Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari diplomatiko gisa.
Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Durangoko Udaletxean egon zara bisita diplomatiko honetan, zeintzuk izan dira helburuak?
Gure helburua da Euskal Herrian gure egoerari buruz informatzea: Siriako gerra, Turkiako mehatxuak gure zonaldearen kontra, egoera politikoa... Esaterako, azaldu dugu gure Autoadministrazioan parte hartzen dutela herri kurduak, arabiarrek, asiriar-kaldearrek... Askotariko erlijiotako herriek osatzen dute gure gobernu sistema. Horrez gain, azpimarratu dugu emakume kurduak izan duen garrantzia gure lurraldeko iraultzan. Eta jakina, babesa eskatu dugu esparru politikoan eta humanitarioan.
Zein izan da erakundeen erantzuna?
Talde politiko gehienek eskertuta daudela adierazi digute, eta estimuan dute Estatu Islamiarraren aurka borrokatu izana, hori mesedegarria izan baita mundu osoarentzat. Halaber, gure eredu politikoaren alde agertu dira gehienak eta erreferentetzat jo dute Siriako gatazka konpontzeko. Zentzu horretan, esan digute parlamentuetan eztabaidatuko dutela nola bideratu babes ekonomiko eta humanitarioa gure zonaldera.
Zaila da Siriako gerrari buruz mintzatzea Ukrainako gerrari erreparatu gabe. Hedabideek sekulako jarraipena egiten diete errusiarren erasoei, baina ez dute ezer aipatzen turkiarrek zuen kontra etengabe egiten dituzten bonbardaketei buruz, nola bizi duzue hori?
Egia da, baina penagarria da Errusiaren eta Ukrainaren artean gerra egotea, eragina dauka Europan eta guretzat ere ez da etekintsua. Ondorio negatiboak ditu gerrak mundu osoan. Europan energia eta gasa dira gakoa eta mundua krisialdi horri begira dago. Hori dela eta, gure herrialdean gertatzen dena ahaztu du jendeak.
Hala ere, kalte gehiago izango ditu gure gain Ukraina eta Errusia arteko gatazkak, Siriako gerraren konponbidea urte batzuk gehiago atzeratuko da.
Dena den, Katalunian, Madrilen eta Euskal Herrian azaldu dugu Europan dagoen gatazkak ez duela ahantzarazi behar gure herrialdean gertatzen dena. Izan ere, gerra horren eragina dela medio, Estatu Islamiarraren zelulak berriro suspertzen ari dira, egoera bere mesederako da eta berriro antolatzen saiatzen ari da. Hiru hilabete igaro ditut Europan diplomazioa lantzen eta Europar Batasuneko beste herriekin bildu naizenean, azpimarratu diet Ukrainako krisialdiak ekarri dezakeela Daexa berriro antolatzea.
Gauzak horrela, Turkiak ere baliatzen du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka eta arreta munduko beste leku batean dagoelarik, gure lurraldea inbaditu nahi du. Halaber, Turkian bizi diren milioi eta erdi errefuxiatu siriar arabiar eraman nahi ditu gehiengo kurduko zonaldeetara, osaketa demografikoaren aldaketa gauzatzeko.
Dena den, hori ez da guztia. Turkiak erabili ditu Suediak eta Finlandiak NATOn sartzeko egindako eskaerak herri kurduaren eta Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren kontra, herrialde horiekin akordioak sinatuz gure kalterako.
Zer nolako eragina izango dute akordio horiek?
Ez da batere atsegina ikustea, ustez herrialde demokratikoak direnek akordioak egitea gure kontra. Esaterako, Suediak armak saltzeko debekua ezarri zuen Turkiak inbaditu zuenean Serekaniye –gure menpe zegoen hiria–. Berriki neurri hori ezer ezean utzi dute eta armak saltzeari ekin diote berriro. Akordioaren beste puntu batean Finlandiak eta Suediak adostu dute YPJ eta YPGri ez ematea inolako laguntza militarrik. Azkenik, agiriaren beste puntu batean bi herrialdeek onartu dute Turkiaren esku uztea bere gobernuak terroristatzat jotzen dituen norbanakoak. Espero dugu indarrean ez sartzea.
Madrilen egon zara, baina Pedro Sanchezen gobernuak babestu zuen Turkiaren inbasioa Serekaniyen eta Tell Abyaden, nolakoa izan da harremana?
Ez gara Espainiako Gobernuarekin bildu, baizik eta Kongresuko Kanpo Batzordearekin eta zenbait senatarirekin. Edonola ere, diplomaziaren lana ez da erraza eta ez ditu emaitzak eskaintzen berehala. Lehen aldia da Kongresuan eta Senatuan hain bilera luzea duguna.
Kataluniako eta Eusko Legebiltzarreko gai berak landu genituen, gure zailtasun politiko eta humanitarioak adibidez. Bestelako gaiak ere jorratu ditugu, Al Hol kanpalekuarena, esaterako. Han Estatu Islamiarreko milaka kide daude eta asko atzerritarrak dira. Hortaz, ez da soilik gure arazoa, nazioartekoa baizik.
