Psikiatria zerbitzua Bidasoko ospitaletik Donostiakora lekualdatzeak haserrea piztu du pazienteen familien artean, eta erabaki horri aurre egiteko Martxoak 8 plazan elkartu dira larunbatean, 12:00etan.
Paziente baten familiak hartu du hitza, eta haien alabaren alde borrokatzeaz harago, haur eta gazte guztien osasun mentalerako baliabideen alde borrokatuko dutela azpimarratu du. Izan ere, 100.000 biztanleko 20 psikologo egon behar diren arren, sei besterik ez daudela salatu du senideak. Gainera, Bidasoko ospitalean orain arte lanean egon den psikiatria dagoeneko ez dagoela, eta ordezkorik ez dutela jarriko jakin dute.
Herritarren zergak gazteen osasun mentalerako baliabideak indartzeko izan daitezen eskatu dute, “gazteak etorkizuna baitira”. “Ezin da izan psikologorik ez egotea eta psikiatrara bideratzea. Eta psikiatrak zer egiten du? Pilulak, pilulak eta pilulak” salatu dute. Osasun mentalerako bitartekoak eskatzeko Hondarribiko anbulatorioan psikologia zerbitzuaren eskaera egitera deitu dituzte herritarrak.
Manifestazioari ekin aurretik, esker on hitzak adierazi nahi izan ditu senideak, harro baitago “denengandik jasotzen ari diren maitasunagatik”, bereziki herriko gazteengandik. Sinadura bilketa abiatu dute, eta izenpetzera deitu ditu manifestariak.
Martxoak 8 plazatik abiatu eta Gipuzkoa plazara arte egin dute manifestazioa dozenaka herritarrek, ‘Osakidetza entzun: osasun mentalik gabe ez dago etorkizunik’ aldarriaren atzean. Hala ere, gaurko manifestazioa ez dela bukaera argi utzi, eta “borrokan eta zarata asko egiten” jarraituko dutela jakinarazi dute. “Entzunak izan daitezen” indarrak batzeko deia luzatu dute, “familia batek bakarrik ezin baitu”.