Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.
Durangoko Azokaren datorren edizioko irudia eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute urriaren 16an, asteazkenez, azoka hartu ohi duen Landako gunean. 59. edizioa izango du aurtengoa, eta zifra biribiletik gertu, Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak eskerrak eman dizkie aurreko edizioen antolakuntzan aritu diren kideei eta, aipamen berezia eginez, Jon Irazabal oroitu du, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoa, zendu berria. Emozioak hartu du Mujika, eta txalo jo dute bertan zirenek.
Iraganeko lanari esker, gaur egungo Durangoko Azoka “indartsua” dela definitu du Mujikak: “Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, askotarikoa, indartsua eta ederra, benetan ere”. Hala ere, euskarak oraindik “lan horren beharra” ere baduela azpimarratu du, euskarak ez duela “ez trabarik ez epairik” behar, baizik eta “guztiok kabitzeko bide zabalak”.
Kultura jasotzea, gizarteari “bueltan emateko bide bat” dela nabarmendu du Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko duela ere bai.
Dena dela, sortzaile eta hartzaile balantzan desorekak ikusten dituela nabarmendu du Gaztelurrutiak: “Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du, azokara etortzea, ikustea, hartzea... kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako”. Bere esanetan, “irakurtzea bestela idaztea” den bezala, “entzutea kantatzea” da, “ikustea antzeztea”... eta Durangoko Azokan egotea, “euskal kulturaren alde egitea”. Horregatik, iaz online denda kendu zuten, eta ondo funtzionatu zuenez, aurten ere horrela izango da, presentzialaren aldekoa.
Azokako antolatzaileen arabera, aurtengo azokaren kartela “berritzailea” da “hainbat ikuspuntutatik”. Lehenik eta behin, bi egilek egin dutelako, Udatxok eta Baluk. Geruza ugariko artelan bat sortu eta pieza hori kartelean integratu dutela nabarmendu du Durangoko Azokak.
Kartelean esku batzuk irudikatu dituzte Udatxok eta Baluk, eskuekin egiten dutelako lan. Eta eskuekin egin dute lan aurkezpenaren unean bertan. Pintzela hartu eta Balu marrazten hasi da, Udatxo hizketan ari zela: Hartzea ematea DA idatzi du.
Kaletik hartutako hainbat kartel ere izan dituzte oinarri kartela egiteko, baita hemerotekan aurkitutakoak ere: musika posterrak, literatur emanaldi zaharrak, Durangoko Azokaren iraganeko edizioetakoak... Collage-a egin eta horrela atera zaie. Bihotz forma ikusten die, eta horrekin lotu dute zera esateko: “Durangoko Azoka bihotza da euskararentzat eta euskal kulturarentzat”.
Kartelean topatu daitezke Negu Gorriak, Hertzainak, Alaitz eta Maider, Etzakit, Mikel Laboa... eta beste hainbat erreferentzia. Kartela sinatzen ariko dira azokan bi egileak.
Lau egunez, abenduaren 5etik 8ra, hainbat liburu eta disko aurkezpen, solasaldi eta tailer egingo dira Durangon, azokaren bueltan. Egitaraua “zabala” izango dela hitzeman dute, baina ez dute aurrerapenik egin, osatzen ari baitira oraindik.
DA!PRO topaketa, hori bai, azaroaren 26an eta 27an egingo da, beste urte batez, sortzaileen eta programatzaileen arteko lankidetza sustatzeko. Horren informazioa, durangokoazoka.eus atarian.
“Publikoaren eta pribatuaren elkarlan erreferentea da”, esan du Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Erakunde publikoen artean hitz egiten azkena izan da Iturbe, eta bakarra euskara eta gaztelania tartekatu dituena.
“Bizirik dagoen lurraldea da Euskadi”, esan du Iturbek, eta datu bat eman: 20.000 kultur ekintza inguru programatzen dira urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Eta, Iturbek esan duenez, hiru lurraldetako gobernuak hiru alorretan ari dira lanean: sortzaileak eta sormena, ekoizpena eta erakusleihoa. Azken alor horretako ardatza da, Iturberen esanetan, Durangoko Azoka: “Guztiz estrategikoa da horrelako azoka bat edukitzea, merkatu bat erakusteko, urtean zehar egindako lana bistaratzeko”.
Azken ideia batekin itxi du Iturbek: “Gu izan gara legatu baten hartzaileak, eta tokatzen zaigu gaur egungoa kudeatzea. Etorkizuna kudeatu behar dugu, eta horretan pentsatu behar da”.
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen... [+]
Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari... [+]
Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.
Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]