“Herri mugimenduaren hanka non dago? Euskalgintzako pertsona askori entzuten zaion kezka da hori”

  • Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik izeneko jardunaldiak egin dira EHUko Udako Ikastaroen baitan, Donostiako Miramar Jauregian, ekainaren 17 eta 18an. Unibertsitate eremuko hiru ikerketa taldek Gipuzkoako herri mugimenduen hainbat ekimen eta esparru aztertu dituzte urte betez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk babestutako programa baten laguntzaz. Lan horren emaitzak aurkeztu dituzte Donostian. Lehendabiziko saioan ikerketaren ondorio orokorrak aletu zituzten Mari Luz Esteban eta Maria Ruiz Torrado EHUko irakasleek. Beraiekin mintzatu gara.


2019ko ekainaren 20an - 08:02
Maria Ruiz eta Mari Luz Esteban, Antiguoko auzoan, ikastaroa amaitu berritan.

Ikerketa bat aurkeztu duzue egunotan: Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik.

Mari Luz Esteban Galarza: Parte Hartuz, NOR eta Antropologia Feminista Ikerketa Taldearen (AFIT) artean eginiko ikerketa da. Pertsona askoren arteko lana da, beraz. Beti izan dugu herri mugimenduekiko eta jendarte eraldaketarekiko ardura. Krisi eta mugimenduen eraldaketa testuinguru honetan, aliantzak sortzen dituzten eta komunitateak ehuntzen dituzten ekimenetan zentratu gara.

Zer eta nola ikertu duzue?

Maria Ruiz Torrado: Gipuzkoa mailan oro har eta bereziki Arrasaten, Hernanin, Errenterian eta Donostian aritu gara. Lau lerro hartu ditugu kontutan. Bata feminismoa eta genero berdintasuna: emakumeen etxeen prozesuak eta beste zenbait ekimen feminista aztertu ditugu. Bestetik, herri horietako euskara munduko zenbait eragile, eta beste ekimen batzuetan euskarak ze toki duen ere. Adibidez Munduko Arrozetan. Migrazioa eta arrazakeriaren aurkako eragileak dira beste lerro bat. Laugarren alorra sozioekologiarena da. Hor Gipuzkoa osoko ekimenak eta eragileak ikertu ditugu, esperientzia oso ezberdinak tartean: Abaraska, Bizitza da Handiena, AHTren aurkako mugimendua edo erraustegiaren aurkakoa, kasu. Azkenik beste eragile batzuengana ere hurbildu gara, alor horietan sartzen ez direnak baina interesgarriak iruditu zaizkigunak: Pentsionistak edo EHGAM, esaterako. Elkarrizketak izan dira erreminta nagusia, teknikariekin edo ordezkari politikoekin ere bildu gara, baina nagusiki mugimenduetako militanteekin. Zenbait ekimenen behaketa zuzena ere egin dugu. Eta azkenik harreman sareak, galdetegi baten bitartez: norekin sortzen dituen sareak bakoitzak, nolakoak, harreman horien zer balorazio egiten duten eta beste.

Zenbait gako identifikatu dituzue ondorio orokorretan. Praktika militanteetan hiru geruza ezberdindu dituzue: konpromiso handiena hartzen duen nukleoa; nukleo horren inguruan aritzen dena modu arinagoan; eta ekimen puntualetan parte hartzeko prest bai baina ardurak hartzen ez dituztenen geruza. Azken geruza hori oso handia dela jaso duzue mugimenduetatik. Fenomeno berria al da?

M.L. Esteban: Feminismoan behintzat bai. 80ko hamarkadan abortuaren inguruan mobilizazio handiak egin ziren, baina horko emakume asko mugimenduetan zegoen. Gaur egun, mobilizazioetara joaten diren asko eta asko ez daude beste inon. Elkarteak oro har argaldu egin dira.

M. Ruiz: Elkarrizketatuek aipatzen zuten orain taldeetan jende gutxiago dagoela, eta momentu puntualetan gehiago. Asanbladaren eredu klasikoak egun ez duela funtzionatzen. Militantzia ereduen aldaketarekin dago lotua oro har. Konpromiso maila jaitsi dela esan digute, jendea ez dagoela prest astero edo hilabetero bilera bat egiteko, edo dinamika zehatz batean parte hartu eta gero ez duela jarraitzen.

