez da ezer pasatzen. Ez dago zertan. Lasai. Ulertuko nuke. Ondo egongo naiz. Eta egongo naiz pozik, egun hauek ilusio handiz bizi izan ditudalako, disfrutatu ditudalako... Ez nuke gaizki amaitu nahi.
-Ez, ezta nik ere. Mundiala izan da. Lau egun zoragarri.
-Fantasia. Fantasia hutsa. Horrexegatik: hobe hemen uztea. Sentsazio onarekin.
[Lau kapitulu izan ditu Durangoko Azokaren ingurumarian ARGIAk sorturiko fikziozko ipuin honek. Hemen irakurgai laurak]
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen... [+]
Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.
Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.