Eusko Legebiltzarrak EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin onartu du legea. PPk abstentziora jo du, eta Voxek kontra.
Haurren eta Nerabeen Legeak adin txikikoak eskubideak dituen subjektu gisa aitortzen ditu eta horien interes gorena jartzen du erdigunean. Haurren eta nerabeen bizitzaren alderdi guztiak jorratzen dituen sistema integrala proposatzen du araudiak, haien segurtasuna eta garapen osoa bermatuta, eta haien eskubideen babesa eta sustapena politika publiko guztien ardatz gisa jarrita.
- Debekatu egiten du haurrak eta nerabeak erabiltzea edari energetikoak eta janari azkarra iragartzeko. Era berean, ezingo da haiei zuzendutako publizitaterik egin.
- Baita ere edari alkoholdunak, tabakoa, eduki pornografikoa, esplotazioa, tratu laidogarria edo delituak sustatzen dituzten jarduerak iragartzea.
- Genero ikuspegia txertatu du eta ikuspegi hori zeharkakotasunez lantzeko oinarriak ezarri ditu.
- Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen eskubideak indartuko ditu. Besteak beste, zainketa aringarriak adin txikikoen eskura jarriko ditu, horien arreta psikologikoa Osakidetzaren barruan kokatu, eta haur pobrezia saihesteko diru laguntzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) bateragarri egin.
- Zaurgarritasun eta babesgabetasun egoerak atzemateko eta arrisku egoerei aurre hartzeko neurriak jasotzen ditu. Ildo horretan, jokabide arazoak dituzte adin txikikoentzako zentro espezifikoak sortuko dira eta bertan arreta soziosanitarioa, terapeutikoa eta hezitzailea eskainiko zaie modu integralean
- Indarkeria egoerei erantzuteko protokoloak ezartzen ditu, inplikatutako eremu guztien erantzun koordinatua bermatuz
- Adingabeen tutoretzaren eremuan, adingabe horien hitza erdigunean kokatzen du jatorrizko familiara itzuli nahi duten ala ez erabakitzeko orduan
- Erakunde publikoen konpromisoa jasotzen du arauak, jaiotzagatiko eta adopzioagatiko prestazioen eta baimenen denborak eta zenbatekoak pixkanaka handitzeko
- Hezkuntza kanpainak egitea aurreikusten du interneten erabilera seguruari eta arduratsuari buruzkoak eta adingabeen pornografiaren kontsumoak eragindako arriskuei buruzkoak
- Emakumeen kirola bultzatzeko eta sustatzeko erakundeen apustua jasotzen du, eskola eta eskolaz kanpoko eremu guztietan eta aisialdian
- Hainbat organo sortzea jasotzen du: Haur eta Nerabeentzako Erakunde Arteko Organoa, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haurren eta Nerabeen Foroa eta Haurrei eta Nerabeei Buruzko Informaziorako Euskal Sistema
Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]