“Horrelako proiektuak egin nahi baditugu, beharrezkoa da herrigintzan egitea”

  • Urriaren 8an aurkeztu zuen Patxi Bisquert zinegileak (1952, Zizurkil) Ombuaren itzala proiektua. Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruko film luzea egin asmo du auzolanean, eta, horretarako, hamar euroan 30.000 sarrera saltzea du helburu. Proiektuaz, kulturaz eta bere ibilbideaz hitz egiteko elkartu gara berarekin, egun bizitoki duen Errotzen (Nafarroa).


2020ko azaroaren 23an - 13:16
Patxi Bisquert Errotzen elkarrizketatu du Amaia Goikoetxea kazetariak. Argazkia: Amaia Goikoetxea / Tolosaldeko Ataria.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Duela bizpahiru aste aurkeztu zenuen 'Ombuaren itzala' proiektua, pandemiaren erdian. Nola eragin du ezusteko honek aurreikuspenetan?

Pila bat, ia urte osoa atzeratu digu. Asmoa prentsaurrekoa udaberrian egitea zen; justu pandemian sartu ginenean ari ginen prestatzen. Gero berriro hasi nintzen pixka bat martxan jartzen. Konfinamendua eta gero, uda berehala iritsi zen, eta urrira arte atzeratu genuen aurkezpena.

Nahiko lan egin dut aste hauetan auzolanaren berri zabaltzen: Bizkaitik ibili naiz; Nafarroa osoa ia egina dut, Iruñerria falta zait soilik bukatzeko; Gipuzkoan, Debako bailara eta Urolako kostako zati bat falta zait; Araban, Gasteiz eta Laudio geratzen zaizkit; eta, gero, Ipar Euskal Herrian, lagun bat daukat Hendaiatik lanean ari dena.

Hiru bidaiatan egingo dugu prozesua herrietan: lehendabizikoa orain egiten ari naizena da; bigarrena, hitzaldiak ematea; eta, azkena, Ombuaren itzala pelikula eskaintzea herritarrei. Nik kalkulatu dut, hemendik ekainera bitarte horretan, Euskal Herrian ehun bat hitzaldi prestatuko ditugula.

Eta hitzaldiekin noiz hasteko asmoa duzue?

Berehala hasiko gara. Hitzaldiak eman eta, bidenabar, beste hainbat eragilerekin elkartzeko baliatuko dugu; Mezenasgo Legearen bitartez, dirua sartuko duten horiekin egoteko ere bai. Horiekin tratu pertsonala mantendu behar da. Esan behar zaie zein formalizazio eta zein arau bete behar dituzten laguntza jasotzeko, desgrabazio fiskalaren bitartez laguntzen baitute, eta pauso berezi batzuk eman behar baitira.

Mezenasgo Legearen bidez, jendea errazago animatuko dela uste duzu ekarpena egitera?

Gauzak garbi azalduta, bai. Azken finean, ez da patrikatik dirua atera behar, Ogasunak ahalbidetzen duen bide bat da: urtero ordaintzen diren zergetatik portzentaje bat mezenasgo kultural batera bideratzea.

Gaur egun, zailtasun handiak dauzkagu horrelako proiektuak aurrera ateratzeko. Telebista plataforma handiei, produktore handiei, ez zaizkie horrelako istorioak interesatzen, eta, egin nahi baditugu, beharrezkoa da herrigintzan egitea.

Pandemiak inoiz baino begi-bistako utzi du kulturgileen egoera. Kultur arloa balioan jartzeko beharra dagoela ikusten duzu, administrazioaren zein gizartearen aldetik?

Nik uste dut baietz. Pandemia momentuan ere, zenbat kultura dastatuko ote zen etxean? Zenbat liburu irakurriko ote ziren, lehen irakurri ez zirenak? Edo zenbat pelikula ikusi eta zenbat musika entzun. Industria guztia dago subentzionatuta, diruz lagunduta. Kultura eskas, oso eskas dago.

