Estatuko Hezkuntza Ministerioak azterketa espezifiko eta baztertzaile bat proposatu du Hezkuntza Fakultateetara sartzeko, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaz gain. Madrilgo gobernuak dioenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetara eta Irakasleen Prestakuntzako Masterrera (Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, LHko eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasle izateko) sarbidea gogortu nahi du.
Harrigarria da irakasle izan nahi dutenei bi ebaluazio-proba egitea, unibertsitatean ikasteko aukera ere izan aurretik. Badirudi hezkuntzako arazo nagusia irakasleen formakuntza ezean eta ikasleen sarbidean dagoela. Oraingoan ere, hezkuntzan egiturazkoak diren arazoei aurre egin ez eta irakasleengan jartzen dugu arreta, langileak hezkuntzaren gabezia guztien erantzule bagina bezala.
Susmagarria da hezkuntza komunitatetik etengabe adierazten ditugun arazoak konpontzeko neurririk ez hartzea, esaterako, hezkuntza publikoan inbertsio falta, eskola-segregazioa, pribatizazio dinamikak, inklusiorako baliabide falta, gehiegizko lan karga burokratikoa, ratio handiegiak… Hezkuntza sistemak behar dituen arazoei aurre egiteko egiturazko neurriak hartu, baliabide gehiago ipini eta langileen lan-baldintzak hobetu beharrean, BPGren %6 inbertsiotik horren urrun egonda, fokua desbideratu da eta irakasleen kaltetan inork aipatu ez duen arazo bat konpontzeko erabakiak hartu dira. Are gehiago, langileek bi urte daramatzagu pandemia egoeran lan-zama handiak jasaten, hezkuntza prozesuari eusten eta ez dagozkigun zereginak betetzen; irakasleen lanari aitortza eta prestigioa emateko ekarpenik ez du egin eta pandemia egoeran egindako lan eta esfortzuari muzin egin zaio. Agerian geratu da hezkuntza sistemako irakasleon prestakuntza eta prestutasuna, gabeziak baino, indarguneak direla.
Meritokraziaren eta bikaintasunaren izenean banakako ebaluazio metodoak inposatu nahi dizkigute Madriletik, unibertsitatean ikasketak hasi aurretik irakasle ona nor izan daitekeen erabakitzen dutenak. Hezkuntza garapen pertsonaletik urruti irudikatzen du gobernu honek unibertsitatean sortuko dituen ikaspostuak lan eremuan izango diren lanpostuen pare eta neurrira diseinatu nahi baditu.
STEILASen uste dugu proposamena ez dela batere egokia. Irakasle ona izatea ez da azterketa baztertzaileak gainditzea; aitzitik, ebaluatu, sailkatu eta ikasle "onenei" unibertsitatera sartzeko aukera ematea gizarte-darwinismo neurri hutsa iruditzen zaigu, ikasleen arteko aniztasuna suntsituko duena eta aukera-berdintasunaren printzipioa ere kolokan jartzen duena. Ez dezagun ahaztu hautatzeko eta ebaluatzeko tresnek egoera sozioekonomiko baxuenean daudenen aukerak murrizteko besterik ez dutela balio.
Edonola ere, ez gara guztiz ezkorrak bere burua progresistatzat hartzen duen gobernu honek egiten dituen proposamen guztiekiko. STEILASen beti egon gara lan praktikoa eta egunerokoan oinarrituriko etengabeko formakuntza indartzearen alde, baldin eta erreala eta kalitatezkoa bada. Onartuko ez genukeena, ordea, zera da: praktikaldiaren aitzakiarekin lanpostuen prekarizazioa bultzatzea. Praktikaldiak ezin ditu egun existitzen diren, eta egunez egun gehiago murrizten diren, lanpostuak bete. Lanbide Heziketan dugun sistema dualak argi utzi du horrelako praktikaldiek dituzten ondorioak; batetik lan baldintzak prekarizatzea, eta bestetik enpresarentzat nahierara egokitutako hezkuntza sortzea.
Ez da kasualitatea eskubide sozialak suntsitzearekin batera hezkuntzan merezimendu indibidualizatuaren eta bikaintasunaren erretorika gailentzea, etengabeko ahalegin indibiduala eskatzen duena eta hezkuntza-komunitatearen onura kolektiboan ia eragin onik ez duena.
Bertan proposatzen den karrera profesionalak ere arrisku hori izan dezake, pizgarrien bidez sarituko den hierarkia meritokratikoa elikatuz. Meritokrazia hori irakasleen lana ebaluatuz bideratuko litzatekeela dirudi, ebaluazioaren emaitzak soldata-osagarriekin lotuz, unibertsitatean egiten den bezala. Gure lanean ebaluazioak eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuekin lotutako formazio jarraiak eguneroko ogia dira, inplizituki dauden jarduerak eta prozesuak dira. Bikaintasun hori bilatze aldera, lankideen eta ikastetxeen arteko lehiakortasuna sustatzea ez da batere egokia hezkuntza munduan. Horrek duen ibilbidea oso zalantzagarria da, motibatu eta lagundu beharrean presio handiagoa ekar baitezake hezkuntza-lanaren gainean. Gure lana ez da zenbaki objektibo hutsez neurtu daitekeena, ekitatearekin, inklusioarekin eta jatorri-desberdintasunen orekatze lanarekin zuzenean lotuta baitago, hau da, gizarte-logika bati lotuta baitago. Guretzat ez dago bikaintasunik eskola komunitate guztientzat ez bada eskuragarria.
EAEn hezkuntza itun berri baten atarian gauden honetan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala Madrilgo gobernuaren bidea jarraitu, eta gure hezkuntza sistemaren benetako arazo nagusia den hezkuntza zerbitzuaren pribatizazio eta eskola-segregazio dinamika eteteko neurriak har ditzala, euskal eskola publikoaren aldeko apustu sendoa eginez.
Nagore Iturrioz Lopez eta Ainhoa Astigarraga Blanco (STEILAS sindikatuko bozeramaileak)
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]