“Hobe da bonba batekin hiltzea, sahararrak umilia gaitzaten uztea baino”

  • Fronte Polisarioko ordezkariak aitortu du sahararrak zuzendaritza politikoarekin ere atsekabetuta daudela, eta eskubidea dutela horretarako: «Pazientzia agortu zaigu»

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko azaroaren 25an - 09:57
Argazkia: Aritz Loiola / Foku.

Haren bizitzaren bidez, betikotzen ari den gatazkaren kontakizuna egin daiteke. Mohamed Eluali Akeik (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1950) SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lehen ministroa da iazko otsailetik; buruzagi historiko honek askapen mugimenduaren sorreran parte hartu zuen, zelula sekretu eta klandestinoen garaian, Mendebaleko Sahara artean Espainiaren 53. probintzia zenean. Marokorekiko gerran buruzagi militarra izan zen, eta su-etenaz geroztik zuzendaritza politikoan dago. Militante bat baino ez dela dio. Fronte Polisarioak abenduan egitekoa duen kongresuaren atarian, luze eta zabal mintzatu da BERRIArekin.

Azken komunikatuan, Fronte Polisarioa inoiz baino irmoago mintzatu da. Su-etena hausteko prest zaudetela iragarri duzue.

Urteak eta urteak daramatzagu bakearen zain, baina ez dator inoiz. Sakrifizio handiak egin ditugu, eta sufrimendua itzela da. Munduak ez badu aintzat hartzen baldintza horietan bakearen alde egin dugun ahalegina, iristen ez den irtenbide baten esperoan beste norabide bat hartu beharko dugu. Ez dugu gerra maite, badakigu zer den, baina ez dugu utziko gure herria horrela sarraski dezaten. Pazientzia agortu da. Hortaz, orain aukera guztiak daude mahai gainean, baita borroka armatura itzultzea ere.

Kongresuan erabakiko duzue?

Saharako herria ordezkatuta dago kongresuan, eta han hartuko da erabakia. Honezkero herri sahararrak ez du gure zuzendaritza politikoaren azalpenetan ere sinesten. Gazteek galdetuko digute zer uste dugun, zeintzuk garen gu nazioartearen isiltasunaren aurrean bakearen aldeko hautua egiteko. Zertarako ari dira ikasten, gero basamortuan etorkizunik gabe bizitzeko? Fronte Polisarioari leporatzen diote itxaroten egotea, akusatu egiten gaituzte, eta eskubide guztia daukate horretarako.

Ezin diegu esan beste urtebetez zain egoteko. Ezin dugu onartu ikustea nola hiltzen ari den gure herria nazioarteak gatazka anestesiatuta daukan bitartean. Mugara iritsi gara. Edo nazioarteak behingoz bake plan bat egikaritzen du, eta urrats sendo bat ematen du erreferenduma egiteko, bere ebazpenek diotena gauzatuta, edo guk bake akordioa hautsiko dugu. Batzuetan hobe da bonba baten azpian hiltzea, sahararrak umilia gaitzaten uztea baino. Gure kausa bukaeraraino eramango dugu; ez dugu kausa hiltzen utziko.

NBE Nazio Batuen Erakundearen azken ebazpenak etsipena sortu al du?

Ebazpen horrek agerian utzi du nazioarteak ez duela konpromisorik irtenbide bat bilatzeko: Minurso [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] beste urtebetez luzatzera mugatu da.

Minurso galdeketa antolatzeko sortu zen, baina ez du bere eginkizuna bete.

Minursok Marokoren okupazioa babestu baino ez du egiten; egoera lazgarri hau luzatzen uzten ari da, eta edukirik gabe geratu da. Zertarako dago? Ez dakit zertarako amaitu zen gerra, zeren gu ez ginen garaituak izan. Marokok erreferenduma egitea onartu zuen, hiru aukera ezarrita: marokoarra izatea, lurraldea anexionatuz; autonomia ematea; edo independentzia onartzea. Hori jaso zuen itunak, baina egun, ez du onartzen.

Horst Kohler NBEren Mendebaldeko Sahararako azken mandatariak maiatzean eman zuen dimisioa. Ordutik bete gabe dago kargua.

Hala da. Mandatari guztiek porrot egin dute, James Bakerrekin hasi eta Kohlerrek ere. Pisu handiko politikariak izan dira, eta ahalegin zintzoak egin dituzte. Marokok, ordea, oztopoak jartzen ditu, eta nazioarteko erakundeak men egiten du. Aski da. Frantziak betoa jartzen segituko du [NBEren] Segurtasun Kontseiluan. Espainiaren erantzukizuna ere hor dago. Jatorrira joan behar da: amaitu gabe dagoen deskolonizazio bat da hau, eta ez dugu onartuko erabakitzeko eskubidea aitortzen ez duen irtenbiderik.

Espainian, gobernu koalizio bat eratzeko bidean dira PSOE eta Unidas Podemos. Alderdi independentisten babesa erabakigarria izango da. Kolore anitzeko legealdi batetik beste jarrera bat espero duzue?

Agintean egon diren gobernu guztiek jarrera bera izan dute; hortaz, argi dago estatu estrategi bat dela, eta ez alderdiena. Herritar guztiek egin behar dute bat kausarekin, herritar guztiek sentitu behar dute erantzukizun hori eta exijitu galdeketa bat egiteko. Maroko ezin da marra gorri bat izan. Espainiak akats historiko bat zuzendu behar du.

Atzo [azaroak 21], Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarekin elkartu zinen, eta hark nazioarteko legediarekiko bere babesa agertu zizun. Ez al da hipokrisia?