Nik uste gure zinemagintza ez dagoela behar bezala bultzatuta, ez Euskal Herrian, ez Espainian, eta Europan leku gutxitan. Adibidez, Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzatik kopurua gero eta txikiagoa da. Adibidez, badago hitzarmen bat euskal ekoiztetxeekin, telebistako aurrekontuaren portzentaje jakin bat haiekin produzitzeko, baina ez da betetzen: hitzarmena hor dago, baina zenbat gastatzen da urtero?

80ko hamarkadan, sentsibilitate gehiago zegoen. Euskal zinemak titulu asko eman zituen orduan, izugarri onak. Baina, gaur egun, adibidez, Tasio bezalako pelikula batekin produktore batengana joanez gero, zakarrontzira botako luke. Bakarrik bizpahiru ekoiztetxe egongo dira horrelako proiektuak gauzatzera ausartzen direnak; oso gutxi dira, eta, normalean, aurrekontuak ere txikiagoak izaten dira horrelako proiektuentzat.

Kultura pixka bat defendatzen den lekuetan, Frantzian, adibidez, nabari da; ikusten da zelako xarma duen zinemagintzak. Hori ere ikusi beharko litzateke hemen.

30.000 sarrera saltzea da asmoa, hamar eurotan. Zer-nolako harrera izaten ari da proiektua?

30.000 sarrera saltzea pentsatzen dugu, eta horiekin 300.000 euro ateratzea. Mezenasgo Legearen bidez, 200.000 euro ateratzea posible ikusten dugu. Horrekin, eta gero Euskal Telebistak egiten duen ekarpenarekin... guztiarekin uste dut inguratuko garela 600 edo 700 mila eurotara.

Udal askorekin egon naiz, eta orain arteko guztiek auzolanarekin kolaboratuko dutela esan dute. Eskatzen diegun gauza bakarra hitzaldi bat antolatzea da: ni hitzaldi hori ematera joango nintzateke, eta han bertan hasiko ginateke sarrerak saltzen. Tokian tokiko aldizkariekin, irratiekin eta horrelakoekin auzolanaren bizipena mantentzea da lortu nahi dena, auzolanak bi urte-edo beharko dituelako gutxienez, pelikula estreinatu arte.

Ikastolen federakuntza, Bertsozale Elkartea, kafe antzokiak,... askorekin egon naiz, eta denek ondorengoa esan dute: «Bai, honen berri emango dugu». Beraz, horiek guztiak mobilizatzen baditugu, pentsatzen dugu sarrera horiek salduko ditugula. Kultura munduko jende gehiena nahiko eskas ibiltzen gara patrikatik, baina badituzte harremanak eta lan polita egingo dute. Adibidez, Bertsozale Elkarteak zenbat jende mugitzen du Euskal Herrian? Izugarrizko jende pila mugitzen du. BEC betetzen du. Herrigintzan ohituak daudenez, ekarpen handia egin dezakete auzolana zabaltzen. Horren esperantza daukat.

Eta, gero, gure herriak ere ez du atzean uzten maite izan duen jendea, eta Pello Mari Otaño oso maitea, miretsia izan da; ez bakarrik adituen artean, oso pertsona herrikoia izan da.

Bartzelonan, Madrilen eta Galizian ere izan da auzolanarekiko interesik, eta, gutxienez, hiru leku horietara ere zabalduko dugu.

Beharrezkoa da tokian tokiko eragileen laguntza; ezinbestekoa.

Erronka polita da.

Erronka izugarri polita da, baina lan asko behar du. Lan asko eta hitz asko. Batez ere gazteei egiten diet deialdia: Pello Mari Otaño oso modernoa izan zen, erabat modernoa bere garaian, eta hori ikusi behar dute.

1890-1910 urte bitartea jorratzen du gure gidoi honek. 20 urte horiek izan ziren seguruenik Otañoren urte emankorrenak, baina, hortik aparte, gure gizartean aldaketako urteak izan ziren: ideia sozialistak, euskal amertzaletasuna -eta ez abertzaletasuna-.... Segur aski 60 urte beranduago izan zirenak bezain garrantzitsuak: suspertze garai bat. Gaur egun ere, trantze berean ez ote gauden ari naiz pentsatzen, historiak zikloak ematen baititu.