M.L. Esteban: Proiektuak zehazteko edo diseinatzeko moduan ere parte-hartzea puntualagoa da. Guk lehen urte osoko plangintzak egiten genituen, orain epe laburragokoak eta helburu zehatzagokoak egiten dira. Gutasunetik nitasunerako igarobide bat ere ematen ari da. Gehiago baloratzen da parte hartzea nor bere bizitzatik abiatuta. Lehen gehiago zen, “bilera dago ba bilera dago, kartelak itsatsi behar dira ba itsatsi behar dira”. Hori aldatu da nabarmen.

"Gutasunetik nitasunerako igarobide bat ere ematen ari da. Gehiago baloratzen da parte hartzea nor bere bizitzatik abiatuta. Lehen gehiago zen, 'bilera dago ba bilera dago, kartelak itsatsi behar dira ba itsatsi behar dira'”.

Gutasunetik nitasunerako igarobide horri zer alde positibo eta negatibo ikusten dizkiete mugimenduek?

M. Ruiz: Askok zerbait negatibo bezala planteatzen zuten, konpromisoaren lausotzearekin erlazionatuta. Baina beste batzuek buelta eman zioten. Adibidez Errenteriako Emakumeen Etxearen inguruan batek nabarmentzen zuen dela espazio bat ahalbidetzen duena soziopolitikoki parte hartzea eredu klasiko horretan izan gabe. Beste askoren posizioa zera zen: “Gertatu da eta listo, jendartea eta militantziak aldatu dira eta berritasun horiei egokitu beharko gara”.

M.L. Esteban: Aukerak eta arazoak edo erronkak daude hor. Nola hartzen dira erabakiak? Talde eragileak hartzen ditu denontzako erabakiak? Lidergoa nola praktikatzen da? Aldaketa unean gaude, oraindik ez dugu distantziarik hartu eta ez gara oso kontziente gertatzen ari denaz. Egokitu beharko gara.

Herrigintzaren eta herri mugimenduen esparruan profesionalak eta liberatuak biderkatu direla nabarmendu duzue ere. Zein erronka berri dakar horrek?

M.L. Esteban: Hainbat profesional motez ari gara. Batetik instituzioetan dauden teknikariak, euskara edo berdintasun teknikariak kasu. Dinamizatzaileak ere badaude, oso modan dago enpresa bati deitzea berak proiektu bat dinamizatu dezan. Ez da betirako teknikaria, proiektuari loturikoa da. Noski, horrek errazten du prozesua. Arriskua da tutelatutako ekimenak eta mugimenduak sortzea. Aztertu dugun emakumeen etxe baten kasuan, adibidez, berdintasun teknikariek pisu handia izan dute. Galdetu genien herrigintzako kideei, “nola doa proiektua?”: “Geldi, teknikariek ez digute deitu”. Desmobilizatzeko arriskua dago, erabaki guneak instituziora bideratzekoa. Instituzioak ahalmen izugarria du zure iritzia neutralizatzeko. Nahiz eta ezkerreko instituzioak izan eta bertan dauden pertsonak super majoak izan. Mugimendua zenbat eta autonomoagoa, zenbat eta botere gehiago izan, hobe. Hori argi dago. Baita kokudeaketa kasuetan ere.

Postu horietan dauden teknikariekin ere hitz egin duzue. Arrisku horiekiko ardura konpartitzen dute?

M. Ruiz: Guk elkarrizketatuetako batzuek ikusten zuten. Haien hitzak pisu gehiago duela bileran, esaterako. Edo esaten dutena neurtzen egon direla, nahi baino gehiago baldintzatzea saihestu nahian.

M.L. Esteban: Batez ere kokudeaketa ematen denean oso zaila da oreka hori. Erritmoak daude: mugimenduenak eta instituzioarenak ezberdinak dira eta gerta daiteke instituzioak eta teknikariak erabakiak hartzen joatea. Profesionalizazioa bera… zu enplegatuta zaude proiektuak egiteko, beraz egin egiten dituzu. Proiektu horien aplikagarritasuna, aldiz... asko ez dira gauzatzen. Protokoloekin berdin, badira kristoren protokoloak ezerezean geratu direnak. Politikaren ideia, mundua aldatzea zer den, aldatzeko arriskua dago horrela.

