Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Euskalerria Irratiari eskaini dio bere lehen elkarrizketa.
“Berriz diot PAI euskara baztertzeko asmatu zutela”.
“Euskal Herria naturaltasun osoz azaldu behar da testu liburuetan".
“Ikasleak sexuaren arabera segregatzen dituzten ikastetxeek ezinen dute Gobernuarekin itunik izan”.
Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria elkarrizketatu dute gaur goizean.
Hartu al diozu neurria kontseilari postuari?
Esnatzen naizenean batzuetan oraindik institutura joateko gauzak prestatzen ditut, eta gero jabetzen naiz beste institutu batera joan behar dudala. Gure Departamentuan ez da erraza denaz jabetzea. 9.000 langile gara. Santo Domingo aldapako eraikinean, 200. Hori beste erronka bat izanen da: irizpide logiko bat ezartzea. Zuzendaritzak leku ezberdinetan daude. Langileak nahasita daude batean eta bestean. Ikasturte hasieraren ondotik, eraikinari arrazionaltasun bat eman nahi diogu, zerbitzu bereko jendea elkarrekin egoteko.
Zure lehen erabakietako bat, Juan Ramon Elorz zuzendari nagusi izendatzea. Horrek berak lehen polemika eragin zuen. Elorz aurreko gobernuarekin Ikuskaritzako burua izan zen. Eta hori ez dute begi onez ikusi LAB, ELA eta Steilas sindikatuek. Zer erantzunen zenieke?
Elorz aspaldidanik ezagutzen dut. Bera ere hizkuntza politikan egon zen joan den mendean. Nik bere ibilbidea ikusi dut Ikuskaritzako zerbitzuburu gisa, eta badut konfiantza pertsonala harengan. Behar nuen barruko egoera, banaketa, historia ezagutuko zuen pertsona bat, eta horretarako Elorz da egokiena.
Aurreko kontseilariak agindu ziona agindu zion Elorzi eta berak egin beharrekoa egin zuen, baina ez zen harago joan. Beste kasuren batean hori gertatu da: bazen pertsona bat teknikoki oso aproposa postu baterako, baina esan zidaten komisario politiko lanak egin zituela, jendea grebarik egin ez zezan jazarri zuela, eta erabaki nuen hori ez izendatzea.
Departamentuan oso profesional onak ditugu. Ezin da hemen gertatu Espainian XIX mendean gertatzen zena: Canovas del Castillok irabazten zuenean beste guztiak kentzen zituen, eta alderantziz. Gobernuko profesional talde sendoa behar dugu.
Ingelesarekin, PAI-rekin ere polemika eragin duzu karguaz jabetu eta berehala, hori euskara zokoratzeko asmatu zutela esanez. Berresten al duzu epai hori?
Bai; izan ere, Barcina presidente ohiak hori dio youtubeko bideo batean. 13TV telebistan esan zuen hori.
Gu iritsi ginenerako ikasturte hau antolatua zegoen, kalte handia eraginen zuen baldintza horietan moratoria bat indarrean jartzeak. Beraz, ikasturte honetan gure helburua da PAI-ren azterketa egitea, eta txostena Parlamentuari zein Hezkuntza Komunitateari eskaintzea.
Orain arte ez al zuten halako ebaluaziorik egin?
Martxan jarri zeneko foru aginduak ikusi ditugu, eta bete beharreko baldintzak ere bai, baina besterik ez. Agian paper gehiago izanen dira, baina guk ez ditugu ikusi. Bideragarritasun planik, oinarri pedagogikorik ez dugu ikusi. Hori horrela, ematen du ikastetxe bakoitzak ahal izan duen bezala jarri duela martxan PAI. Kasu batzuetan noraezean, beste batzuetan ongi. Ez da gauza bera Iruñerrian, eremu euskaldunean edo etorkin pilo bat dagoen Erriberako herri batean ezartzea.
Zer egin nahiko zenukete PAIrekin?
Hezkuntza Mahaiarekin eta Nafarroako Hezkuntza Kontseiluarekin hitz egin nahi dugu. Hezkuntza Komunitate osoak erabaki behar du hori. Seguru asko Departamentuak proposamen bat eginen dugu. Hor gakoa ikastetxeen autonomia indartzea izan daiteke. Baina gu TILaren aldekoak gara. Gazteleraz, Tratamiento Integrado de Lenguas. Euskaraz, Hizkuntzen Trataera Integratua. Hori PAIrekin ez da lortzen. Adibidez, D ereduarekin PAI uztartzea zaila da. Ez dago aski ordurik. Eta ezin da ahaztu D ereduan ingelesa indartzeko programak indarrean jartzen aitzindari izan zirela.
