Heriotza iragarritako baten kronika

  • “Hil behar zuten egunean, Santiago Nasar goizeko 05:30etan jaiki zen gotzaina heldu zen ontziari itxoitera. Esperoan zegoen bitartean, ezkerreko poltsikoan zeraman transistorea atera eta notiziak entzuten jarri zen: 1998an Mendebaldeko Saharan ospatu behar zen erreferenduma ez zen egingo. Santiago Nasarrek bazekien ordurako ez zela egingo, hori basamortuan arbolekin amestea bezala zela”.


2020ko azaroaren 18an - 10:52
Argazkia: Andoni Lubaki.

Baina bakearen alde aukera guztiak agortu behar dira, guda ezagutzen duen herri txiki batek ongi baitaki zer den gerra… Inork ezin dezake esan bide horretan setatiak izan ez direnik: bakearen bidetik ortzimugan ezertxo ere ez ikusi arren, 22 urtez jarraitu dute oinez.

1975ean estatu espainiarrak Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen Mendebaldeko Sahara, eta horrekin batera, sahararren bizitzak. Marokok genozidio bat gauzatu zuen, zibilak napalm eta fosforo zuriarekin bonbardeatuz. Lau urteren buruan, 1979an, aldaketak egon ziren Mauritaniako barne egoeran, eta gerratik erretiratu zen (gobernu aldaketa baten ostean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aliatu bilakatzeko). Ordutik gatazka herri sahararraren eta Marokoko erresumaren arteko konfrontazio zuzen bat izan da.

Lehen urteetako gerrila gerra egoerak baldintzatuta, okupatzaileek lurraldearen %20a besterik ez zuten kontrolpean, eta horrek beste pausu bat ematera bultzatu zituen: 2700 kilometroko harresi militar bat eraikitzera (egun funtzionamenduan dagoen munduko harresi militarrik handiena). Harresi horren helburua, okupazio berarena bezala, ekonomikoa da: herriaren mendebaldea, hots, zatirik aberatsena, kontrolpean izatea ekonomikoki ustiatu ahal izateko (arrantza, mineralak, hiriburuen kontrola…). Horrek Maroko higadura gerra batera eraman zuen, 80ko hamarkada amaieran harresia zaintzen eta mantentzen 5 milioi dolar inguru gastatzen baitzituen eguneko, bertan bizitza galtzen zuten soldadu kopurua ez aipatzeagatik.

Maroko izan zen bake akordioa gauzatzeko lehen mugimenduak egiten hasi zena. Zenbait bitartekari tartean zeudela, Fronte Polisario negoziatzera eseri zen, eta bi aldeek hiru puntu adostu zituzten:

1. Su-etena

Marokok ez du bete. Zonalde okupatuetan, hau da, harresiaren mendebaldean, milaka saharar bizi dira, eta azken 29 urte hauetan ere errepresio bortitzaz jazarri ditu bertako herritarrak. Ehundaka dira hildakoak, milaka presoak, torturatuak, bortxatuak… Gergeratekoa azken tanta besterik ez da izan: armada marokoarrak harresia gainditu, zonalde desmilitarizatuan sartu eta zibilak erasotu ditu. Beraz, ez gatoz “29 urte iraun duen bake egoera” batetik, ezta egiazko “su-eten” batetik ere: frontean bi armadek ez diote elkarri tiro egin, baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, bakerik egon denik.

2. Zentsoa

Autodeterminazio erreferendumean parte hartu ahalko luketen herritarren zerrenda osatzea. Marokok inoiz ez du onartu inolako zentsorik.

3. Erreferenduma ospatzea.

Ez da errefendumik ospatu. 1998ko abenduaren 7an ezarri zen horretarako eguna azkenekoz, baina hautestontziek ezin izan zioten gatazkari amaiera eman.

