HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Hezkuntza politiken “noraeza” salatu nahi dute, politika horiek etengabeko metodologia berrietan, “burokrazia ikaragarrian” eta IKTen “erabilera zentzugabean” oinarritzen direla argudiatuta. Taldeko Tere Maldonado irakaslearekin hitz egin du ARGIAk.
Zeintzuk zaudete HezkuntzArtearen atzean?
30 irakasle pasatxo gara, gehienak DBHkoak, baina HH, LH eta unibertsitateko baten batzuk ere badira. Gehienak publikoan ari gara, nahiz eta irakasle guztiei zuzentzen garen. EAEko irakasleak gara eta aurrerago ziurrenik Nafarroako irakasleekin harremana izaten saiatuko gara.
“Etengabe ebidentzia zientifikorik gabeko metodologia berrietan trebatzen gaituzte”, diozue. Iparrik gabeko berrikuntza bultzatzen ari dira administraziotik?
Erabat da iparrik gabea. Badirudi etengabe berritzea berez ona dela, horrela jokatzen dute Eusko Jaurlaritzatik; “berrikeria” hitza erabiltzen dut nik. Ikasleengan pentsamendu kritikoa bultzatu behar dela errepikatzen dute behin eta berriz, ikasgai berri bat sortu dute izen arranditsu horrekin, baina gero ez dira kapazak beren jarduera kritikoki aztertzeko. Alderantziz, hizkera berri bat sortu dute, dotrina hutsa dena eta modu akritikoan erabiltzen dutena. Guk dioguna da metodologia berriak onak zein txarrak izan daitezkeela, berdin metodologia zaharragoak. Eta metodologiak ez dira hezkuntzan gako inportante bakarra, edukien garrantzia baloratzera itzuli behar dugulakoan gaude, irakatsi behar dugun hori baloratzera. Metodologia berriekin gure ikasleak inoiz baino gutxiago ari dira ikasten, oso larria da eta aldatu beharra dago. Noraeza ikaragarria da: konpetentziak, proiektukako irakaskuntza (eremuka lan egitea ez delako ari bermatzen diziplinartekotasuna, ikusten ari garenez), gamifikazioa… Denbora guztian irudikatzea ikaskuntza eta bizitza jolasa direla akatsa da, batzuetan ikastea ere bada isilik, norbere lanean bilduta… egotea, eta zerbait ikastea eta ulertzea plazer handia da. Baina beti dago azken moda bat, gurpilak ezin diolako biratzeari utzi eta interes asko dagoelako tartean.
Zirkulazio libre eta autonomoaren izenean, esaterako, hormak botatzen hasi dira, baina bihar modaz pasatzen bada, zer? Gure galdera da: pedagogiaren barruan, zergatik ez zaio inolako garrantzirik ematen ikasgai bakoitzak berezkoa duen didaktikari? Lehen aipatu dudan edukien garrantzia eta urtetan irakasleek pilaturiko esperientzia eta eskarmentua lehenengo planora ekarriko lituzke. Baina berrikuntzaren harira sortu diren txiringito asko diru-iturririk gabe geldituko lirateke.
"Edukien garrantzia baloratzera itzuli behar dugulakoan gaude, irakatsi behar dugun hori baloratzera"
Berrikuntzaren gurpil horretan, teknologia berriek rol garrantzitsua dute. Kritikoak zarete IKTen erabilerarekin.
Ikasketa prozesuan gailu horiek guztiak sartzeak ekarri zuen promesa zoragarri hura iruzurra dela gero eta argiago geratzen ari da. Teknologia horiek sarri ez dute ikaskuntza prozesuan laguntzen eta ikaslearen arreta zentratzeko orduan trabak ekartzen dituzte. IKTak tresna bat gehiago dira, baina koadernoak berreskuratu behar ditugu, eskuz idazteko ohitura. Zorionez, familiak antolatzen ari dira gai honen bueltan eta Altxa Burua da horren adibide.
“Txostenak, galdetegiak, egingarriak ez diren programazio didaktiko ulertezinak…”, irakasleen artean erre-sindromea orokortuta dagoela diozue. Non jartzen dira indarrak eta non jarri beharko lirateke?
Gehiegikeria itzela da; irudi luke arduradun politikoen lana dela gure jarduna ahalik eta gehien oztopatzea. Gure lana da irakastea, horrek hartzen dituen jarduera guztiak barne: azaltzea, zalantzak argitzea, ikasleari laguntzea, pentsaraztea, arazo batean dauden alderdi ezberdinak ikusaraztea, zuzentzea, ebaluatzea… eta horretarako programazioa egitea eta txostenak idaztea gure zeregintzat dugu, baina azken boladan gertatzen ari dena jasanezina da, gure jardunaren parte handiena burokrazia erabat antzuari eskaini behar izatea. Zehaztasun milimetrikoz programatu behar dugu (baina programazioak gida bat dira, tresna bat, ez helburua), berdin ebaluatzerakoan… Are, ikasgaitik harago, elkarbizitzari edota diziplinari lotutako kontuekin arazoren bat baldin badago, administrazioan lasai geratuko dira Excelean edo PDF fitxategian txosten andana uzten badugu zintzilik, eta gure betebeharra ez da hori: gure betebeharra da arazoa konpontzea, eta gero bai, egin dugunaren berri ematea, baina modu arruntean, ez eskatzen duten gisan. Nori egiten dio horrek mesede? Ez du zentzurik. Guk denbora behar dugu klaseak prestatzeko, eguneratzeko, egokitzeko, behar bezala zuzentzeko… eta hainbeste formulario bete behar horrek oztopatu egiten du gure zeregina.
"Gure lana da irakastea, horrek hartzen dituen jarduera guztiak barne: azaltzea, zalantzak argitzea, ikasleari laguntzea, pentsaraztea, zuzentzea, klaseak prestatzea… Hainbeste formulario bete beharrak oztopatu egiten du gure zeregina"
Manifestua aterako duzue laster. Ondoren, zer?
Gure azken helburua litzateke hezkuntza politiken noraeza geldiaraztea eta hezkuntza erakunde publikoek politika zentzudunak gauzatzea, gure lana erraztea. Hezkuntza publikoa eta guztiontzat kalitatezkoa bermatu dezatela, erretolika pedagogista eta publizitate munduko hizkera alboratuta. Hezkuntzaren merkantilizazio eta pribatizazioarekin lotzen ditugu salatzen ditugun arazo nagusiak. Momentuz, nahi dugu eztabaida plazaratu eta irakasleon nekearen berri eman. Badakigu irakasle asko dagoela guk bezala pentsatzen dutenak, eguneroko lanean zenbat oztopo aurkitzen dituzten ikusteaz nazkatuta, ahotsa altxatu nahi dutenak. Gurekin bat egitera animatzen ditugu.
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.
Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka... [+]
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.
“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]