Sareko telebista berri batek argia ikusiko du urtarrilaren 14an: Blai Gazte Telebista estreinatuko da, 2016ko Gazteraiki topaketetan lantzen hasi ziren egitasmoa. “Ikuspuntu kritikotik gazteontzat interesgarriak diren gaiak landuko ditugu”, azaldu dio ARGIAri Garazi Conde Orubek (Lesaka, 1995). Telebistako kide da eta "Intriga sortzeko" primiziak azken une arte gordeko dituztela onartu duen arren, proiektuaren nondik norakoak kontatu ditu hurrengo lerroetan.
Zer aurkeztuko duzue urtarrilaren 14an?
Martxan jarriko dugun proiektua Blai gazteon telebista da, 2016ko abenduan egin ziren Gazte Eraiki topaketetatik sortu zen egitasmoa. Komunikazioaren lan ildoan hainbat pertsona ibili ziren lanean eta gazteontzako telebista batek nolakoa izan behar zuen galdetzera eraman zigun eztabaidak. Urtebeteren ostean, telebista alternatibo bat sortu dugula uste dut; ikuspuntu kritikotik eduki propioak ekoiztu eta argitaratzeko aukera emango diguna. Hedabide handiek Euskal Herriko gazteen inguruan sortzen dituzten irudi estereotipatuak ere baztertu nahi izan ditugu. Gazteok gazteontzat sortu dugu. Urtebetez nahiko isilpean ibili gara lanean eta azkenean urtarrilaren 14an hasiko gara emititzen.
Nola gauzatuko dituzue xede horiek?
Telebista xumea da, ez da telebista kate handi bat. Proiektuan gabiltzan guztiok boluntarioak gara eta baliabide oso murritzak ditugu. Hala ere, saiatuko gara formatu ezberdinak sortzen gure helburuak betetzeko. Hiru saio mota izango dira momentuz: ikuspuntu kritikotik landuko den mahai-inguru bat, umorezko albistegi bat eta gazte musikariak oinarri izango dituen saio bat. Lehenengoan gai ezberdinak nahi ditugu landu, gazteen interesekoak direnak. Euskal gazteen artean umorea gutxi erabiltzen den tresna dela uste dugunez, umorezko albistegi bat ere sortu dugu. Azkenik, kontzertu-elkarrizketa formatuan musikaz arituko gara hainbat gazterekin. Laugarren saio bat ere egiteko asmoa dugu baina momentuz ez dugu ezer zehatzik.
Urtarrilak 14an aterako den saio horretatik, zerbait esan dezakezu?
Estreinaldia Mahai Gainera izeneko saioarekin egingo dugu. Mahai-ingurua izango da eta gaiari dagokionez, ezin dut ezer aurreratu. Primizia azken astera arte gorde nahi dugu, intriga sortzeko. Esan dezakedana da, gai polemiko xamarra dela eta gazteoi zuzenean eragiten digula.
Aurrerantzeko gaiak nondik joango dira?
Gehien bat gazteoi interesatzen zaizkigunak eta eztabaidarako aukera ematen duten gaiak izango dira: kontsumo ereduak, alternatibak, feminismoa… Saio batzuk grabatuta dauzkagu eta horiek botatzen hasiko gara. Ondoren ikusiko dugu nondik jarraitu. Iritzi ezberdineko jendea biltzen saiatuko gara, eztabaidak anitzak izan daitezen.
Profil ezberdinetako gazteengana iritsi nahi duzue?
Bai, azkenean gazte euskaldunentzat planteatzen dugu telebista, orokorrean. Ez dugu mugarrik jarri nahi. Hori dela eta, euskaraz izango da, euskara hutsean. Ezinbestekoa dela ikusten dugu euskaraz izatea, gazte guztiek ulertu ahal izateko.
Lan taldea boluntarioz osatuta dagoela aipatu duzu. Nola ari zarete antolatzen?
Dena antolatzeaz arduratzen den koordinazio talde bat dugu. Hala ere, saio bakoitzak bere lan taldea du. Gutxi gorabehera bost eta hamar lagunek osatua. Ideiak jasotzeko prest gaude, asko eskertuko ditugu, eta interesa duen edonor jarri daiteke gurekin harremanetan. Ez da proiektu itxi bat, are gutxiago lan talde itxi bat eta jendeari parte hartzeko deia zabaldu nahi genioke.
Estreinaldiko ordua eta eguna deigarriak dira: urtarrilaren 14an, igandea, arratsaldeko 20:00etan.
Ez du misterio berezirik igandea aukeratu izanak lehenengo saioa argitaratzeko. Igandeak, eta igande arratsaldeak batez ere, nahiko egun “hilak” direla pentsatu genuen: ikasleak ikasten duten hirietara itzultzen dira eta orokorrean mugimendu gutxiko tartea izaten da. Hori dela eta, edukiz hutsik dagoen momentu hori aprobetxatu nahi izan dugu. Gainera jendeak saioa elkarrekin ikusteko ekitaldiak antolatu ditzakeela pentsatu genuen. Ideia hori zabaldu nahi dugu: jendea gaztetxeetan, tabernetan edo beste lekuren batean bildu dadila saioa elkarrekin ikustera.
Hala ere, igandeaz gain, beste egunetan ere ikusteko aukera izango da.
Argi utzi behar da web-telebista bat dela eta edozein momentutan egongo dela ikusgai: Youtuben publikatuko dugu saioa, baita Topaturen webgunean ere. Tokiko telebistekin ere elkarlanean gabiltza, laguntzarik behar izanez gero beraien sostengua izateko. Hala nola, Hamaika Telebistarekin edo Kanalduderekin.
Erronka bat izan da Blai Gazte Telebista sortzea?
Bai, ikaragarrizko erronka izan da. Alde batetik, proiektuan inplikatuko den jendea lortu behar da. Proiektu erakargarri bat sortzen saiatu gara eta hori ere ez da lan erreza. Lan taldearen antolakuntza eta telebistaren nondik norakoak zehazten ere orduak pasa ditugu, besteak beste, gaiak nola landuko ditugun finkatzen. Dena dela, azkenean atera da eta ikusiko dugu ea zer moduz joaten den.
Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]
Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.
Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]