Aipatu dugun beste puntua izan da Turkiako etengabeko erasoak eta mehatxuak eta bere laguntza zuzena Daexi. Talde politiko eta gobernu guztiei eskatu diegu jarrera irmoa erakustea horren aurka.
Ukrainako gerra dela eta, arma zikinen gaia atera da, baina zuek aspaldi pairatzen duzue Turkiaren aldetik, ez al da horrela?
Turkiak ahal duen guztia erabiltzen du herri kurduaren eta Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren kontra. Autogobernua sortu genuenetik Turkiak erakunde asko baliatu ditu eraso egiteko. Hasieran Jabbath Al Nusra izan zen –Siriako Al Qaeda–, gero Estatu Islamiarra izan zen Kobanen.
Ikusi zuenean antolakunde terrorista horiekin arrakastarik ez zuela izango, Turkiak berak inbaditu zuen Afrin, Errusiarekin elkarlanean. Gero, Donald Trumpen oniritziarekin Serekaniye eta Girespi hartu zituen. Orain ezidiak, asiriarrak, arabiarrak... Milaka lagun dira leku horietatik ihes egin behar izan dutenak eta errefuxiatu kanpalekuetan daudenak. Jende asko denez, kasu askotan lekurik gabe geratu ginen eta eskoletan hartu behar izan genituen.
Gainera, Turkiak okupatutako lurraldeetan giza eskubideen urraketak, hilketak eta bahiketak gertatzen dira egunero. Horri gehitu behar zaio populazio aldaketa eragiteko politika sistematikoa dagoela. Zehazki, Erdoganek proiektua dauka milioi eta erdi errefuxiatu siriar arabiar suniak ezartzeko hiri eta udalerri kurduetan. Alegia, Nazio Batuei eta nazioarteko komunitateari laguntza eskatu die proiektua egikaritzeko.
Bestalde, egunero bonbardatzen du Siriako Ipar eta Ekialdea, bere armekin eta talde jihadisten bidez. Esaterako, drone turkiarrek 24 orduz hegan egiten dute Siriako Ipar eta Ekialdean eta zibilak eta Autoadministrazioko eta autodefentsa taldeen kideak erailtzen dituzte. Ura ere baliatzen du Turkiak arma gisa; Eufrates ibaiko uraren jario moztu du eta, ondorioz, milaka lagun daude ur edangarririk gabe.
Hala ere, Erdogan ez da mugatzen Rojavara, eta Kurdistango beste eremu batzuei ere eraso egin die; Basur (Irakeko Kurdistan) edota Sinjar (non Estatu Islamiarrak genozidioa egin zuen ezidien aurka). Nola ez, aipatu behar dut Turkiako eremuan ordezkari politiko kurduak espetxeratzen dituela –alkateak, parlamentariak...– eta munduaren aurrean egiten du arazo barik.
Erdoganen diskurtsoa aldatu da Sirian eta aipatu du Baxar Al Assadekin harremana berriro normalizatu behar dela. Aldi berean, Al Qaeda izandako erakundeak –Hayat Tayir Al Sam–kontrola bereganatu du Afrinen, Turkiak ustez babesten dituen taldeak garaituta, zer irakurketa egiten duzue horren inguruan?
Turkiak aprobetxatu nahi zuen Ukrainako krisialdia bi hiri okupatzeko, Tal Rifaat eta Mambij, SDFren kontrolpean daudenak. Dena den, ez Errusiak, ez Iranek ezta Estatu Batuek ere ez zuten bat egin egitasmoarekin.
Iranek, Turkiak eta Errusiak Sochin egindako bileran esan zuten beste eraso bat eremu horretan ez zela onargarria, baina proposatu zioten Turkiari akordio bat Baxar Al Assadekin bestelako konponbidea aurkitzeko.
Geroztik, Turkiako eta Siriako zerbitzu sekretuek bilerak egin dituzte Damaskon, Moskun eta Teheranen. Azkenean, Turkiak adostasuna lortzen badu, izango da herri kurduaren eta Siriako indar demokratikoen kalterako.
Horrela, guretzat Hayat Tayir Al Sam-en sarrera Afrinen akordio horren emaitza da.
Azkenik, Iranen eta Rojelaten –Iranen menpe dagoen lurralde kurduan– matxinada piztu da eta lelo nagusia da “Jin, Yian, Azadi” kurdua, hau da, “Emakumea, bizitza, askatasuna”. Rojavaren eragina dela uste duzu?
Lema hori Rojavakoa da eta nazioarteko bilakatu da. Kurdistango eskualde batean gertatzen denak eragina dauka besteetan ere. Herri kurduak konponbide demokratikoa izan arte, Ekialde Hurbilean ez da egonkortasunik egongo. Guk aldarrikatzen dugu Konfederalismo Demokratikoa irtenbidea izan daitekela Iranen eta modu orokorrean Ekialde Hurbileko elkarbizitzarako.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]
Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]
Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.
Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.
Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]