Lapurreta ekonomikoa. Marokok ez dauka Mendebaldeko Saharako lehengaiekin komertziatzeko eskubiderik, baina horretan dihardu lehen egunetik. Erosleak dauzkalako, noski. Horietako asko Europan. Gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero bisitatu Western Sahara Resource Watcherakundearen webgunea. Aipatzen den azken enpresetako bat, adibidez, Siemens Gamesa da. Nola eragingo dio arpilatze ekonomia honi egoera berriak? Une honetan Mendebaldeko Saharako lurra, baita itsasoa bera ere, gerra eremua direla ohartazi du Fronte Polisariok. Euskal Herriko zenbait enpresa ari dira une honetan aktibitate ekonomiko ilegal bat garatzen deskolonizazio prozesuan dagoen lur honetan?

Marokoar armada Ipar Afrikako ejertzito erregular indartsuenetakoa da. Baina duela 45 urte ere hala zen, eta orduan ere ez zuen lortu gaizki armatutako herri armada txiki bat garaitzea. 29 urte igaro dira guduzelaian azken aldiz borrokatu zirenetik, baina litekeena da antzeko egoera errepikatzea: herri sahararrak armada marokoarra ezin garaitzea, eta alderantziz. Gatazka hau negoziazio mahai batera kondenatuta dago. Baina esertzen diren hurrengoan, esango nuke Fronte Polisariok ez duela aski izango borondate politikoarekin, eta Nazio Batuek ezin dutela berriz mahai gainean jarri 1991n jarri zuten plan bera. Nazio Batuen porrota Mendebaldeko Saharan erabatekoa izan da.

Horrek beste galdera batera garamatza: gatazkaren gogortze hau aste batzuetako kontua izango da, edo urteetako ziklo armatu batean sartu da? Herri sahararra 29 urtez egon da itxaroten, zor zitzaionaren zain, eta tiroka hasi direnean jarri zaie mundua begira. Lezio tristea da, eta oraingoan ez bada erreferenduma ospatzen (Marokok eta Frantziak ez dute baimenduko) egoera honek luzerako jo dezake. Hori da aukera errealena, Nazio Batuek sinesgarritasun osoa galdu baitute, eta ondorioz, une honetan ezin dute fundamentuzko proposamenik egin bake planak aurrera jarrai dezan.

Ohar txiki bat. 1956an Frantziak Marokoren “independentzia” onartu zuen. Aljerian, aldiz, zortzi urteko gerra odoltsu bat eta ehundaka milaka hildako izan ziren. Zergatik? Aljeria independentea delako, egiazki independentea… Maroko ez bezala.

Maroko herrialde demokratiko gisa aurkezten zaigu diktadura feudal bat denean. Trinitate Santuaren ideiari tiraka oso ongi azaldu daiteke bertako errealitatea. Mohamed VI Marokoko erregea da, ahalguztiduna. Mohamed VI Marokoko estatu burua da, “Maroko Handia” gorpuzten duena, amets inperiala. Eta Mohamed VI-k dio bera Mohamed (Mahoma) profetaren oinordekoa dela, eta beraz, islamaren buru herrialdean. Hau da, marokoar batentzat Mohamed VI-ren aurka egitea monarkiaren, estatuaren eta jainkoaren aurka egitea da. %32,2-a analfabetoa den toki batean (gobernu espainiarraren datua), gehienak hezkuntza maila oso murritza duten herrialde batean, askatasun demokratikoetan hutsaren hurrengoa den lurralde batean… Marokoarrak eurak dira beren erregearen biktima handienak, milioika baitira atzerrira jo behar izan dutenak bizitza duin bat izateko; baina horiek ere, salbuespenak salbuespen, ez dute etsaitzat beraien seme-alabak gosera kondenatu dituena… sahararrak baizik. Ea noiz ohartzen diren harresian dauden soldadu marokoarrak etsaia ez daukatela aurrean, bizkarrean baizik. Ea noiz ematen duen buelta tortilak.

