Aurten ere, eta urteroko kontuari jarraituz, otsailaren 9an, larunbatarekin, hartza, mendietako leize-zuloak utzirik, Donibane Lohizuneko karriketara etorri zitzaigun. Harekin batera ibili ziren, kalez kale eta bazterrez bazter, Lapurdiko inauteria osatzen duten gainerako pertsonaia koloretsu eta miresgarriak.
Osora ehun bat lagun, dena kolore, dena dantza eta dena alaitasun. Hortxe ziren, Donibaneko euskal harrotasuna zabalduz, Begiraleak elkarteko dantzari gazte eta trebeak. Begiraleak ospetsua dugu Lapurdiko itsas-hegian euskal kulturaren alde egiten duen lan handiagatik, eta inauterian ere, Hartzaren Eguna antolatuz, euskal hazia lur emankorrean ereiteko prest dugu beti.
Segizioa goizeko 10etan abiatu zen, eta eguraldi ederraz baliatuz, Donibaneko karrikak inaute giro ezin hobeaz bete zituzten. Aitzinean Baionatik etorritako joaldunak zihoazen eta ondoren zaindari batek soka luze batez loturik zeraman hartza. Ondoren, musikariak, hiruburuak, zirtzilak eta gainerako pertsonaiak. Donibaneko zaindariak makil handi bat eramaten ohi du eskuan, eta makilan kiribildurik soka handi luzea, hartza loturik eramaten duena. Zaindariak nahi duelarik, soka luzatzen du eta hartza jendearen gibeletik abiatzen da, haurrak izutuz, emazteen zarpak ebatsiz, dendetan sartuz eta bestelako bihurrikeriak eginez. Hartza gisakoa bada ere, sobera bihurria da eta barrabaskeriak egitea maite du.
Aipatu makilaren goiko muturrean loturik, eta koloreetako xingolen artean, ereinotz edo erramu adaxka bat izaten da. Erramu adaxka hori magikoa omen da eta izpiritu txarrak, eritasunak eta ezbeharrak uxatzen omen ditu. Hartz-eramailea, horrela deitzen baitzaio aipatu zaindariari, atorra beltzez, galtza ilunez eta kapelu beltzaz janzten da, oinetan abarkak ditu eramaten eta ohiko euskal mukanesa gorria lepoan. Mukanesa hau euskal marrazki horiz eta beltzez apaindua da.
Hartzaren Egunean, beste pertsonaia bat aipatu beharra dago: hiruburuak. Zortzi inguru izaten dira, zakuz eta koloreetako xingolez jantziak, eta hiru buru dituztenak. Hortik datorkie izena. Aurpegia zapi fin batez estalirik eramaten dute eta buru gainean hegal zabaleko lastozko kapeluak. Binaka joaten dira eta aitzinean Zibulohi izeneko gidari moduko pertsonaia joaten ohi da. Honek erratz handi batez egin beharreko bideak garbitzen ditu. Pertsonaia hau ere, antzeko arropaz janzten da. Hiruburuek hainbat dantza egiten dute. Bada Hiruburu Dantza izenekoa, arras berezia dena, eta soka luze baten inguruan dantzatzen dutena. Sokadantza bat dela erran daiteke. Dantza honen bukaeran kantu labur bat abesten dute eta hau amaitzen delarik, soka utziz, ikusleengana abiatzen dira eskuan daramaten maskuriaz kolpatzen. Kantuak honela dio:
Donibane ta Ziburu
ihes egin denak seguru,
uru uru gu gira hiruburu,
kasu jende ta inguru.
Hartzaren segizioa, hasieran aipatu dudan bezala, goiz-goizean abiatzen da Begiraleak elkartetik eta karrikaz karrika ibiltzen dira Karrika Handian (Ganbetta ere deitua), herriko plazan, merkatu aitzinean… dantza eginez. Hainbat ostatutan jan-edariak, xokolata beroa, eta horrelakoak ematen dizkiete eta horietan ere hainbat dantza egiten dute. Eguerdian denek umore onez elkartean bazkaltzen dute, eta arratsaldean, 4ak irian, berriz karrikaz karrikako ibiltzeari ekiten diote. Hiruburuek, zirtzilek eta gainerako pertsonaiek makil-ttiki dantza, hainbat dantza-jauzi, fandango eta arin-arin, zortzikoa… dantzatzen dituzte. Hauxe izaten da Hartzaren Eguneko usaia.