Ez dago hor herri mugimenduen jakintzen pribatizazio eta merkantilizazio prozesu bat? Adibidez parte hartze prozesu bat gidatzeko kontratatutako enpresa bat jartzen denean buru: herri mugimenduetatik sortutako jakintzak dira aplikatzen direnetariko batzuk; herri mugimenduetako kideak dira horretan dabiltzanetako asko.

M.L. Esteban: Bai, hori zuzenean horrela da. Nik pentsatzen dut askotan hobe dela gutxiago egitea, baina benetan parte-hartzailea izatea. Parte-hartze benetakorik ez badago ez dezagun egin. Baina ez dago horrela pentsatua. Noski, zu teknikaria bazara hori bultzatuko duzu. Ba igual ez da komeni. Horretaz gogoeta egin behar da.

M. Ruiz: Esperientzia oso ezberdinak daude. Emakumeen etxe batean kanpoko enpresa bati eskatu zitzaion prozesu parte-hartzaile bat gidatzea, emakumeek zer etxe mota nahi zuten zehazteko. Emakumeak oso kontent zeuden, denek parte hartzea eta maila berean egitea ahalbidetu zuelako.

Horrelakoetan ez al dago herritarrek eta herri mugimenduek “guk ez dakigu” sentipena barneratzeko arriskua? Desahalduntzekoa, horrelako prozesuak mugimenduetatik kanpoko aditu batek gidatu behar dituelako? Prozesua metodologikoki ondo eginik ere.

M. Ruiz: Prozesuaren arabera. Adibidez kasu horretan abiapuntua ez zen izan emakumeek zerbait egin nahi zutela, eta ondoren erakundea datorrela…

M.L. Esteban: Hori da beste puntu bat: Ekimenak nondik sortzen diren. Instituziotik sortzen bada ez zaio derrigor ezetz esan behar, baina alerta guztiak piztu behar dira. Mugimendutik sortzen denean mugimenduak jada bere egin du. Iruñeko emakumeen etxea instituziotik sortu da. Feministek esaten dute, “ia zer egiten diguten hor”.

M. Ruiz: Bai, bizipena ezberdina da horren arabera.

"Proiektu bat instituziotik sortzen bada ez zaio derrigor ezetz esan behar, baina alerta guztiak piztu behar dira. Mugimendutik sortzen denean mugimenduak jada bere egin du".

Instituzioekiko jarreran, posizio dikotomikoak baino continuum bat dagoela planteatzen duzue. Mutur batean kokudeaketa esperientziak egon daitezke, emakumeen etxeak edo euskalgintzako proiektuak kasu, tarteko posizioak nagusituko lirateke migratuen inguruko ekimenetan, eta aurkako muturrean kokatuko lirateke sozioekologiako zenbait mugimendu.

M.L. Esteban: Ekoalternatiben taldeak kristoren lana egin du. Esperientzia guztiak jaso ditu, ez besteok bezala herri zehatzetako esperientzia zehatzak soilik. Horrek aberasten du ikerketa, ikusten delako esparru bakoitzaren barnean ere continuum hori dagoela, jarrera ezberdinak. Batzuk instituzioen kontra, beste batzuk zerbait adosten saiatuz. Baina bai, instituzioen aurkako jarrera argienak esparru horretan agertu dira. Euskalgintzan eta feminismoan ez hainbeste. Baina zergatiaz hausnartu behar dugu, politikoki zuzena denaren barnean kokatzen baikara askotan. Posizio bakoitzak baditu bere arazoak.

Feminismoan kokudeaketa eta kolaborazio esperientziez gain talka egiten duten proposamenak eta praktikak ere badaude. Euskalgintzan, herri mugimenduaren hanka desagertuago dago?

M.L. Esteban: Euskalgintzako pertsona askori entzuten zaien kezka da hori. Topaldia egin zutenean urtarrilean hori zuten galdera: Nola eraberritu mugimendua. Baina hemen atera den galdera da, badago mugimendurik? Ni ez naiz ausartzen erantzun bat ematera. Baina egia da hainbeste profesionalizatu dela, hainbeste enpresa sortu dira, oso interesgarriak e, baina non dago mugimendua. Euskalgintzan kezkatuta daude baita ere gazterik ez dutelako.

