Igande honetan argituko dira Frantziako Legebiltzarraren osaketa eta Ipar Euskal Herriko hiru diputatuen izenak

  • Ipar Euskal Herriko hiru bozka-barrutiei dagokienez, ezkerreko indar ezberdinek osaturiko NUPES aliantzaren eta Emmanuel Macron presidentearen inguruko Ensemble hautagaitzaren artean eginen da bigarren itzulia. EH Bai-k ez du boto-kontsignarik eman, eta EAJko Ipar Buru Batzarrak Ensemble-n alde bozkatzera deitu du.

Seigarren barrutian diputatu den Vincent Bru. Lehen atera da lehen itzulian.

2022ko ekainaren 17an - 11:48

Laugarren hautesbarrutian, Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) dira bigarren itzulirako hautagaiak; bosgarrenean orain arteko diputatu Florence Lasserre (Ensemble) eta Sandra Pereira (NUPES); eta seigarrenean, orain arteko diputatu Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES).

Laugarren eremuan, bozen %26,6 bildu zituen igandean buruturiko lehen itzulian Troundayk, eta %24 Etxanizek. Hirugarren kokatu zen Julien Lassalle (orain arteko diputatu Jean Lassallen anaia) %20,3 eginik, eta laugarren eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez (%11,6). Bosgarren atera zen Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaia, bozen %10 lorturik –zehaztu beharrekoa da laugarren barrutian sartzen direla Zuberoa eta Nafarroa Beherea baita Biarnoko zati bat ere, hots, eremu osoa hartuz boto abertzalearen proportzioa ttipitzen da–.

Bosgarren bozketa eremuan, botoen %33,9 erdietsi zituen Lasserrek eta %25,1 Pereirak. Hirugarren lekuan kokatu zen Pascal Lesellier eskuin muturrekoa (%13,9) eta laugarrenean EH Baiko Mathilde Hary (%8,9).

Seigarrenean, lehen atera zen Bru (Ensemble) botoen %28,5 bildurik, eta bigarren, aldiz, Dubois-Robin NUPESekoa, %19,5 eginik. Hirugarren lekua lortu zuen Peio Dufau EH Baiko kideak (%14,5) eta laugarrena eskuin muturreko Monique Becker bozen %9,89rekin.

Frantzia mailan, lehia tinkoa

Emaitza orokorrei dagokionez, %26,16 lortu zuen NUPES ezkerreko aliantzak, eta Macronen Ensemble hautagaitzak %25,8: oso tinko da bien artekoa eta ikusteke dago zeinen alde eginen duten lehen itzulian beste batzuentzat bozkatu zutenek. Eskuin muturreko Batasun Nazionalak %18,6 egin zuen, eta ondotik kokatzen dira eskuina (%11,3), eta eskuin muturreko Eric Zemmouren inguruko Reconquête (%4,2). Bistan da, abstentzioak ere ukanen du bere eragina... Ekainaren 12ko lehen itzulian parte hartzea %47,5ekoa izan zen.

Matematikoki, boto erreserba askoz gehiago dira eskuinean, ikusiz, orokorrean, ezkerreko bozkatzaileek hautagaitza bakarra zutela ezkerrean –Ipar Euskal Herrian ezkerreko EH Bai koalizio abertzalea ere presente egon da, eta interesgarria izanen da ikustea Macroni bidea mozteko NUPESen alde egiten duten edo ez–. Frantziako Legebiltzarrean ezkerrak gehiengoa lortuz gero, Macronek ez du erreformak gauzatzeko bidea hain erraza ukanen.

Frantziako presidentzialetan bezala, Macron zigortzeko bozketa izan den ageriko da igande gaueko emaitzetan. Hau da, ikusteke dago Macron baztertzeko NUPES bozkatzen duten ala ez bere aurkariek –tartean, eskuin muturreko Batasun Nazionaleko %18,6ak–.

Eskuin muturraren (Batasun Nazionala) eta ezker muturraren (NUPES) artean eginen da bigarren itzuliko lehia Frantzia mailako 62 hautesbarrutitan. Datu kezkagarria: Macronen Ensemblek ez dio eskuin muturrari bidea moztu eta NUPES bozkatzeko kontsigna argirik eman. Elisabeth Borne Frantziako Lehen ministroak zehaztu arren "inoiz ez botorik eskuin muturrarentzat", ez du NUPES-en alde egitera deitu. Nouvelobs komunikabideak aztertu ditu xeheki boto-kontsignak eta horra hor: bakarrik sei barrutitan du Macronen alderdiak NUPES-en alde egitera deitu eta "eskuin muturrari boto bakar bat ere ez emateko" ohar arina hamabitan du plazaratu –beste 38tan ez du ezer egin eskuin muturrari bidea mozteko, eta seitan zuri deitzera deitu du–.

EH Bai-k boto kontsignarik ez eta EAJ Macronen alde

"Ezkerreko indar gisa, NUPES eta Ensemble-ren programa politikoak ezberdintzen ditugu arlo sozial, sozietal eta ekologikoari dagokienez. Hori dela eta, bigarren itzulian izanen diren bi hautagaitzak ez ditugu parez pare ematen”, irakurri dezakegu EH Bai-ren agirian. Hala eta guztiz ere, "mugimendu abertzalea izanik" eta NUPESeko hautagaien posturek “asegabe” utzirik, EH Bai-k ez du ezkerreko aliantzaren alde egitera deitu.

