Holokaustoaren errautsen azpian milioi bat ijito


2005eko urtarrilaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Pello Zubiria zubiria@argia.eus II. Mundu Gerran milaka ijito hil zituzten naziek eta kolaboratzaileek Europa okupatuan. 60 urte pasa dira geroztik, eta oraindik aski aztertu gabeko genozidioetako bat da gure artean. Aldiz, ijitoena da Europak gaur ere dauzkan minorietatik handienetakoa. Auschwitz-eko heriotz eremu nazian 2.897 ijito akabatu zituzten 1944ko abuztuaren 2tik 3rako gauean. Eta haien likidazioarekin itxi zuten Auschwitz-Birkenau izena zeraman kontzentrazio gune ikaragarria. 60 urte beranduago haien oroimenezko ospakizun handirik izan ez dela eta, Index on Censorships aldizkariak aipamen berezia egin dio. Kazetak honela definitzen du bere burua: Index on Censorship Stephen Spender-ek fundatu zuen, gizakiaren oinarrizko eskubidea den adierazpide askea defendatzeko". 31 urte daramatza lan horretan. Mundu osotik hautatu diren istorioen artean, Michael Shafir-ek idatzi duen Rom jendearen masa hilketa: historiak ahaztu ditu Holokaustoaren biktima hauek artikulua hautatu du Indexek udazkeneko aldizkarirako eta web gunerako. Shafirren hitzetan, Auschwitzeko heriotz eremu erraldoi hartan 23.000 ijito eduki zituzten naziek preso. 1943ko otsailean ireki zuten Ijitoentzako zelaia bertan. Juduen eremu nagusian ez bezala, Ijitoen eremuan bildutakoak familiaka bizi ziren, hasieran bederen. Sartu zituzten 23.000 buhame haietatik gehienak gosez eta gaixotuta hil ziren, eta 3.000 inguru baino ez ziren atera bizirik. Ijitoez gain, Auschwitzen naziek 75.000 poloniar akabatu zituzten eta 1,1 milioi judu. Hitlerren garbiketa proiektuetan zenbat ijito edo rom jende akabatu zituzten? Horren datu zehatzik eza da arazoetako bat. Juduen kasuan ez bezala, oraindik behar bezala aztertu gabe baitago rom jendeak jasandako Holokaustoa (prorrajmo beraien hizkuntzan). Naziek akabatu zituzten judu kopuruetan zehaztasun nabarmena dago: etnia horretako 5,1 edo 6,2 milioi pertsona hil ziren nazien zapalkuntzapean. Aldiz, ijitoen kasuan ikerlari batzuek hildakoak 200.000 izan zirela uste dute eta beste batzuen ustez 1,5 milioi. Asko, edozein gisaz, 60 urte geroago hain ahaztuta lagatzeko. Oroimenean datza, edo zehazkiago oroimen idatzian, gai honen arazo handietakoa. Juduen alderantziz, rom jendea eskolatu gabea zen gehienbat, edo izatekotan doi-doi irakurri eta idazten zekiena. Anikilazio eremuetatik bizirik atera ziren buhameek ez zuten libururik idatzi, ez eguneroko eta ez oroimenezkorik, eta ikerlariek ez dute haien arrasto handirik aurkitu. II. Mundu Gerra aurretik Europan zenbat Rom (Eki Europako ijitoak) eta zenbait Sinti (Ipar-Mendebaleko Europakoak) bizi ziren jakiteko datu demografikorik ere ez da, gehienak batetik bestera eten gabe mugituz bizi zirelako. Naziek juduekin ez bezala gutxi idatzi eta dokumentatu zuten ijitoei eman zieten tratua. Hori aski ez balitz, juduen "garbiketa" aztertu duten ikerlari batzuek (juduak nagusiki) uste dute ijitoen etnia osoa metodoz suntsitzeko plan orokorrik ez zutela naziek. Egia da nonbait, naziek bereizketa egiten zutela okupatutako herrialdeetan bizi ziren ijitoen artean. Begirune gehiago omen zuten Sinti eta Lalleri ijitoekin: Europako Ipar-mendebaldean bizi ziren hauek eta nolabait arraza arioko ijito kontsidera zitezkeen, nazien ustean benetako ijito gaiztoekin kutsatu gabe zeudelako. Ijito gaiztoak ("Europako kriminalak") ekialdeko Rom ijitoak ziren. Hala ere, historiagile batzuek erakutsi dute jendea hiltzen hasita, batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak ez zituztela askotan kontutan eduki, eta Sinti eta Lalleritarrak ere bidali zituztela heriotz eremuetara. Juduak baino mespretxatuago Buhameak akabatzeko politika