Iazko egunerokotasun pandemikoari jarraitzen dion urte honi Euskal Herrian erroturik ez zegoen ideologia heterosexualaren beste adar bat gehitu zaio: euskal labela duen transfobia esplizitua.
Intersekzionalitateak barnebiltzen dituen ertz guztiak testu bakarrean jasotzea handi geratzen zaidanez gero, lerro hauetan genero eta sexu disidentzien gaiari eta marko horren baitan gaur egun Hego Euskal Herriko testuinguruan artikulatzen diren borrokei helduko diet nire emozioei lekurik kendu gabe, gaiak erabat zeharkatzen bainau eta azken hilabeteetako haserrea neke bihurtzen ari zaidalako jada. Honekin esan nahi dudana da ez dudala inpartziala izateko inongo asmorik.
Aski entzuna dugu heterosexualitatea sexu-praktika soil bat izatetik urrun, erregimen politikoa dela. Baina, zer da erregimen politiko kontzeptu abstraktu horren atzean dagoena? XX. mendearen 70. hamarkadan hasi ziren Europan ordura arte feminista heterosexualek aztergai ez zuten sexualitatearen ildoa lantzeko haien kabuz antolatzen eta adar ideologiko lesbianista propioa sortzen. Hala, filosofia feminista batetik abiatuta, heterosexualitatea kontrolerako tresna gisa zelan egituratzen den aztertzen hasi ziren. Korronte horretan kokatuko dugu Monique Wittig pentsalari, idazle eta ekintzaile lesbofeminista materialista, zeinak emakume eta gizon kategoriak klase bezala aurkeztu zituen; hau da, harreman sozial baten ondorio bezala, eta ez esentzia gisa, klase ekonomikoarekin parekatuz. Izan ere, bere pentsaeran, emakume izatea egitura heterosexualaren baitan jendartean leku eta eginkizun zehatz batzuk okupatzea baita. Era horretan, heterosexualitateak “beste” diferente baten beharra du menderakuntza gauzatu ahal izateko. Azpimarratzea dago baieztapen horretara heltzeko eskubide antiarrazisten borrokaren pentsaeran oinarritu zela.
"Hego Euskal Herriko testuinguruan artikulatzen diren borrokei helduko diet nire emozioei lekurik kendu gabe, gaiak erabat zeharkatzen bainau eta azken hilabeteetako haserrea neke bihurtzen ari zaidalako"
Heterosexualitateak, beraz, elkarren aurkakoak diren bi sexuen birprodukzioa du oinarri; emakumeak eta gizonak sortu behar ditu alderdi publikoa eta pribatua ongi bereizita bermatzeko eta ekonomia heterokapitalistaren hanka kuantitatiboki merkeena sendo eusteko: erreprodukzioa. Sexuen birprodukzio hori zapalkuntzen birprodukzioa da Wittigen Pentsamendu Heterosexuala lanean, hamarkada bi geroago Judith Butler filosofoak teorizatuko zuena bere generoaren performatibitatearen teorian, matrize heterosexuala izanik zapalkuntzak egituratzeko eskema. Matrize heterosexualak ezarriko zuen “gorputzak koherenteak eta zentzudunak izateko genero zurrun baten bitartez adierazitako sexu zurrun bat egon behar dela”, maskulinoak gizona adierazten duela eta femeninoak emakumea, “historikoki eta aurkakotasunean definitzen dena heterosexualitatearen derrigorrezko praktikaren bitartez” (Butler, Genero nahasmendua. Feminismoa eta identitatearen subertsioa). Performatibitatearen teoriak azaltzen du nola genero identitate bitarra errepikapenaren eta bazterketaren bitartez birproduzitzen den, eta nola bazterketa eta normen errepikapena ez den behin bakarrik gertatzen, baizik eta etengabekoa dela. Aitzitik, sorkuntza hori esanahi kulturaletan oinarrituta dagoenez eta horrek bortizkeria ekartzen dienez gorputzei, errepikapena ez da beti mekanikoa izaten eta arrakalak sortzen ditu sisteman, sarri ez dituelako subjektibitate koherenteak eta zurrunak sortzen.
Heterosexualitatea, beraz, matrize horren bitartez diferentzia sortzeaz eta markatzeaz arduratzen da. Eta egiten duen lehen galdera zera da: diferente zerekiko? Hor markatzen du norma, eta hor bereizten dira gorputz adigarriak eta adigarriak izateko eskubiderik ez dutenak. Izan ere, zenbat eta heterosexualago izan (zenbat eta subjektibitate egonkor eta koherenteagoa izan, zenbat eta gizonago edo emakumeago izan), orduan eta adigarriago izateko eskubidea dago. Era horretan egituratzen da gorputzean eta diferentzian oinarritutako subjektua, eta hortik sortzen dira arrazakeria, sexismoa, homofobia, transfobia, klasismoa…
Beraz, sexu barik ez dago existentziarik. Ez sozialki, ez legalki, sexu kategoria bitarra baita gaur egun gorputza materializatzen duena. Subjektua sexu bitarrera murriztean, kontrolatzea errazagoa da, emakumeak eta gizonak sortzen dira eta bakoitzak funtzio bereiziak betetzen ditu jendarte mailan; subjektuaren adiera konplexuagoek kontrol hori zailago egiten dute. Eta bitarra den heinean, hierarkikoa da, batak besteak baino balio sozial handiagoa izateko diseinatuta dagoelako formula hori. Hori dela eta, esaten da sexua, generoa bezala, kulturala dela, –diferentzia eta ondorioz klasea sortzeko elementua– egitate hori desnaturalizatzeko premia azpimarratzeko. Arraza kontzeptuarekin gertatzen den bezala.
