Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ikamak deitutako ikasle greban

  • Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.

Hezkuntza sistema propioaren aldarria ozen oihukatu dute Bilboko kaleetan zehar. Ikasleria Martxan

2025eko martxoaren 20an - 14:54
Azken eguneraketa: 19:22
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ikamak deituta, greba eguna zuten martxoaren 20a Hego Euskal Herriko unibertsitate eta ikastetxeetan. Ikasle zapalkuntzekin amaitzeko bidea "Hezkuntza Sistema Propioa lortzean" datzala aldarrikatu dute, gehituta horretarako independentzia "beharrezkoa" dutela. Horrez gain, salatu dute mundu osoan gertatzen ari dela "faxismoaren eta ideia erreakzionarioen" gorakada, baita Euskal Herrian ere: "Arrazakeria edozein txokotan dagoela ikusi dugu, eta gazteon artean, ikasleon artean, agerikoa da diskurtso matxistak, transfoboak, homofoboak zabaltzen ari direla, zer esanik ez mutil gazteen artean".

Gaur egungo agertoki "zailean", euskal ikasleriari "borrokatzea" dagokiola adierazi dute, besteak beste, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balore independentistak aldarrikatzeko. Hain zuzen, euren ustez Espainiako eta Frantziako erakundeen ardurapean ezarritako hezkuntza sistemak "ez ditu kontuan hartzen Euskal Herriaren eta euskal ikasleen beharrak", eta "sistema kapitalista zisheteropatriarkala betikotu" besterik ez du egiten. Horregatik, behar duten hezkuntza eskuratzeko independentzia "beharrezkoa" dela azaldu dute.

Palestina pairatzen ari den genozidioa gogorarazi dute ikasleek, asteartean Israelek Gazako su etena hautsi eta egun bakarrean 400 palestinar gehiago hil baitzituen: "Euskal Herritik elkartasuna adierazi nahi diegu Palestinako herritarrei eta, bereziki, Palestinako ikasleei. Zuekin gaude!".

Ikamaren mobilizazioan hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarrikapenak oihukatu dituzte. Ikasleria Martxan

Euskararen aurkako erasoak ere hizpide

Euskal Herria Espainiako eta Frantziako Estatuen menpe dagoena "nazio zapaldua" dela salatu dute: "Gure herriak jasandako asimilazioaren ondorioz, erabakitzeko eskubidea ukatu zaigu, gure herriaren nortasuna, kultura, memoria zein gure hizkuntza kolokan jarriz". Euskararen kontrako erasoak ere gogararazi dituzte, "nonahi" bizi baitituzte. Hezkuntzan "lehendik zeuden hutsuneak" areagotzen ari direla, eta horren aurrean, "borroka antifaxistari" ekingo diotela adierazi dute.

Protokolo eraginkorrak exijitu dituzte "faxismoari ateak ixteko": Leioako kanpuseko Zuzenbide fakultatetik bere sare sozialetan mezu faxistak, matxistak eta arrazistak idazteagatik kanporatutako irakaslea hizpide izan dute, baita duela gutxi EHUk ikertu baina kanporatu ez zuen Gasteizko Farmazia fakultateko irakaslea ere. Gisa horretako kasu gehiago gertatu ez daitezen, "Euskal Herri osoan goitik beherako hezkuntza euskalduna" aldarrikatu dute.

Iruñea Ikasleria Martxan
Donostia Ikasleria Martxan
Gasteiz Ikasleria Martxan
Bilbo Ikasleria Martxan

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikama
Eguneraketa berriak daude