Hildakoen argazkiak argitaratzearen alde eta kontra

  • Kazetariok ez dugu gorrotoaren meatzari lana egin behar. Inork baino inpartzialago jokatu behar dugu, gure egiak besteenekin erkatu eta informazioa, ardo zaharra bezain ona botilaratzeko.


2017ko abuztuaren 23an - 15:05
Abuztuaren 18an El Correo egunkariak kaleratuta azala.

ALDE

Amorrua, mina eta haserrea, hirurak nahastu zitzaizkien erraietan Bartzelonako Rambletako sarraskiaren biharamunean egunkariak ikusi zituztenei. Gertaereng
Espainiako El Pais egunkariaren azala

Amorrua, mina eta haserrea, hirurak nahastu zitzaizkien erraietan Bartzelonako Rambletako sarraskiaren biharamunean egunkariak ikusi zituztenei. Gertaerengatik sumindu ziren bai, baina askori itxuraz mingarriagoa egin zitzaien argazki hura argitaratu izana. Marcela Miret argazkilari argentinarraren irudia. Lau hilotz lurrean botata. Errealitate bat, ikuspegi bat. Hasteko, ez al da mundua azaltzea komunikabideen betebeharra?

Eraso krudelaren argazki gordina da Bartzelonakoa, ez ordea latzena. Egileak aitortu du memoria txartelean gordeta dituela ikusi ere egin nahi ez dituen batzuk. Jende askok, atentatuaren hurbiltasunak hauspotuta eta eskandalu hiperbolikoen garaiari leial, argazkia eta argazkilaria deabrutu dute. Neurririk gabe kritikatu ere, ahaztuz plano zabaleko irudian ikusten ez dena: odola, hildakoen aurpegiak, sufrimendu espresioak… aitortu ala ez, heriotzaren argazki light bat da, izan zitekeenaren alboan. Argazki informatibo aproposa. Agidanez, ez dute horrekin bat egiten txiolari askok. Horren erakusle, esaterako, argazkirik azalean ez daraman egunkari bakarra, Ara katalana, txalotu izana. Ez dakitena da Ara-ren laugarren orrialdeak bazekarrela argazki bat, bost zutabetara. Badakizu zein, ezta?

Atentatu honetan sare sozialetan pairatu dugun “egin, zabaldu eta gero pentsatu” jarrera basatitik urrun, antipodetan esango nuke, egunkari askoren erabaki hausnartua gorpuak argitaratzea izan da. Europan, Hego Amerikan, Estatu Batuetan… Denak erori dira sentsazionalismoaren hatzaparretan? Guztiek egin dute errekaren bidegurutzean urjauzira arraun? Mundu osoko egunkarien azalak ikusita, gogoeta lasai bat merezi du auziak, esaldi kategorikoak Facebookeko demagogoei utzita.

Hasteko, topikoan erori arren, gogoratu behar da nola atzerriko hildakoen aurrean ez daukagun erreparo handirik. Aylan hondartzan etzanda, Vietnam napalmez erretako haurrez, Ankara eta enbaxadore errusiarraren zuzeneko heriotza, Mediterraneoa kanposantu… inork gutxik jartzen du zalantzan irudi horien egokitasuna, ez dakit zein kontzientziazio helbururen izenean. Urrutikoaren hilotza erakutsi eta bertakoarena estaltzea; horixe anti-kazetaritza ariketa bikaina. Gainera, ez gaitezen tronpatu, gertukoetan ere ez dira falta izan hildako eta odolak: Zabalza, Zamarreño edo Villa. Eztabaida hau ardoa baino zaharragoa da. Asko pentsatu eta idatzi da gaiaz, adanista askoren ezjakintasuna gorabehera.

Biktimei errespetua ere aipatu izaten da maiz, gorpuak ezkutatzeko orduan. “Zu hildakoaren senidea bazina nahiko zenuke argazki hori ikusi?” Barkatu, kazetaritza ez da Disney. Biktimari mina ez eragitearen eskubidearen gainetik dago gizarte batek benetako gertakizunak modu zintzoan ezagutzeko eskubidea. Informazioa eta sentsazionalismoaren arteko muga lausoan tokia egin behar du kazetaritzak. Tamalez, min ematen du. Horrelakoa da bizitza. Biktimen mina areagotzea eta informatzea ubide beretik doazen urak dira maiz. Hor tartean kokatu behar da kazetaritza, alferrikako mina eragin gabe, baina informazioari, errealitateari, muzin egin gabe.

Profesional taldeen esku utzi behar dira gisa honetako erabakiak. Galbahe arduratsuena beraiena da, kazetaritza herritarra delakoaren irizpiderik eza agerian utzi baita beste behin. Mila gezurrezko zurrumurru entzun ditut Whatsappeko audioetan. Bideo terrorifiko batzuk ere badirela ezagutu ere bai. Whatsapp bidez krudelkeria antzua gupida gabe zabaldu duten ahobero askok kritikatu dituzte hedabideak. Argazki gogorrak erakustea da hedabideen betebeharra, gorpu eta guzti hala behar bada. Ez edozein modutan. Mugak existitzen dira. Asmatzen jakin behar da. Rambletakoan: asmatu dute. Akatsak akats, inork ez du erabaki hoberik hartuko prestatuta dauden kazetariek baino, izan kamera darabiltenak ala teklatua.

