Herritarren artean hiru hilabetean 70.000 euro lortzea du erronka Amillubi proiektuak

  • Amillubi proiektua iragan abenduan eman zuen ezagutzera Biolur laborantza ekologikoko elkarteak. Bere abiapuntuko helburua Gipuzkoan (Zestoako Iraeta auzoan) kokapen estrategikoa duten lur emankor batzuk ondasun kolektibo bihurtzea da, lur hauek babesteko eta bertan etorkizuneko elikadura burujabetza landu dadin, eredu agroekologikoan. Horretarako, maiatza bukaerarako herritarren artean 150.000 euro lortzea du erronka Amillubi lantaldeak eta albiste hau idatzi den unean 81.579 euro zituzten bilduta. Udaberriarekin batera Amillubiko lurra lantzeari ekingo diotela iragarri dute.

Urtarrilaren amaieran emakumeentzako baserriko lanetarako makinaria ikastaroa egin zuten Amillubin, Biolur eta Bionekazaritza elkarteek lankidetzan.

2024ko martxoaren 11n - 11:03

Biolur laborantza ekologikoko elkarteak sustatzen duen Amillubi proiektuak guztira 390.000 euro batu behar ditu herritar, kolektibo, enpresa eta erakundeen artean. Izan ere, diru hori behar du Zestoako Iraeta auzoan dauden 5 hektarea baso eta 4 hektarea nekazaritza lur erosteko eta 514 metro karratu erabilgarri dituen Amilibia baserria erosteko eta konpontzeko.

Herritarrei deia proiektu kolektibo hau babesteko

Abenduaren 1ean jarri zen martxan amillubi.eus webgunearen bidez eta Coop57 Fundazioaren laguntzaz diru ekarpena egiteko aukera eta otsaila bukaeran 80.119 euro ziren bertan metatutakoak (albiste hau idatzi denean 81.579 euro). Amillubi lantaldeak herritarren artean maiatza bukaerarako 150.000 euro lortzea du erronka, eta beraz, epearen erdia pasatutakoan lortu beharreko kopuruaren erdia baino gehixeago du eskuratua. Herritarrei dei egin diete proiektu honetan bere alea jar dezaten: "Alez ale, lortuko dugu Amillubiko lurretan elikadura burujabetzarantz gure haziak ereitea".

Zozketa oso berezia

Amillubiri ekarpena egiteko beste modu hauek ere martxan daude: batetik, bertako elikagaiak saltzen dituzten denda txikietan eta bestetik, azoketan Biolurreko laborarien mahaietan, zozketa oso berezi baterako txartelak dituzte salgai. Hauxe izango da martxo bukaeran zozketatuko den saria: bost lagunentzako Enecoach umoregilearekin “lurrarekin konexio saio bat Amillubin” eta bazkaria Itziarko Txindurri Iturri sagardotegian.

Egonarria saioaren entzuleek aukera dute zuzenean Enecoach-en konexio saio horretarako bi sarrera bikoitz eskuratzeko. Horretarako, Eli Pagolak planteatutako galdera honi erantzun behar diozue: "Egonarria Lurrari entzuten dion saioa denez, zer esango zeniokete Lurrari?". Bidali erantzunak telefono honetara: (0034) 688 86 94 52 mezu bat idatzita (SMS, telegram edo whatsapp).

Udaberrira begira lurreko lanak abiatzear dira

Diru-bilketa kanpainarekin batera, Amillubiko lan-taldea dagoeneko hasi da baserriaren lurretan landuko diren elikagaien plangintza egiten. Udaberrian lurra prestatzeko asmotan dira ondoren laboreak ekoizteko bertan. Horien artean aurreikusten dituztenak dira porru landareen mintegia, eta babarruna eta artoa ereitea. "Amillubiko makinaria martxan jartzen ari da. Taupaka hasi da lurra", adierazi dute proiektuko kideek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurra Herriari Deika
2023-06-08 | Estitxu Eizagirre
Bizi Baratzea proiektua
Esku gehiago eta erraminta zorroztu berriak lur emankorra lantzeko

Ekainaren 8an Hernanin elkartu dira ARGIAren Bizi Baratzea proiektuan parte hartzen duten 30 kide. 2014an hasi zen guztia ustekabeko liburu batekin, eta geroztik izan duen bilakaera errepasatu dute topaketa honetan, eta azken berritasunak aurkeztu dituzte: kolaboratzaile sare... [+]


Borroka-bide eraginkorrak asmatzen dabilen “lurraren altxamenduak” hats gabe utzi nahi luke Frantziako Estatuak

Martxoaren 25ean izandako gas negargarri eta granada erauntsia gogoan atxikiko dute Sainte-Solineko pentzeetan baturiko 30.000 ekologistek: bi orenez 5.000 granada eta 200 kolpatu –horietan 40 larriki, eta bizia eta heriotzaren artean bi–.  Laborantza... [+]


Lurrak herria adina behar du lurra herriak

Lurra herriari deika kanpainaren bigarren kolpea iritsi da. Pandemia garaian jarri zuten martxan proiektua ARGIAk eta Euskal Herriko agroekologia mugimenduak elkarlanean. Kutsatze arriskua zela-eta azokak debekatu zirenean, saltoki handiak irekita mantentzen ziren bitartean.


Jantziak ez dira zerutik erortzen, norbaitek egiten ditu

Sekula pentsatu duzu, irakurle, non serigrafiatzen diren Inor ez da ilegala edo Lurra herriari deika proiektuetako kamiseta, jertse eta poltsak? Artizar serigrafia dugu honetan bidelagun.


Eguneraketa berriak daude