Parlamentuak Euskararen Legearen araberako Eremu Ez Euskaldunean D eredua eskaintzeko aukera zabaldu zuen iragan legealdiaren amaieran. Aprobetxatuko al da ikasturte honetan?
Gu iritsi ginenerako, ikasturtea diseinatua zegoen. Abartzuzan D ereduko lerroa martxan jarriko da. Eskaera gehiago izan dira. Guk ezin ditugu denak multzoan onartu. Banan-banan aztertu behar dira, eta eskaera horiek problematikoak ziren, landa-eremuko ikastetxeak zirelako, eta oso irakasle gutxi zituelako.
Euskararen Legea aldatzea ez al da ezinbestekoa D eredua zabaldu ahal izateko?
Gobernua osatzeko akordio programatikoan eztabaidatzeko uzten du legearen aldaketa. Baina irakaskuntza publikoaren aldeko apustua egiten du, D ereduaren aldekoa eta gainera aipatzen du aintzat hartu behar dela eremu ez euskaldun horretan ikastolek egin duten lana.
Zer eginen duzue ikastola horiekin?
Bere garaian, Iruñeko udal ikastolak publifikatu zituzten. Hori gerta daiteke. Baina ikastolen eskuetan dago esatea zer nahi duten. Federazio moduan, haiek proposamenak egin behar dizkigute. Edozein modutan ere, lehendabizi Gobernuak egin duten lanaren aitortza eginen du, eta gero betebeharrei banan-banan aurre egin beharko zaie.
LOMCEren ezarpenak zein ondorio izanen ditu ikasturte honetan? Seigarren mailako azterketa eginen duzue?
Nahi eta nahi ez; izan ere, esanda dugu gobernu honek dena berme juridiko eta ekonomikoekin eginen duela. Abuztuan kontseilarien batzar batean izan nintzen. Moratoria eskatu genuen. Baina PPren malgutasunik eza oso handia izan zen.
Zenbait argitaletxek ez dituzte liburuak garaiz prestatu.
Arazo handiak daude, bai. Ea zer gertatzen den Madrilen hurrengo hauteskundeetan. Hori erabakigarria izanen da.
Testu liburuetan Euskal Herriaren kontzeptua onartuko al duzue?
Jakina. Eguna eta gaua bezala. Kontu natural bat da eta ez dago eztabaidan.
Haur eskolak Nafarroako Gobernuaren sarean sartuko dituzue?
Akordio Programatikoan agertzen da haur eskolak hezitzaileak direla, ez ongizate sozialeko kontu bat. Hezkuntza sisteman sartu nahi ditugu.
Azken urteotan, Nafarroako Gobernuarengandik jasotzen duten diruari dagokionez, pertzentualki, itunpeko ikastetxeek publikoek baino murrizketa txikiagoa izan dute. Zer eginen duzue horrekin?
Gobernu honek publikoaren aldeko apustua egin du. Itunpeko irakaskuntzak publikoaren osagarri izan behar du. Eta horretarako hainbat arau bete behar dituzte.
Ikasleak sexuaren arabera segregatzen dituzten ikastetxeekin zer egien duzue?
Bada hori debekatzen duen foru lege bat. Beraz, segregatzaileek ezinen dute itunik eduki.
Ikastetxe publikoetan, azpiegitura arazo handiak dituzte. Konparaziora, Biurdana institutuak gainezka egin du. Iruñerriko ipar partean institutu berria eginen al duzue?
Akordio programatikoan egoera larrian dauden sei ikastetxe aipatzen dira, Biurdana barne. Ikusten ari gara nola egin. Gobernua sostengatzen duen lau indarren bilerara eramanen dut gaia, horiek konpontzeko zenbat diru behar den esanen diet. Baita Lan Eskaintza Publikoa egiteko zenbat behar den ere. Lehentasunak aintzat hartu beharko dira. Castejongo egoera onartezina da. Buztintxurin ere premia erabatekoa da. Baina horiek konpontzeko milioiak behar dira. Erabakiak hartu beharko dira.
Lan Eskaintza Publikoa aipatu duzu. Barcinaren gobernuak 134 plaza iragarri zituen. Orain PPren Gobernuak, hauteskundeen atarian, esan du ratioak murriztu daitezkeela, eta erretiratuak ordezka daitezkeela. Zenbat plaza izanen dira?