M. Ruiz: Espazio askotan euskalgintzako jendea dago instituzioarekin batera. Mugimenduak batzen dira euskara teknikariarekin, edo feministak berdintasun teknikariekin. Elkarlan horiek sozioekologian baino gehiago daude.

 

 

 

Maria Ruiz eta Mari Luz Esteban, ikerketaren ondorio orokorrak aletzen ikastaroko lehendabiziko saioan.

 

 

 

Feminismoak esparru guztietan presentzia nabarmena duela ondorioztatu duzue.

M.L. Esteban: Batzuetan zalantza sortzen da ia guk gure betaurreko feministatik errealitate hori puzten dugun (barre egin dute) baina ematen du baietz. Feminista asko daude, talde mistoetan ere feministak daude eta gaitegi feministak mahai gaineratzen dituzte.

M. Ruiz: Nabaritzen da uneotan feminismoa fuerte dagoela. Moda bat izateko arriskua ere badu, baina eragiten du.

Hipotesi batetik abiatu zarete: Aliantzak eta elkarlan dinamikek gora egin dute eraldaketa garai honetan. Baieztatu duzue hipotesia?

M.L. Esteban: Esango genuke baietz. Bilboko Karmelaren ildoko esperientziak, plataformak edozein herrietan ekimenak antolatzeko, eragile ezberdinen arteko talde egonkorrak. Lehen gehiago egiten ziren koordinazioak. Joera bat ikusten da. Gure ikerketa taldea ere aliantza klabe horren emaitza da.

"Aliantzak eta elkarlan dinamikek gora egin dute: Bilboko Karmelaren ildoko esperientziak, plataformak edozein herrietan ekimenak antolatzeko, eragile ezberdinen arteko talde egonkorrak".

Posizio anizkoitzen garrantzia azpimarratu duzue, zubiak eraikitze horretan.

M. Ruiz: Ikusi dugu hainbat mugimendu eta espaziotan parte hartzen duten pertsona batzuk daudela. Hainbat tokitan egonik talde horiek lotzen dituzte nolabait, gaiak eramaten dituzte batetik bestera, zubiak eta sareak sortzen dituzte. Leku guztietan dauden pertsonena askotan atera den gaia da. Eta ez bakarrik mugimendu askotan, mugimenduetan eta instituzioekin harremanetan ere bai, esaterako.

M.L. Esteban: Ez dugu ondo aztertuta zer gertatzen den euskara edo berdintasun teknikari diren eta gero ez dakit zein mugimendutan dauden pertsonekin. Nola armonizatzen da hori? Nik esango nuke rolak ezberdinak direla, teknikari zaudenean edo mugimenduan zaudenean.

M. Ruiz: Eta hor balorazio ezberdinak daude. Berdintasun teknikaria da militante feminista bat, eta oso ondo dator elkarlanerako, baina baditu bere arriskuak autonomiari begira edo zenbait erabaki hartzean.

Aliantza eta bat egiteekin batera, areriotasun eta zatiketa garaiak ere ez al dira?

M.L. Esteban: Gatazka batzuk badira, baina oro har ez zait iruditzen. Klase ikuspegia eta feminismoaren arteko tentsio hori dago. Nik uste hori azaltzeko elementu nagusia, ez bakarra, feminismoaren aurkako erreakzioa dela. Eta gero Ezker Abertzale ingurukoak, aldaketa faseari lotuak. Baina lasaiago dago giroa, ezta?

Elkarlanak elkarlan, gatazkak eta tentsioak egon badaude. Feminismoa nabarmentzen duzue gatazkei aurre egiteko orduan ekarpen handiena egin duen mugimendu bezala.

M.L. Esteban: Gatazkak konpontzen ez dakit, baina behintzat gatazkak onartzen eta horiei aurrez begiratzen bai. Gero asmatuko dugu gehiago edo gutxiago. Gatazkak antzemateko eskarmentuan esango nuke baietz, idealizatu gabe. Maila batean behartuak ere egon gara, oso emakume ezberdinak batzen ohituak gaudelako, eta hor gatazkak berez datoz.