KONTRA

Hildakoen argazkiak argitaratzearen alde eta kontra
Herbehereetako Algemeen Dagbad egunkariaren azala.

Zerbaitetan behintzat ados gaude kamarada, eztabaida hau ardoa baino zaharragoa da. Eta esango nuke eztabaidak berak beste hainbat auzi daramatzala bere baitan. Diozun bezala, argazkien auzia plazara orain ateratzea argigarria da oso. Erakusten baitu, asasinatua mendebaldeko zibilizazioko jendea, jende zuria, denean asaldatzen dela populua. Iraken misilak lehertu eta ehundaka kolpetik hiltzean, zenbakiak baino ez ditugu ikusten argazki odoleztatuen atzean eta kasu, 14 hildakotik baino 140tik gertuago egon ohi da datu hotza. Israelek Palestinako ospitaleak txikitu eta hildako haurra amaren besoetan ikusten dugunean harridura keinu ttiki baterako baino ez digu ematen.  Hildakoa beltza bada, edo turbante bat jantzita badarama, argazki gordinak argitaratzea ez zaigu horren deitoragarria iruditzen edo ez digu halako saminik sortzen behintzat. Hau esanik, goazen gaiari hegiak topatzera, ongi etorria bedi eztabaida.

Sarraskia gertatu eta hurrengo minutuetan hamaika bideo eta argazki zabaldu ziren sareetan, bolbora erre baino azkarrago. Barrenak itotzeko gai diren dokumentuak batzuk, Deep Webean ohiko diren snuff movien generoan sar genitzakenak. Barkatuko didazue baina snuff movie-ak ez dira kazetaritza. Morboa, sadismoa eta egolatriaren ondorioa dira, berehalakokeriaren sustraiak eta sare sozialen pozoina barruraino sartuta dauzkagun garaiotan. Zeharkako propaganda dira Estatu Islamikoarentzat, Sirian aiztoarekin samia zeharkatuta exekutatutako estatu batuarraren bideoa nola. Hedabideek, orohar, terrorismo yihadista deitzen duten hori magnifikatu egiten dute, politikarien eta poliziaren laguntzarekin. Badirudi furgoneta batek edozein unetan harrapa gaitzakeela edo tiro batek ezustean jo, arrisku berehalakoan bizi bagina bezala. Kazetariok, zaila bada ere, auzia perspektibarekin aztertu behar dugu. Distantziarekin.

Kazetaritzak ez ditu egunik amultsuenak bizi, eta egun komunikabideak edozer egiteko prest daude klikbaita lortzeko. Kioskoetan ale gehiago saltzeko, nahi baduzue. Sentsazionalismoa non nahi zabaldu da sasitza bide ertzean bezala, eta hedabide gehientsuenek aspaldi pasatu dute zentzuzkoa denaren eta ez denaren marra gorria. Errazena bideo bat argitaratzea baita, unean uneko herra milaka bisitatan bihurtzeko. Kazetaritza ez da Disney, jendea hil egiten da, baina horrek ez du esan nahi hilketaren bideo edo argazki sadikoak argitaratu behar direnik. Hildakoen bideo-argazki sadikoak dokumentu esanguratsuak dira, ez kazetaritza ona. Kazetari on batek krimenaren bideo bat argitaratu baino, krimena bera eta berau inguratzen duen kontestua, zein backgrounda aztertu eta modurik egoki eta argienean azalduko du irakurle edo ikusentzulearentzat. Kazetari ona kalera jaitsiko da, biktimekin zein poliziarekin eta, ahal badu, ustezko egilearekin hitz egingo du ezer argitaratu aurretik. Dokumentatu egingo da eta azkenik tentuz erreportaje bat osatuko du aipatzen duzun galbahe lana eginda. Informazioaren ontzaileak dira kazetariak. Ofizioaren muga denak dira, onerako zein txarrerako, lausoak, aitzitik, argitaratu diren hainbat ikusentzunezko dokumentuk ez dute zalantzarentzat zirkinik ere uzten. Argi dago kazetaritzaren esparrutik kanpo daudela.

Ez da hildakoen argazki bat jarri behar, azal on bat argitaratzeko. Badira mila modu tragedia den bezain gordina kontatzeko, biktimekiko errespetua mantenduz eta perspektiba orokorra galdu gabe. Adibideak ikusi ditugu egunotan. Herbereetako Algemeen Dagblad egunkariaren azala esaterako, zeinak, familia bat kalean korrika ihesean agertzen baituen. Franffurter Allgemeine egunkariak, berriz, erasorako erabilitako furgoneta agertzen den urruneko kalitate baxuko plano orokor bat argitaratu du, momentuaren gordintasuna ederki azaltzen duena. Kazetariok ez dugu gorrotoaren meatzari lana egin behar. Inork baino inpartzialago jokatu behar dugu, gure egiak besteenekin erkatu eta informazioa, ardo zaharra bezain ona botilaratzeko.

Jatorrizko artikulua ZuZeun argitaratu dute eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


ANALISIA
Lanbide eta kriminalizazioaren jatorria

Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]


Iragarkiak

Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Eguneraketa berriak daude