Hizkuntzen auzia erabat lotuta dago jendarte justuago eta kohesionatuago bat osatzearekin, eta, horrenbestez, euskararen alde egitea, euskararen normalizazioan sakontzea, herritar denon eskubideak berma daitezen urrats bat egitea da, bizikidetzan eta demokrazian sakontzea.
Izan ere, munduan nagusienetakoak diren bi estatu hizkuntzaren artean harrapatuta ailegatu da 2023 honetara bizirik eta noranahiko euskara; zehazki, 810.000 hiztunetan gorpuztuta (halaxe diote azken Inkesta Soziolinguistikoko emaitzek).
Kontua da historia ofizialek sarri bestelakorik adierazten duten arren, hizkuntzen nagusitze prozesuak ez direla berez, modu naturalean, gertatzen. Baizik eta nagusitze horiek –jendarteko gainerako arloetan bezala- hizkuntza horien aldeko garaian garaiko politiken ondorio direla. Beste era batera esanda: espainieraren eta frantsesaren gaur egungo nagusitasuna mendeetako bultzada, erabaki eta neurri politikoen ondorioa da.
Gainera, neurri horiek, zoritxarrez, ez dira hizkuntza horien alde soilik hartu, baizik eta beste batzuen kontra; besteak beste, euskararen aurka. Alegia, euskararen azken mendeetako historia, gutxiagotze eta menderatze prozesu batena da. Hizkuntzaren aurkako neurriena ez ezik, hiztunen kontrakoena. Modu askotakoak izan dira tresnak: euskara gizartea egituratzen duten garaian garaiko instituzio nagusietatik kanpo uzteko legedietatik hasi, eta hiztun zehatzen jazarpeneraino.
"Historia ofizialek sarri bestelakorik adierazten duten arren, hizkuntzen nagusitze prozesuak ez dira berez, modu naturalean, gertatzen"
Gure memoria biziaren parte dira debeku eta zigor horietako hainbat, euskaraz egiten zuten eskola-umeei ezartzen zitzaien eraztuna kasu. Estrategia maltzur eta zitala, umeak egiten baitzituen umeen salatari, zapalduak elkarren zapaltzaile. Josu Martinez zinemagileak Donostiako Zinemaldian estreinatu berri duen ‘Bizkarsoro’ film gomendagarrian ederki ez ezik edertasunez jasotzen da suntsitze handiko tresna haren nondik norakoa.
Beraz, bai: egokitu zaion testuingurua aintzat harturik euskarak egundaino irauteak badu misterioaren kutsua. Edo, zuzenago, mirariena. Baina, aldi berean, jakin badakigu, misterio eta miraritik ezer gutxi duela. Iraupen honek arrazoi garbi bat duela: mendez mende, hamarkadaz hamarkada, belaunaldiz belaunaldi, milaka lagunek euskararen aldeko hautua egin izana. Batzuetan eta zenbaitzuk, inkontzienteki, senez. Beste batzuetan, hainbatek, erabateko kontzientziaz, burujabetza indibidual zein kolektiboko ariketa gisa. Nolanahi dela, batura horren ondorioz heldu gara bizirik gaurdaino, espainieraren eta frantsesaren mendeetako oldarraldiari, hondoko korronte bortitzari, hesia jarriz.
Historia ez da laua, ezta lerro zuzen bat ere. Aitzitik, txirikorda bihurri eta konplexua da. Iraganeko eta gaindituak uste ditugun kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu askotan. Esango nuke halako zerbait gertatu zaigula euskararen aurkako oldarraldi judizialarekin. Batetik, euskararen normalizazioa helburu duten arau eta legeen kontra gertatzen ari den sententzia sortaren argudio eta ondorioak ez zaizkigu arrotzak: behin eta berriro azpimarratzen dutena da hizkuntzekiko obligazio bakarra dugula, espainiera jakitea. Espainierak jartzen duela oinarrizko eskubideen neurria –Hego Euskal Herriari dagokionean, jakina, baina Ipar Euskal Herrian dinamika are eta bortitzagoa da frantsesarekin-.