Erantzukizun handia duen beste parte bat da estatu espainiarra, indar kolonizatzailea izan zelako ia ehun urtez. Egun Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera XX. mendean zehar izan diren gobernu espainiar ezberdinen ardura da. Espainiar gobernuek egin dutena hobekien laburbiltzen duena Felipe Gonzalezek 1976an emandako hitzaldia da: batetik esan zutena, eta gero egin dutena, hots, herri saharra zokoratu eta Maroko babestu, politikoki eta ekonomikoki. Gernikan “Gora Euskadi Askatuta” esan zuen beraren eskutik, HASTA LA VICTORIA FINAL diskutsoa:

Argi dago Frantzia norekin posizionatuko den. Nola jokatuko du egungo gobernu espainiarrak? Podemos beti posizionatu da Mendebaldeko Saharan autoderterminazio prozesu baten alde. Ze pisu izango du gai honek PSOE-Podemos gobernuan? Bizkarra emango diote herri sahararrari?

Bestalde, nola  jokatuko dute Jaurlaritzak eta gobernu foralek? Krisi ekonomikoa izugarria datorren honetan, ze posizio hartuko dute Mendebaldeko Sahara ilegalki arpilatzen ari diren enpresekin? Galdera erretoriko samarra da, badakit. Euskal Herriko itsasontziak arrantzara joango dira Saharako uretara kuota Marokori ordainduz, eta ondoren, karitate gisa, atun latak bidaliko dituzte errefuxiatu kanpalekuetara.

Amaitzeko, nazioarteko testuinguruak nola eragingo dio oraingoan gatazkari? Gerran zeuden azkeneko aldian Sobietar Batasuna existitzen zen oraindik. Orain Txina protagonista da munduan eta Afrikan, gerra dago Yemenen, Sirian, Libian ez dago Gadafi, inmigrazioak Saharako lurrak zeharkatzen ditu, Hego Amerikan burujabetza prozesu sozial emankorrak izan dira, erreferendumak ospatu dira Eskozian eta Kanakian, Katalunian aldebakarreko erreferendum bat egin da… eta mundua pandemia baten erdian dago.

Gerra hau heriotz iragarritako baten kronika izan da. Eta guztia herri bati bere borondatea erreferendum libre eta demokratiko batean adierazten ez uzteagatik. Biolentzia? Biolentzia estatuarena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
Frantziak Marokorekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania aitortu dio

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.


Hamalau egun atxikita egon den saharar ekintzaile politikoa libre utzi dute

Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia... [+]


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Loiuko aireportuan ekintzaile saharar bat atxikita daukate duela 10 egunetik

Gizona Marokotik zetorren hegaldi batetik iritsi zen eta asiloa eskatu zuen, jazarritako ekintzaile politikoa zelako. Ukatu egin zioten eta gaur deportatu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezturiko “erreguzko... [+]


2024-03-20 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
“Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?”

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


‘Saharari kantari’ diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Ez da amnesia, monarkia da

Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak ukatu egin du Espainia Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea dela. Baina bada.

Urteetan, Espainiak Sahararen gaian neutrala zela zioen, nahiz eta gezurra izan: partziala zen, oso. Marokoren alde. Palestinako Aginte... [+]


2023-01-20 | ARGIA
Fronte Polisarioak Marokoren aurkako borroka armatua indartzea erabaki du bere kongresuan

Marokok 2020an ia hiru hamarkadatako su etena hautsi zuenetik, gerra berrabiarazi dute Rabatek eta Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak. Polisarioa XVI. Kongresua egiten ari da egunotan, eta estrategia berria eztabaidatzen ari dira. Buruzagitzan Brahim Galik... [+]


Loueila Sid Ahmed Ndiaye. Justizia eskubide
“Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira”

Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita... [+]


Jadiyetu El Mohtar Sidahmed
“Sahararron borroka ezin da bereizi borroka feministatik”

Mendebaldeko Saharan Marokok okupatutako lurretan bizi diren emakumeen borrokaz mintzatu da, Sultana Khayaren bizipenak ardatz. Khayak biolentzia pairatu eta bideo bidez dokumentatu du.


Eguneraketa berriak daude