Tskhinvalgo herriko plaza duzue honako hau, Hego Osetiako hiriburukoa. “Antzoki plaza” du izena, horixe baitzen atzealdean ikusten den eraikina. Herrialde honetako antzoki bakarra georgiarrek suntsitu zuten 91ko gerran. Geroxeago, osetiarrek konpondu omen zuten baina su hartu eta teilatua galdu zuen duela ez asko.
Antzoki ohiaren alboan Tskhinval-go sinagoga omen zegoen. Tamalez, georgiar tankeek tenplua erraustu zuten gerra hartan, bai eta auzo judutarreko artisau eta merkatarien etxe eder guztiak.
Laukote honen ezkerraldean Iriston hotela dago, Tskhinvalgo bakarra. Bere hiru solairuetatik bi aurri-egoeran daude (lehengoa eta hirugarrena). Bisitaririk inoiz iristekotan, bigarren solairuan egin behar omen du lo.
Laukotearen bizkarrean, argazkia aterata dagoen tokian, hain juxtu, Kosta Khetaguroven parkea dago. Osetiako poeta nazionala da eta herrialde honetako literaturaren sortzailetzat ere hartu ohi da. Parkean dagoen bere eskulturari burua moztu omen zioten georgiarrek 91ko gerran baina buru berri bat jarri zioten gero Khetagurov-i. Antzokiko teilatua konpontzea baino lan merkeagoa izango zen hori, dudarik ez.
Laukote honen eskuinalderantz, Stalin hiribidetik iparrerantz jarraituz, Tamarasheni herri georgiarra dago. Gustura asko egingo nuke harainoko paseoa baina checkpoint batek banatzen ditu bi herriok: osetiarrak alde honetan, georgiarrak bestean, eta errusiar bake-tropak erdian. Ezin kontatu, beraz, nolakoa den Tamarasheniko plaza. Baina biziki gustatuko litzaidake laukote horrek kontatzea nolakoa zen Tskhinvalgoa gerraren aurretik; bi herrion artean checkpointik ez zegoeneko plaza hura.
2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.
Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.
Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren... [+]
ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".
Jarraian Zurutuzaren... [+]
Abkhazian gertatu bezala, makina bat dira Hego Osetian ere gerrak utzitako arrasto itsusiak paisaian. Teilaturik gabeko etxeak, tabike bakartiak, tirokatutako fatxadak... ia nonahi topa daitezke honelakoak bi eskualdeotan. Tskhinvalgo kanpoaldean aurkitu dut gaur honako hau... [+]