Baina, bestetik, iraganeko kontuak iruditzen zaizkigu uste genuelako Euskal Autonomi Erkidegoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ofizialtasunaren eta lege babesaren bidetik egina genuela jada bide bat, atzeraezina –jakitun ginen Nafarroako zati gehienean eta Ipar Euskal Herrian askoz ere prekarioagoa zela egoera-. Uste genuen euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko gutxienekoak onartuak eta partekatuak zirela, gizartean ez ezik, baita uztai politiko ia osoan eta estatuko erakunde nagusienetan ere. Baina ez. Berriro ere txirikorda bihurri eta konplexua dela oroitarazi digu historiak. Eta hondoko korronte batzuek oso sendo irauten dutela, oso.
Akorduan dut duela 25 bat urte, ‘Euskaldunon Egunkaria’ indarrez itxian kazetari nintzela, nola esaten zidan gure aitona Joakin Txikik: “zuei periodikua itxi egingo dizuete, horrek, agintzen dutenak, lehengoen umeak dira-eta”. Aitortzen dut aitonak hori esaten zidanean gazteak zaharrarekiko izaten duen onberatasunez begiratzen niola: ulertzen nuen bere logika baina oso erratuta zegoela pentsatzen nuen. Errealitate kolpeak eraman ninduen haren jakituriaz eta hondoko korronteen indarraz erabat jabetzera.
"Iraupen honek arrazoi garbi bat du: mendez mende, hamarkadaz hamarkada, belaunaldiz belaunaldi, milaka lagunek euskararen aldeko hautua egin izana"
Horixe, beraz, egungo panorama: uste genuen jende askoren ekimen eta bultzadari esker, eta horren denaren instituzionalizazioa dela tarteko, euskararen aldeko hizkuntza politikak egiteko gutxieneko tresneria bermatuta genuela, sikiera, Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako zati batean. Gutxienekoa diot, euskalgintzaren diagnostiko partekatua delako etorkizunera begirako erronka handiei aurre egiteko lanabes berri eta zorrotzagoak ezinbestekoak direla. Baina usteak erdia baino osorik ustel gertatu zaizkigu, eta azken boladako sententzia sortak erabat ahulduta utzi digu orain arteko tresneria bera ere. Frogatu digute hizkuntza nagusien hondoko korrontea oso dela indartsua, eta hortxe dagoela beti, atezuan.
Horregatik da hain garrantzitsua euskalgintza askotariko eta zabalean ari diren erakunde nagusien bilgune den Kontseiluak datorren azaroaren 4rako Bilbon antolatu duen manifestazioa: oldarraldiari hesia jartzeko, adierazteko, milaka garela euskaraz ardazten garen herritarrak, euskaraz bizi garenak eta biziko garenak. Ez hori bakarrik: adierazteko, baita ere, hizkuntzen auzia erabat lotuta dagoela jendarte justuago eta kohesionatuago bat osatzearekin, eta, horrenbestez, euskararen alde egitea, euskararen normalizazioan sakontzea, herritar denon eskubideak berma daitezen urrats bat egitea dela, bizikidetzan eta demokrazian sakontzea.
Horregatik diogu ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’: euskararen alde egitea hizkuntza gutxitu guztien alde egitea delako, sententzia horiek diotenaz bestera, euskara indar bateratzaile eta integratzailea delako. Are, hizkuntza eta hiztun gutxituen alde egitea aniztasunaren eta besteen errespetuaren alde egitea delako.
Azken batean, abiaburuan aipatu dudan Mitxelenak adierazitako euskararen ‘misterio’ edo ‘miraria’, aurrerantzean ere gertatzea nahi badugu –hau da, euskarak eta euskaraz ardazten garen jendeok irautea- ezinbestekoa dugu guztion artean azaroaren 4an, Bilbon, oldarraldiari hesi bat jartzea. Edo, beste era batera esanda, betiko hondoko korronteen gainetik, etorkizunera zubi bat eraikitzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]
Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]
Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.
Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez... [+]
Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]
Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]
Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]
Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]
Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]
Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?
Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]