Astelehen arratsaldean Euskal Herrian egindako bi dokumental nituen planifikatuta. Ez naiz bereziki dokumental zalea, baina Zinemaldia aukera egokia izan ohi da ohiturak alde batera uzteko. Pello Gutierrez Peñalbaren Erreplika aukeratu nuen, duela astebete inguru, saio guztietarako sarrerak erreserbatzen aritu nintzenean. Zer ikusi aukeratzeko sinopsiez baliatu naiz, eta Erreplikarena irakurri nuenean, misteriotsua iruditu zitzaidan.
Sinopsiak honelako esaldiak biltzen ditu: “1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen”. “Hutsune kolektibo bat”. “Hutsuneei buruzko filma da hau”. “Nire aita Juanmi Gutierrez zinemagilea duela urte batzuk hil zen”. Lerro artean ikusten da nondik nora doan, baina misteriotsua badirudi, gutxienez. Hala ere, ez nuen espero horren lan pertsonal eta hunkigarria ikusiko nuenik. Hutsuneen eta sinboloen ideiak landu ditu, alde batetik, Ama Birjinaren lapurretarena kontatuta, herrian egon ziren liskar eta antolakuntza kolektiboa erretratatuta; eta, beste aldetik, bere aitaren hutsunea, heriotzak sortzen duena, sentikortasunez ukitu du. Nola betetzen dugun hutsunea, Ama Birjina lapurtua, aita zendua, erreplika batekin, batzuetan.
Dokumentalean zehar garatu dira ideia guztiak, eta, horretarako, Pello Gutierrezen beraren off-eko ahotsak eraman gaitu ikusleak eskutik. Pertsonala, intimoa, errespetuz egindakoa izan da filma, ikuslegoak guztiz barneratu du, eta agerikoa izan da sentimendua. Hori transmititzen asko lagundu duela esango nuke, gainera, Maite Larburuk egindako musikak.
Gehien gustatu zaidana ondorengo hizketaldia izan da, eta, batez ere, publikoaren galderen zatia; hortxe nabaritu baita jendeagan izan duen eragina. Mikrofonoa hartu du, besteak beste, 1979an Ama Birjinaren lapurreta salatu edo erregistratu zuen pertsona batek, eta, nik uste, hernaniarra zen beste batek. Emozioz, esker onez eta hunkiberatasunez bete da aretoa. Jendeari asko kosta zaio aretotik ateratzea guztia bukatu denean, zeozer esan nahiko du horrek.
Hurrengo dokumentala, Arantxa Aguirreren Ciento Volando izan da, Eduardo Chillidaren bizitzaren, eta, gehienbat, bere obraren ingurukoa. Lan hau gehiago hurbiltzen da, nire aburuz, dokumental hitza entzutean irudikatzen dugunera. Jone Laspiur aktoreak gidatu gaitu Eduardoren bizitzan zehar, hurbileko hainbat pertsonari eta Chillidalekuri lotutako jendeari elkarrizketa interesgarriak eginez. Jende mota desberdina elkarrizketatu dute dokumentalean: Chillidalekuko langile batzuk edo Eduardoren lagun eta ezagunak, eta guztiek zuten zer kontatu.
Ez dut gezurrik esango, ez nau beste dokumentalak bezainbeste harrapatu, baina ez okerragoa izan delako, inondik inora, baizik eta beste estilo neutroago bat zuelako. Chillidaren irudia errespetu handiz zaindu duela iruditu zait, eta elkarrizketatuek goraipamenez eta hitz atseginez tratatzen zuten artista. Horrez gain, estetikoki zaindua eta atsegina izan da lana, hasieratik bukaerara. Asko laguntzen zuten eskulturek horretarako, noski, baita Chillidalekuko paisaiak berak ere. Baina, berdin-berdin, hori guztia erakusten jakin egin behar da, eta nire ustez, lortu du, plano arrunt baina orekatuez baliatuta.
Ezer gutxi dakit nik Eduardo Chillidaren obraz, eta are gutxiago eskulturaz eta arte plastikoez, eta horregatik agian urrutitxo geratu zait dokumentala. Baina, ikasteko aukera aparta izan da, eta hemengo artearen historiaren zatitxo bat ezagutzeko ere bai. Azkenik, detaile bezala, azken-azken planoa bereziki ona iruditu zait. Izugarri ondo itxi du filma, eta guztiz lortu du nahi zuena.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.