Hala ere, laugarren barrutiari dagokionez, Etxanizekin bildu dira ezkerreko abertzaleak eta Egoitz Urrutikoetxea hautagaiak zehaztu nahi izan du NUPESekoaren alde eginen duela bigarren itzulian: "Nire ardura politikoa eta morala da adieraztea, [Emmanuel] Macroni bidea hesteko hautuaz harago, gure proiektu eta aldarrikapenekiko gutxieneko adostasuna adierazi duen Etxanizen aldekoa izanen dela nire boza", Berria egunkarian irakurri dezakegunez.

Emmanuel Macronen inguruan osaturiko Ensemble-ko hautagaien aldeko hautua egin du, haatik, EAJko Ipar Buru Batzarrak. Bi azalpen eman ditu alderdi abertzaleak. Batetik, "NUPESeko hautagaien programa da zentralistena, eraginkor gabekoena, lurraldeetako errealitateetatik urrunena, subiranistena eta antieuropeistena" eta ez du horrekin bat egiten. Bestetik, Euskal Herriari dagokionez ere, NUPESeko hautagaiak dira "euskararen eta eskualdeko hizkuntza eta kulturen kontrakoenak". Hori horrela, nahiz eta Ensemble-rekin ere desadostasunak egon, "arrazoiaren hautua" egin eta koalizio honetako hautagaien alde bozkatzera deitu du EAJko Ipar Batzarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2022
Fronte Herritar Berria izan da garaile Ipar Euskal Herrian

Eskuin muturrari aurre egiteko bildu diren ezkerreko indarren aliantzak lortu du boto gehien Ipar Euskal Herrian. Ezkerreko aliantzak 11.000 botoko aldea atera dio bigarrenari, RN Batasun Nazionalari. Macronen Ensemble alderdia hirugarrena izan da. Fronte Herritar Berria hiru... [+]


Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Eskuin muturrak eskerrak Macroni


Eskuin muturrak eskerrak Macroni

Zortzi diputatu izatetik 89 izatera pasa da bost urtez eskuin muturra Frantzian. Hori horrela, lehen aldikoz talde parlamentario bat osatu dezake Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak, horrek abantaila andana ematen diola: lehenik eta behin, sostengu finantzario kontsekuentea... [+]


2022-06-21 | Jakes Bortayrou
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Ustekabeko panorama


Legebiltzarrean zuen gehiengo osoa galdu du Emmanuel Macronek

Presidentearen hautagaitza izan da boto gehien atera dituena, baina gobernatzeko itunak bilatzera behartuko duen beherakada jasan du. Mélenchonen ezkerra eta Le Penen eskuin muturra asko hazi dira. Ipar Euskal Herrian Macronen aldeko Bru eta Lasserre eta ezkerreko Echaniz... [+]


Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak
Macronen aldeko Bru eta Lasserre, eta ezkerreko Echaniz garaile Ipar Euskal Herrian

Macronen aldeko Ensemble hautagaitza nagusitu da bosgarren eta seigarren hautesbarrutian eta orain arteko diputatuek atxiki dute aulkia: Vincent Bruk eta Florence Lasserrek. Laugarrenean, NUPES ezkerreko batasuna nagusitu da, doi-doietarik: Iñaki Echaniz da diputatu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Macronen Ensemble eta Mélenchonen ezkerreko aliantza aurrez aurrez bigarren itzulian, EH Bai kanpo baina hazten jarraitzen du

Macronen koalizioa izan da bozkatuena Ipar Euskal Herrian: Ensemble-Majorité Présidentielle. Bigarrena NUPES ezkerreko aliantza izan da. EH Bai hirugarren geratu da eta ez du lortu bigarren itzulira ordezkaririk igortzerik. Hala ere, nabarmen egin du gora 2017ko... [+]


Frantziako lehendakaritzako hauteskundeak
Lasserre eta Bru berriz aukezten dira, Lassallek ordea lekukoa pasa dio anaiari

Ekainaren 12an iraganen da Frantziako Legebiltzarrerako lehen itzulia. Hiru bozka-barruti dira Ipar Euskal Herrian, eta bertako hiru diputatuen izenak argituko dira ekainaren 19ko bigarren itzulian. Vincent Bru eta Florence Lasserre Emmanuel Macronen Errepublika Martxan [La... [+]


2022-05-19 | Euskal Irratiak
Egoitz Urrutikoetxea
“Lekuan bizi eta lan egiten dutenei erabaki ahalmena eman behar zaie”

Frantziako legebiltzarreko bozendako hautagaiek ostirala dute azken epea izena ofizialki emateko Paueko prefeturan. Ipar Euskal Herria eta Biarnoa batzen dituen laugarren hautesbarrutian, sei hautagaik jadanik jakinarazi dute diputatu izan nahi dutela. EH Bai alderdiaren... [+]


Alderdi Sozialista da Frantziako Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berriaren azken kidea

Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak, Frantzia Intsumisoak eta Polo Ekologistak osatuko dute hauteskunde legegileetarako Herri Batasun Berria.


Eguneraketa berriak daude