Eta pena da gazteek Otaño ez ezagutzea, bere jarreratik eta idazkietatik asko ikastea dagoelako. Belaunaldi berriek nahiko ahaztuta daukaten arren, bere itzala oraindik Euskal Herrian handia dela uste dut. Oso inportantea izan zen bere garaian, eta horrek marka ederra utzi du gure gizartean; horri esker pentsatzen dut lortuko dugula kopuru eder bat.

Zer egin behar du ekarpena egin nahi duenak?

Pello Mari Otaño auzolana izena duen webgunea jarriko dugu martxan, eta leihatila bat ere sartuko dugu bertan, zuzenean sarrerak erosi ahal izateko. Mezenasgo bidez ere egin daiteke ekarpena: informazio triptikoan agertzen diren bideetatik harremanetan jarri eta erantzungo diet guzti-guztiei.

Bestelako moduak ere egon daitezke: adibidez, «Hemen badaukagu artista eder bat eta eskultura bat eman digu; eta zozketa egingo dugu Gabonetan». Eta ateratzen dena auzolanerako. Negozio txikientzat ere aukera polita izan daiteke publizitatea egiteko: 2.000 eurotik gora jartzen dituztenak kredituetan aterako dira. Jende askok ikusiko du eta lan kultural baten sostengu izango dira.

Baina auzolankide guztiek izango dute oparia; hamar euroko sarrera erosten dutenek ere bai. Azkenean zinera joaterakoan pelikula bat aukeratzea bezala da, hamar euroko sarrera erostea, baina gauza gehiago egiten dira batera. Ez da bakarrik zine sarrera bat, lan izugarri bat egiten dute hau aurrera ateratzeko. Pelikula horren ekoizle izango dira.

Asmoa 2022ko Zinemaldirako amaitua izatea da.

Bai, eta aurretik ere auzolankideei aurkeztu nahiko genieke. Hasi gara eta gelditu gabe aurrera egingo dugu. Beharbada bi urteko epea motz geratuko zaigu, baina oraindik konfiantza daukat.

Aspalditik esku artean duzun proiektua da hau, eta bilakaera bat izan du. Noiz eta nola hasi zen, eta zein bide egin du?

Otañori buruz zeozer egiteko asmoa duela hamabi edo hamabost bat urte sartu zitzaidan.

Otañorekiko maitasun hori betidanik sentitu dut, txikitatik. Gogoratzen dut Hondarribiko Jaizubiko baserrian nintzenean, bataioren bat zela edo sagardo berria, beti zegoela aitzakiaren bat kantari ospatzeko. Amaren bi lehengusu bertsolariak ziren: biak izen berekoak, gainera, Martzelino. Elkar zirikatzen hasten ziren, eta Otañoren koplekin berotzen zituzten eztarriak; eta niri gustatzen zitzaizkidan. Guztiok kantatzen genituen.

Gerora, Galizian nengoela, hasi nintzen berari buruz gehiago irakurtzen, eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartekoekin jarri nintzen harremanetan. Jakin nuen liburu eder bat argitaratu zutela, eta liburu hori irakurrita ikusi nuen hor bazegoela istorioa; interesgarria gainera. Bere garaian liberal foruzale gutxi ziren, Bilintx eta bera ziren fama pixka bat zeukatenak; arraroa zen, euskal giroan gehienak karlistak ziren, bertsolari gehienak. Hau bakana, bitxia, bicho raro; eta bicho raro direnak, beti atseginak egin zaizkit.

Koldo Izagirre laguna dut, eta esan nion: «Hi, zergatik ez dituk prestatzen testu batzuk eta hasten gaituk zeozer egiten Otañoren inguruan?».

Hernandorena Kultur Elkartea aipatu duzu. Gidoia egiteko ikerketa lanerako, Hernandorena izan da iturri nagusi?

Bai, gehienbat bai: Hernandorenako Joxin Azkuek bidali dit behar nuen guztia. Nik uste Otañoren inguruan idatzi den gehiena edo guztia irakurri dudala; ez dakit zerbait falta zaidan.

Talde teknikoa eta castinga osatuta daude?