naziekin batera beraiek okupatutako Europa osora hedatu zen. Lurralde oso handia izaki, eta ijitoek haietako herrialde bakoitzean gerra aurretik ere gainerako herritarrekin harremanak zituztenez, batetik bestera aldatzen zen suntsiketa planak aplikatzeko gogortasuna ere. Naziek Krazia okupatu zutenean, bertako Ustasha miliziek egin zuten garbiketa lana, eta haien eskuetan 23.000 ijito hil zirela kalkulatu dute ikerleek. Serbian hamar milako batzuk hil zituzten. Hungariak 1940 hasieran promulgatu zuen bere herritar Rom etniakoen kontrako bazterketa legea, artean alemanak sartu gabe zeudenean. Baina hauek 1944ko martxoan Ferenc Szalasiren erregimena ezarri zutenean, honek milaka ijito bidali zituen kontzentrazio eremuetara, eta han hil ziren gehienak. Polonia okupatuan berriz 20.000 eta 35.000 artean dago han alemanek edo tiro bakar batez edo heriotz eremuetara eramanda hil zituzten ijitoen kopurua. Bulgariako gobernuak juduekin bezala jokatu zuen antza, ijitoekin. Bere lurraldean zeudenak deportaziotik babestu omen zituen "etxeko ijitoak" zirelakoan, baina Bulgariak berak okupatuta zeuzkan Mazedonia eta Traziako buhameak heriotzara bidali zituen. Errumanian berriz, Antonescuren erregimenak 19.000 edo 25.000 ijito deportatu zituen Transnistria eskualdera (eremu hori dago preseski gaur ere eztabaidan Errumania eta Moldaviaren artean) eta milaka horietatik erdiak lortu omen zuen bizirik itzultzea. Alemaniak okupatutako beste lurraldeetan segituz gero (Txekia, Eslovakia, eta abar) kontu berdinak ateratzen dira: milaka ijito eraman zituztela kontzentrazio eremuetara, zahar, haur eta gazte. Beste presoek bezala, hauek ere bortxatutako lanak egin behar zituzten, eta mila esperimentu ikaragarri egiteko erabili zituzten, goseak jada ahuldutako gizaki haiek. Interneten pixka bat arakatzen duenak (eta are gehiago Auschwitzekoa bezalako heriotz eremu ikaragarrietara hurbiltzen denak) aurkituko ditu horien guztien arrasto grafikoak: familia osoak preso, Rom etniako jendeen "neurketa" (balizko arraza horren arrasto fisiologikoak aztertzeko), kontzentrazio eremuetan egindako esperimentuak, gosez hiltzeko zorian dauden jende errukarriak... 60 urte beranduago, nazien garbiketa ahalegina gaindituta, Europan present daude ijitoak. Europa ekialdera zabaltzearekin gainera, paper garrantzitsuagoa hartu dute. Eta gerra aurretik bezala, oraindik gainerako europarrok ez dakigu oso ondo nola konpondu gure artean ditugun 10-12 milioi erkide horiekin. Informazio gehiago: Sinti and Roma, irakasleentzako gida eta link bilduma aberatsa Wiesenthal fundazioaren gunean, nazien genozidioa ijitoen gain Les Tsiganes, unibertsitate kanadiar bateko deskribapena European Roma Information Office Index on Censorship Confluences aldizkariaren gunea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transnistria
2008-08-08 | Karlos Zurutuza
Deja vu

Transnistriak Nafarroaren azaleraren erdia du, baina bere biztanle gehienak Baltikotik Pazifikora zabaltzen zen inperio erraldoi batean jaio ziren. Sobiet Batasuna erori zenetik 17 urte pasa diren arren, zaila egiten da horretaz gogoratzea Tiraspolen, Transnistriako... [+]


2008-08-08 | Karlos Zurutuza
Moldaviako juduak

Jakob Kravtxik duzue honako hau, Moldaviako hiriburuan gelditzen diren judu gutxienetako bat. Hamaika buelta eman ditugu Chisinautik auzo judutarren bila, eta beste hamaika sinagoga topatu arte, kale estu eta aldrebestuak baitira auzo zahar honetakoak. Tenpluaren atarian,... [+]


2008-01-14 | Karlos Zurutuza
Transnistria
Oztopo guztien gainetik
Nafarroa baino txikiagoa den arren, bertakoek munduko herrialderik handienean jaio zirela diote. Transnistriarrek euren bandera, moneta eta pasaportea dute, baita inoiz entzuten ez den ahotsa ere.

Eguneraketa berriak daude