Orain aurkeztu duzuena ikerketaren zati bat da, asmo zabalago baten parte dena.

M. Ruiz: 2021era arte luzatzen den proiektu baten lehen fasea da 2018an egin duguna. Hurrengoa Euskal Herri osora zabaltzea da asmoa. Nafarroa eta Iparraldea ere hartu nahi ditugu, edo behintzat mugako ekimen batzuk. Hasiak gara jada. Adibidez, zenbait Gaztetxerekin.

"2021era arte luzatzen den proiektu baten lehen fasea da 2018an egin duguna. Hurrengoa Euskal Herri osora zabaltzea da asmoa".

Herri mugimenduetatik jaso duzuena haiei bueltatzeko asmoa duzue?

MR: Egunotako jardunaldien asmoa zen herri mugimenduekin ondorio hauek partekatzea eta euren iritzia jasotzea. Hor beharbada partaidetzan hankamotz geratu da, bigarren eguneko tailerrean behintzat gehiago jaso dugu. Mahaietan ikerketako partaideez gain eragileetako kideek ere hitz egin dute.

M.L. Esteban: Udako ikastaroak ez dira toki egokienak horretarako, arrazoi ezberdinengatik. Baina egon garen udalerrietan ere aurkezpenak egin ditugu, eta gehiago egingo dugu arlo horretan.

Akademiaren, herri mugimenduen eta herri jakintzen arteko harremanak eztabaida askorako ematen du. Harreman emankorrak eta horizontalak eman dira prozesuan?

M.L. Esteban: Besteek esan beharko lukete hori. Gutako asko militanteak gara, ez gara akademikoak soilik. Toki askotan ikerketa taldeetako pertsonak ezagutzen zituzten, hurbildu gara proiektua aurkeztuz eta azalduz. Esango nuke prozesua asko zaindu dugula. Beti sortzen dira hierarkiak, badakigu etekin akademikoa guk aterako diogula, baina ahalegindu gara, ikertu ditugun prozesuen parte ere izan gara. Dena den, akademia asko eta aktibismo asko daude, badaude aukerak harreman horizontalak eraikitzeko.

M. Ruiz: Nik banuen beldurra batzuk nola hartuko zuten, baina ez dugu arazorik izan unibertsitatetik joateagatik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
2024-10-02 | Julene Flamarique
Lan-baldintza “miserableak” salatu zituzten langileak kaleratu ditu The Champions Burgerrek

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak The Champions Burger jardunaldian langileek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarrak salatu zituen aurreko astean The Champions Bugerrek langileak esplotatzen ditu lelopean.


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


“Esplorazio martxak” egingo dira Amurrion ikuspegi feministatik, hiri segurtasuna hobetzeko

Hainbat saio zuzenduko ditu Col·lectiu kooperatibak urriaren 1, 2 eta 3an, eta espazio publikoetako segurtasun-pertzepzioan eragina duten elementu fisikoak eta sozialak identifikatzea izango dute helburu.


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Manteroekin Bat
“Ez dirudi agintariek benetako interesa dutenik manteroen egoera konpontzeko”

Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


Ehunka sare komunitarioa martxan da Bilbon

Larunbatean aurkeztu dute Ehunka San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako sare komunitarioa, hiru auzoetako bizi baldintzak hobetzearen alde lanean dabiltzan eragileek osatua.


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
Analisia
“Nahi duena izango da”

“Hankartean hau dauka baina berak erabakiko du neska edo mutila den” –guraso aurrerakoien modako esaldia–. Elkarrizketarik ez da sortzen plazan, ea bakoitzaren ustez “neska” edo “mutila” izatea zer ote den hankartean genital bat... [+]


Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak
“Azken urteotako desadostasunek gaztetxeen eraldaketarako gaitasuna eta erakargarritasuna murriztu dute”

Euskal Herri mailako topaketak antolatu dituzte hainbat gaztetxe eta gazte asanbladatako gazteek urriaren 19rako, Leitzan (Nafarroa). Mugimenduaren egoeraz eta egitekoez hausnartu, elkarren artean saretu, eta borrokarako indartzea dute helburu. Idatziz erantzun diete ARGIAren... [+]


Eguneraketa berriak daude