Haurrak gara behelaino artean

  • Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz gogoetatu: haurtzaroa delako galderak egiteko aldirik interesgarriena. Zentzurik baikorrenean, haurtzaroa da denbora galtzeko momentua. Horixe lehen kapitulurako gaia.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko apirilaren 07an - 08:00

Galdera batzuen aurrean, helduok ume sentitzen gara behin eta berriz. Premisa horrekin abiatu da Galdera Basatiak podcasta. Lehen saioa izan dugu apirilaren 6koa, eta Iñigo Martinezen gogoetaldia hainbat eta hainbat ahots eta iritziekin hornitu dugu. Konpainia atseginean, gainera: Mozarten Gaueko serenata txikia eta Haydn-en 101. Sinfonia izan ditugu belarri atzean.

Haurrak gara behelaino artean, filosofiaz (ere) solastatzen dugunean. Zehatz-mehatz ez dio halakorik Iñigo Martinezek, ez zion halakorik Joseba Sarrionandiak ere, baina bai, argi esan dezagun: harridura da, Aristotelesek zioen modura, filosofia abiarazteko motorra. Eta norbaitzuk bestetzuk baino gehiago harritzen baldin badira, horiek haurrak dira. Esan ohi da helduok haur bat daramagula gure barnean-eta... 

Baina ez ote dugu haur hori isilarazten, ezkutatzen? Pausatuko bagina, eta ustez inertziaz egiten ditugun gauzei zein inguruan ditugunei erreparatuko bagenie, kuestioan jarri eta galderak sortuko bagenitu, gai izango ginateke erantzunak emateko? Zer nolako erantzunak lirateke? Gizakiok edo helduok ba al dugu, bada, oinarrizko dirudien guztiari erantzuteko ahalmena? Eta gehiago hazkatzen hasita: zer da guztia? Non daude mugak, baldin badaude? Eta ez badaude, zergatik ez daude?

Ez ukatu galderak

“Ez dago galderak ukatzea baino erantzun politiko krudelagorik”. Halaxe entzun dugu Galdera Basatiak podcasteko lehen atalean, Primo Leviren liburu batetik hartuta. Martinezek, horri kontra egiteko, ARGIAko mikrofonoak erabiliko ditu sei igandez. Honelaxe zuzendu zaio entzuleari lehen kapituluan: “Guk, hemen behintzat, galderei ahotsa emango diegu. Baina, kontutan izanda, zeharkatzen gaituzten galdera basatiak, politikoak zein existentzialak izan, ez direla galdera teoriko hutsak, ez direla soilik galdera akademikoak… Dardara ere badira, bizipena; bizitzari lotuta daude”.

Galderak egitea delako horren guztiaren funtsa, haurtzarora bidaiatu gaitu Iñigo Martinezek, baita lehen kapituluan bidaide izan dituen gonbidatuek ere, Jon Gederiaga filosofoak eta Alvaro Berañan psikomotrizistak, esaterako. Azken horrek dio haurtzaroa dela jolasteko garaia, eta era berean, jakina, eraikitzekoa. Eraiki, jakintzaren konpainian; eta jakintza, galderak eginez eta erantzunak topatzen egiten da sarri. Erantzunak, behin-behinekoak badira ere. Gerora kuestionatu egin baititzakegu.

Haurtzaroa da, Iñigo Martinezen hitzetan, “galderen eta ezjakintasun positiboaren lurraldea”. Ezjakina izatea positiboki autobaloratua izatea, alegia. Jone Ojea filosofia irakasleak kontatu digu “lokatza belaunetaraino” edukitzea bezalakoa dela, zikintzearen akatsa zein den ez jakitea, inozentzia, aurreiritzi falta, zergatien bilaketa etengabea... “Ezjakintasuna eta jakiteko grina elkartzen diren puntua da haurtzaroa”.

Helduok horren beldur gara? Lokatzetara jaistearen beldur? Halaxe uste du podcastean hitz egin duen Ane Garabieta gazteak ere.

Eta zu, ausartuko zara?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galdera Basatiak
Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Haur filosofiari buruzko podcasta igandean estreinatuko du ARGIAk: ‘Galdera Basatiak’, Iñigo Martinezek gidatuta

Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]


Eguneraketa berriak daude