Plantillen finkotasunak lotura zuzena du hezkuntzaren kalitatearekin. Orain 1.600 kontratatu ditugu, eta 500 behin-behineko irakasle. Horrela ezin da planifikazio egokirik egin.
Orduan, zenbat plaza eskainiko dituzue?
200dik gora eskaini beharko genituzke, baina sindikatuekin aztertu beharko da nola egin. Oso egoera larrian gaude. Eskaintzen ez baditugu, kaltetu bistakoak izanen dira. Baina eskaintzen baditugu, estatu osoko irakasleak etor daitezke, eta hori ere ez da komeni, gero alde egiten baitute. Eta hori ongi aztertu behar da.
Opus Deiren unibertsitatearen ikasturte hasieran Barkos eta biok izan zineten. NUPenean, Gobernu osoa.
Oso argia izan da keinu hori. Gure apustua da publikoaren aldekoa. Pozik geundeke biok elkarlanean ariko bagina.
Sinbolismoaz harago: NUPen Medikuntza fakultatea bai ala ez?
Barkos lehendakariak esan zuen bezala, aukera aztertzen ari gara NUPekin batera. Hori ezin dugu inposatu.
NUPeko zenbait fakultate Alde Zaharrera ekartzeko aukera ere aipatu da.
Horretarako Iruñeko Udalak ere inplikaturik egon behar du. Gaur bertan bilera egin behar dute Barkos lehendakariak eta Asiron alkateak…
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Euskalerria Irratiak argitaratu du eta webgune horretako Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]
Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]
Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.
Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.
Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.
Nafar Gobernuak energia plan berria aurkeztu du “2030 Ikusmuga Plan Energetikoa” zirriborroan. Energia berriztagarrien erabilpena %21etik %51ra handitzeko asmoa duen arren, planak Castejóngo zentral termikoak ixteari buruz ez duela ezer esaten salatu du... [+]
Hainbat sindikaturekin batera egindako agerraldian Nafarroako Gobernuari galdegin diote Madrilekin mantentzen ari den negoziazio eteteko eta "tren soziala zehazteko", herritarrei "parte hartzeko aukera" emanda.
Foruzaingoaren jarduna eraberritu eta gomazko pilotak ez erabiltzeko erabakia bururaino eraman dute, Ertzaintzak eskainitako bi prestakuntza ikastaro jasoz eta material berria eskuratuz.
UPN, PPN eta Ciudadanosekin batera parte hartuko du PSNk ekainaren 3ko manifestazioan. Nafarroako bandera defendatzeko aitzakiarekin egin dute bat deialdiarekin. Alderdiaren militante batzuek desadostasuna adierazi dute.
Nafarroako eta Espainiako Gobernuek AHTaren inguruan “ez-betetze klausulak” sinatzea proposatu du Iñigo De la Serna Barne Ministroak. Manu Aierdik ontzat hartu du proposamena: "Izugarri ona iruditzen zait ardura duena behartzea sinatutakoa... [+]
Mugikortasun planak sortu ditu desadostasunak. Ostegun goizean Podemosek, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak agerraldia eginen dute. Joseba Asiron alkateak desadostasunak onartu ditu baina harrituta azaldu da udal gobernuaren krisia dagoela entzutean.
"Zigortzailea eta murriztailea" den legea bertan behera utziko dute Gobernua babesten duten lau alderdiek. 2003. urtetik dago abian Ikurren Legea, baina orain, Udalen autonomiaz baliatuta, udalerri bakoitzak erabakiko du zein ikur jarri erakunde ofizialetan.
Nafarroan 2003tik indarrean dagoen Ikurren Legea baliogabetu egingo du foru gobernuak, hura sostengatzen duten lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) hala adostu eta gero. Zigorrik eragingo ez duen lege berria sortzeko prozesu parte hartzailea iragarri... [+]
Nafarroan 2003tik indarrean dagoen Ikurren Legea baliogabetu egingo du foru gobernuak, hura sostengatzen duten lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra) hala adostu eta gero. Zigorrik eragingo ez duen lege berria sortzeko prozesu parte hartzailea iragarri... [+]
Vascuencearen Legearen 30. urteurrenean Kontseiluko idazkari nagusiak esan du "ospatzeko deus ez dagoela, gehiago dagoela lege horrek utzitako ondorio latzen inguruan ohartarazteko”.