Ez. Herri sahararraren laguna da aspalditik, eta badakit zintzoa dela. Egia da hemen gobernu bat ordezkatzen duela, baina iritzi propioa dauka.

Ez al da inkoherentea?

[Isilik geratu da].

Zergatik ez du marra gorri hori zeharkatu nahi?

Marokok tesi bat helarazten du: egonkortasuna bermatuta dagoela Mendebaldeko Sahara berea den bitartean. Aitzakia hori baliatzen du. Marokon monarkia deuseztatu eta errepublika bat sortzen bada, akabo! Hiru gauza erabiltzen ditu presioa egiteko: immigrazioa, terrorismoa eta narkotrafikoa. Bi astetik behin, edo paterak bidaltzen dituzte, edo hesia saltatzen uzten dute, edo existitzen ez den zelula terrorista bat deuseztatzen dute. Espainiak ez du arazorik nahi.

Era berean, baliabide naturalen auzia dago.

Beste ezeren gainetik daude interes ekonomikoak, gizakien gainetik eta giza eskubideen gainetik.

Lurralde okupatuetarako ministroa izan zara urte luzez. Nolakoa da hango egoera?

Pentsa daitekeen errepresiorik bortitzena gertatzen da han. Setio militar batean bizi dira sahararrak; hiriak, auzoak, kaleak, etxeak... Dena dago zelatatuta, baita mugimenduak eta begiradak ere. Mikroskopio edo lupa batekin behatzen dute dena.

Giza eskubideen ekintzaileak, hala ere, kalera ateratzen dira, modu baketsuan protesta egitera. Zer ekarpen egiten du mugimendu zibil horrek?

Ekarpen handia egin dute. Blokeoa hausten saiatzen dira, eta nazioartean oihartzuna lortu dute; ikusgarritasuna lortu dute, eta horrek bide diplomatikoan ere eragina izan du; baina gauzak bere horretan daude, eta politikaren eremuan ez du aldaketarik eragin.

Badira indarkeriarik gabeko erresistentzia aldarrikatzen dutenak ere.

Gutxi batzuk baino ez dira, gerra aldarrikatzen dutenekin alderatuta.

Zu zeu gerraren alde zaudela dirudi. Horren alde egingo duzu kongresuan?

Gerra ezagutzen duenak ez du gerra maite, baina beste irtenbiderik ez daukazunean... Orain ere gerran bizi gara, hiltzen duen bakarra ez baita gerra. Heriotzari ere zentzu bat aurkitu behar diozu, eta zurea den hori defendatzeagatik hiltzeak pozez hiltzea dakar. Beharrezkoa bada, horrela hilko gara gizon eta emakumeak, gazteak eta zaharrak, erbestean daudenak, lurralde okupatuetan daudenak eta diasporan daudenak. Sahararrengan sinesten dut, euren adorean, euren ausardian eta euren konpromisoan... Horrela, poliki hiltzen ari gara. Hiltzeak zentzu bat izan dezala behintzat.

Fronte Polisarioa gerrarako prest al dago?

Saharako herria prest ote dagoen da galdera. Zurea den zerbait kentzen dizutenean, defendatu egiten duzu hitzaren bidez; baina hitzaren bidez ezin denean, eskura duzunarekin egiten duzu: makila batekin, labana batekin, ezpata batekin, fusil batekin edo hegazkin batekin.

Prestatuta gaude, eta bitartekoak ditugu. Gamelu pare batekin eta hiruzpalau fusilekin borrokatu ginen hamasei urte luzatu zen gerran. Eskarmentu handia daukagu, eremua ezagutzen dugu, eta inportanteena: konbikzioak dauzkagu. Eta kontu bat... Gerra hasten denean ez dakizu noraino iritsiko den. Gerrek ez dute mugarik ulertzen. Badakizu non hasten diren, baina ez noraino iritsiko diren bonbak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
Frantziak Marokorekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania aitortu dio

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.


Hamalau egun atxikita egon den saharar ekintzaile politikoa libre utzi dute

Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia... [+]


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Loiuko aireportuan ekintzaile saharar bat atxikita daukate duela 10 egunetik

Gizona Marokotik zetorren hegaldi batetik iritsi zen eta asiloa eskatu zuen, jazarritako ekintzaile politikoa zelako. Ukatu egin zioten eta gaur deportatu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezturiko “erreguzko... [+]


2024-03-20 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
“Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?”

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


‘Saharari kantari’ diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Ez da amnesia, monarkia da

Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak ukatu egin du Espainia Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea dela. Baina bada.

Urteetan, Espainiak Sahararen gaian neutrala zela zioen, nahiz eta gezurra izan: partziala zen, oso. Marokoren alde. Palestinako Aginte... [+]


2023-01-20 | ARGIA
Fronte Polisarioak Marokoren aurkako borroka armatua indartzea erabaki du bere kongresuan

Marokok 2020an ia hiru hamarkadatako su etena hautsi zuenetik, gerra berrabiarazi dute Rabatek eta Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak. Polisarioa XVI. Kongresua egiten ari da egunotan, eta estrategia berria eztabaidatzen ari dira. Buruzagitzan Brahim Galik... [+]


Loueila Sid Ahmed Ndiaye. Justizia eskubide
“Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira”

Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita... [+]


Jadiyetu El Mohtar Sidahmed
“Sahararron borroka ezin da bereizi borroka feministatik”

Mendebaldeko Saharan Marokok okupatutako lurretan bizi diren emakumeen borrokaz mintzatu da, Sultana Khayaren bizipenak ardatz. Khayak biolentzia pairatu eta bideo bidez dokumentatu du.


Eguneraketa berriak daude