Ez. Talde teknikoari dagokionez, buruan dauzkat izen gehienak, eta hitz eginda nago zenbaitekin: Javier Bilbao, Alazne Maturana... Ados zeuden, baina filmatze honek bere berezitasunak dituenez, datak jakin ahala jakingo dugu ahal duten ala ez. Ezin izango dugu, segur aski, jarraian grabatu pelikula guztia. Agian talde txikia izango da, baina profesionala eta Euskal Herriko onena: hori zalantzarik gabe. Aktore batzuekin ere hitz eginda gaude: Getari Etxegarai, Jox Berasategi, Itziar Atienza,... Otaño ni izango naiz.

Euskal Herrian profesional onak dauzkagu, eta, gainera, oso jende umila da. Proiektua gustatzen bazaie, buru-belarri sartzen dira; horrelako jendea daukagu eta txalotzekoa da.

Pantaila handian berriro ere Patxi Bisquert ikusteko moduan izango gara, beraz.

Bai, ikusiko nauzue. Azken garaian ez nauzue gehiegi ikusi, eta Otañoren paper hau egiteko baliatuko dut. Beste pertsonaia batzuk ez didate hainbesteko segurantza ematen, baina honek bai, segurantza gehiago ematen dit.

Argentinan grabatzea da asmoetako bat.

Zati handiena dugu han: hiru aste kalkulatu ditugu han, eta hemen, bi: bost asteko filmazioa, guztira. Argentinakoa jarraian egin beharra daukagu. Kanpoko grabazioak egingo ditugu, batez ere, han. Ekainera arte hitzaldiekin aritu, eta udan Argentinara joatea da asmoa, ekipo txiki batekin. Gero material hori hona ekarri eta sekuentzia batzuk muntatuko ditugu, lehen irudiak eskaini eta auzolana berriro ere indartzeko.

Hango euskal etxeek ere badute proiektuaren berri, ezta?

Argentinako euskal etxeei eskatzen dieguna da han izango den taldearen egonaldian laguntzea, otorduetarako, garraiorako eta ostaturako; alegia, Federación de Entidades Vasco Argentinas arduratzea horretaz. Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxea eraikin handian dago, izugarrizko bulegoak dituzte, eta barruko grabazioak eginez gero, hor bertan egin ahal izatea eskatuko diegu. Hori da eskatzen dieguna: ez dirua zuzenean, baizik eta taldeari laguntza.

Hemen ere grabatuko duzue: Zizurkilen?

Bai, Zizurkilen grabatuko dugu zeozer, seguru. Ez agian herrigunean, baina bai herrian. Hor badago sekuentzia bat, Otaño Adunako itsuarekin elkartzen dena; hori Zizurkilen bertan egingo dugu. Itsuaren laguntzailearena egingo duena Galizian bizi den nire alaba Kandela izango da.

Eta Argentinako kontuetara itzulita, omburen bat ere bilatu beharko duzue...

Noski! Ombu ederrena bilatuko dugu.

Zineman lan egiteko lehen eskaintza ezustean iritsi zitzaizun.

Bai. Nik ez nuen inoiz pentsatuko pelikula bat egingo nuenik: zinezalea izan naiz beti, baina ez nuen horretan hasteko jakin-minik ere. Fabrika batean nengoen lanean orduan, Gasteizen, eta Segoviako ihesaren inguruko filma egitera zihoazela esanez deitu zidaten hara, Imanol Uribek ihesean parte hartutakoak pelikulan sartu nahi zituela. Hiru edo lau sartu nahi zituen, eta horietako bat ni, Angel Amigok ateratako liburu bat zela-eta, nire argazkia egunkari batean atera zelako.

Donostiara joan nintzen castinga egitera; hura zer zen ere ideiarik ez. Papertxo bat eman zidaten irakurtzeko, eta proba eginda, zuzendariarengana joateko esan zidaten. «¿Quieres ser Mattin?», galdetu zidan, eta nik zer egin behar ote nuen galdetu nuen: «Pués lo que hacías en la cárcel». Kontratua sinatzeko, produkzio arduradunarengana joateko esan zidaten: «¿Contrato y todo?», esan nien, «Si yo ya tengo contrato en la fábrica». Oraindik ezer egin gabe, eta jada dirua eskaintzen!