Eta hori aldatzeko gaude lanean, batik bat, trans legearen zirriborroa onartua izateko defentsan ari garenean. Aitzole Araneta sexologoak adierazi bezala, ez gaude identitatea aukeratzeko auziaz ari, baizik eta gorputzak aitortzeko eta babesteko beharraz.
Hego Euskal Herriko testuingurura bueltatuz, gutxienez, 60 urteko historia duen Mugimendu Feminista autonomoa dugu, baina baita ere LGTB* mugimendua, txikiagoa dena baina hamarkada luzez ibili dena estatutik eta Europatik etorri diren eta alderdi politiko batzuek integratu dituzten onarpen sozialerako egitasmoen –Pride-a kasu–, estigma eta zapalkuntzen kontrako erresistentzian, eta babeserako eta bizi-eredu berrietarako proposamenak sortzen. EHko LGTB* mugimendua ez delako sigla horien atzean dauden subjektu
"Mingarriena eta amorru gehien sortzen didana honetan guztian feminismoaren izenean zapalkuntza gehien jasotzen dituztenen kontra joatea da"
normalizatuen defentsan ari den mugimendu bat; gai honekiko neoliberalismoaren mehatxuak direla medio, kapitalismoaren eta klasismoaren kontrako borroka ardatz zentrala da mugimenduan, baina baita ere dekolonialitatearena, batez ere pribilegio zurien erabilpenari dagokionez. Horrek, halabeharrez, gai desberdinetan lanean diharduten talde zein asanbladekin aritzea eskatzen du, talde mailan zein indibidualki, mugimenduan dabilen jende asko desdoblatzen baita. LGTB* mugimenduaren izaeran paratzea derrigorrezkoa izan zait trans legearen kontra posizionatu diren feminista izendaturiko askok mugimendua kriminalizatzeko eta aldi berean despolitizatzeko hartu duten jarrera gorrototik sorturikoa dela adierazteko –queer mugimendua PNVri, faxismoari eta burgesiari berdintzea gorrotoa elikatzeko ez bada, absurdoaren logika guztiak gainditzen ditu–. Bestalde, ulertezina egiten zait Euskal Herria mailan trans legearen zirriborroa atzera botatzeko plataforma bat sortu izana zirriborro horrek proposatzen dituen eskubideetako asko indarrean daudenean EAEn 2012tik eta Nafarroan 2017tik; adibidez, gutxienez bi urteko hormonazio prozesu batetik edota ebakuntzetatik pasa behar ez izatea identitatea legalki aitortua izan dadin. Finean, gorputzen psikiatrizazio eta moldaketa prozesu horiek derrigorrezkoak ez izatea, alegia, norberak egin edo ez egin aukeratzeko eskubidea izatea. Are gehiago, kontuan hartzen badugu psikiatrizazioak eta medikuntzak emakume eta gizon kategorien eredu heterosexualak eta normatiboak jarraitzen dituztela –test psikiatrikoak, esterilizazio behartuak eta hormonen diseinua ikustea besterik ez dago–. Hurbileko kasu horiek demostratzen dute ez dela orain arte emakumerik ezabatu eta gizonak ez direla masan emakume bihurtzen ari lana topatzeko edo emakumeak erasotzeko (hau da eztabaidaren maila). Bestalde, trans legeak dakartzan berrikuntzetako bi trans esperientzia duten adingabeen eta pertsona migratuen aitortza legala da. Existentziarako eskubide minimoak bermatzea.
Emakumearen askapena “biologikoki” soilik aztertzea sexualitateak, klaseak, arrazializazioak, eta beste abar luze batek eragingo ez balute bezala, intersekzionalitatearen kontra zuzenean egitea iruditzen zait. Eta mingarriena eta amorru gehien sortzen didana honetan guztian feminismoaren izenean zapalkuntza gehien jasotzen dituztenen kontra joatea da, bollerak eta lesbianak instrumentalizatzea trans legearen biktima bezala aurkeztuz, eta sexu binomio hori gorpuzten ez dugunon inguruan zein ahots infantilistarekin adierazten diren entzutea. Eta batez ere, inolako memoria historiko barik kanpoko diskurtso alderdikoi testuingururik gabeak zelan asimilatzen ari diren, hamarkada luzeetan egindako lana pikutara botatzen saiatuz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen... [+]
Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]
Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.
Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]
Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]