"Alternatiba sozialista indartzera bidean" GKSk eta IAk eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako espazioak antolatzeko beharra azpimarratu dute, eta horren baitan antolatu dute Gazte Topagune Sozialista. Ostegunetik hasita igandera arte izango da Altsasun.
Egitarau zabala eta partehartzailea izago da urriaren 31tik, gaurtik, hasi eta azaroaren 3ra bitartean. Altsaun, aktualitateaz eta "datozen urteetan eman beharreko pausoez" hitz egingo dutela azaldu dute GKS eta IA antolakundeetako bozeramaileek. Hitzaldiak, manifestazio bat, ikuskizunak eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Iazko Topagunea antolatzeko izan zituzten oztopoei erantzun bat emanez sortu dute aurtengo egitaraua; duela bi urte izan zen leku berean egingo da aurtengoa. “Kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialistaren” aldeko borrokara batzeko beharra azpimarratu dute. Topagune Sozialistak norabide horretan ekarpena egiteko “asmo garbia” duela azaldu dute GKS eta IAko kideek.
Ostegun goizean eman diete hasiera ekitaldiari hitzaldi-sorta baten bidez: Krisi ekonomikoa Europan, Gazte eta ikasle mugimenduaren historia Euskal Herrian, Euskarazko literaturarako bide berriak, eta Emakumeon laneko prekaritatea landu dituzte, besteak beste. Horrez gain, aisialdirako eta formakuntzarako ekintza ugari ere izango dira: Sara Zozaya, Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi, Desgaraian, Nakar, J martina, TOC eta abar.
Sarrerak GKSren web-orrian daude salgai.
Iazko edizioan egindako moduan, aurtengoan ere manifestazioa izango da larunbatean. Gerraren eta faxismoaren aurka izango da, 17:30ean. "Gerraren, faxismoren eta arrazakeriaren aurka borrokatzeko berme bakarra sozialismoaren eraikuntza dela aldarrikatuko dugu", adierazi dute antolatzaileek Gedar-ek informatu duenaren arabera.