Astebete inguru egin nuen filmatzen. Pelikula egin, eta, ondoren, lantokia utzi eta liburuak saltzen pare bat urte edo egin nituen. Garai hartan, Zalduondora joan nintzen bizitzera: abeletxe txiki bat jarri nuen, oiloekin eta konejuekin. Han nintzela Angel Amigo etorri zen, pelikula bat egitera zihoala: La conquista de Albania. Eta erantzun nion, «Pues, vamos a conquistar Albania». Egunero egon beharra zegoen abeletxean, ordea! Anaia langabezian zegoen Eibarren: deitu egin nion, eta abeletxe bat nahi ote zuen galdetu. Anaia etorri zen Zalduondora, eta ni Bardeetara joan nintzen, Albaniaren konkista egitera.

Eta hori bukatu aurretik, etorri zen Akelarrerako eskaintza; eta Akelarre egiten ari nintzenean, deitu zidaten Tasiorako; eta, horrela, ustekabean, gauza batek bestera eraman ninduen, baina nik pentsatu gabe, inoiz horretan ariko nintzela burutik pasa gabe.

Nola diren gauzak... eta, orain, ikusi: film luze bat ekoiztera!

Segoviako ihesa aipatu duzu. Pelikulaz harago, benetako ihesa hurbiletik jarraitu zenuen: bertan parte hartu zenuen edo haren antolaketan?

Bietan, bi gauzetan: barrutik eta kanpotik egin nuen lan. Lehen saiakeran, zuloan bertan aritu nintzen talde teknikoan; hura popatik hartzera joan zen. Gero, berriz, hasi ginen zulatzen. Franko hil eta gero, kartzelatik atera ninduten, erregearen indultuarekin. Jada kalean nintzela, hara joan behar zuen komandoarekin hitzordu bat izan nuen; Tolosan izan nuen, hain justu. Ez zuten zuloaren sarrera aurkitzen, kartzelatik 600 bat metrotara zegoen, eta planoekin azaldu nien non zegoen. Hara eraman nahi ninduten, baina arriskua handia zen, edozein funtzionariok ikusiz gero. Gerora, Gasteizen paseatzen nintzela, jakin nuen Segoviatik alde eginak zirela; zorionez, aurkitu zutela sarrera.

80ko hamarkadan, bereziki, sona handia hartu zenuen. Nola zeneraman ezustean harrapatu zintuen fama izatearena?

Berehala etorri zen, baina ez nintzen hain ume. Segoviako ihesan baneuzkan 29 urte; 32, Tasioren garaian. Nekagarriena Tasioren garaian izan zen: taberna guztietan «Tasio!» egiten zidaten oihu. Baina, bestalde, pozik ere bai, bide berri bat zabaldu baitzidan.

Galizian ere bizi izan zara urte luzez eta han ere ikus-entzunezkoetan aritu zara.

Bai. Han nintzela ez zidaten asko deitzen lanerako: A esmorga, Celda 211 eta Migas de pan, horiek film luzeak; El Faro telesaila egin nuen telebistarako, FORTArako; eta film labur batzuk ere bai.

Han sortu nuen orain dudan ekoiztetxe hau: Eguzki Art. Sagardotegi bat neukan Galizian, Casona Eguzki Art zuen izena, eta ekoiztetxeari ere izen bera eman nion: Eguzki Art Zinema. Hiru lan egin ditut guztira ekoiztetxe honetan: Terra do Millo film laburra, oroimen ariketa bat, Emilio Araúxo idazlearen testuak eta Macedako feloak inauterietako hango pertsonaiak ardatz hartuta, eta enkarguzko bi lan: ardogile enpresa batentzat bata, eta Parada de Sil Galiziako kontzejuarentzat, bestea.

Eta laugarrena, datorren hau, lehen film luzea eta zer nolakoa: Argentinan eta hemen filmatutakoa, garai bateko istorioa,... A ze saltsan sartu garen!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Eguneraketa berriak daude