Aurten, otsailaren 9an, urteroko errituala errepikatu zuten kale eta plazak betetzen zituzten donibandarren plazera eginez. Hortxe ibili zen hartza bazterrak nahasten eta alaitzen.
Inauteria neguko hotza eta iluntasuna gainditu nahi dituen aroa dugu, udaberriari eta eguzkiari deika aritzen zaien aro luze eta hitsa. Aurten ere, donibandarrek, urteroko erritoari jarraiki, horretan ari izan dira, eta ainitz urtetan horrela arituko direlakoan nago, Donibane Lohizunek euskaldun izaten jarraitzen duen bitartean, bederen. Luzaz horrela izan bedi!
Hori dena laburtu nahi izan dut hiru koblatan. Ahairea edo doinua: Haize hegoa kantu ospetsuarena erabili dut horretarako. Horratx:
1.- Donibane Lohizuneko
hartz eder miresgarria,
karrikaz karrika dabil
dantzan eta dantzan biran,
kaskarotak hor dabiltza
dantzan makilak joaz,
inauteria etorri zaigu
udaberriaren bila.
2.- Neguko gau luzeak
ta egunak laburrak,
zeru hits eta iluna,
euria eta aro hotza.
Heldu zaigu hartz handia
eguzkiari deika,
udaberriaren xerka,
heldu da inauteria.
3.- Soka inguruan dabiltza
hiriburu alaiak,
dantzari emanak dira
zangoak beti airean.
Zaku arropak ta xingolak
ta kapelu zabalak.
Hiriburuen garaia
Donibanera iritsi da.
Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]
Irungo inauterietako kartel lehiaketa irabazi duen gizonak adimen artifizial bidez sortu du irudia, ziurtatu du Luis Doviso diseinatzaileak: “Iruzur egin du, bere burua egiletzat aurkeztu duen pertsonak ez duelako kartela egin, makina batek baizik”. Jakin gabe,... [+]
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Baserriz baserri eta etxez etxe ibili ohi dira Euskal Herriko hainbat mozorro dantzan eta kantuan, trukean zerbait jasoko duten itxaropenez. Atea jo eta ezkaratzetan egin ohi da festa. Askotan atarian ez ezik etxe barruetaraino sartzen dira mozorroak eta mahai bueltan egiten... [+]
Urtarrilarekin batera iritsi da inauteri garaia. Maskaradak eta kaskarotak martxan dira, baita beste zenbait inauteri goiztiar ere. Data nagusiak, ordea, otsailean izango ditugu aurtengoan. Otsailaren 16an izango da Ostegun gizen eta 21ean Inaute asteartea. Inauteri garaiko... [+]
Urtero legez Euskal Herria Plaza eskatu du Tolosako Txosna Batzordeak, baina salatu duenez, udalak aldebakarrez erabaki du txosna gunea Plaza Berrira lekualdatzea.
Herri batzuetan urtero moduko inauteriak izango direla adierazi da, beste zenbaitetan moldatu egin dituzte eta beste batzuetan bertan behera gelditu dira inauteriak. Sarrera honetan beste urteetan ospatu izan diren errituak zerrendatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi aurten... [+]
Haratustea baino luzeago egin zaie tolosarrei inauteririk gabeko urtea. Hilaren 24tik martxoaren 1a bitarte berreskuratuko dituzte aurten festak. Karrozak prestatzeko bi aste baino izan ez dituzten arren, aurten ere kaleak hartuko dituzte. Txosnak eta barrakak ere urteroko... [+]
Koronabirusa dela eta izandako etenaldiaren ostean, aurten berriz ospatuko dituzte inauteriak Tolosan. Ostiralean emango ditu zehaztapen gehiago Tolosako Udalak.
Bariku honetan berriro ikusi ahal izan dira Kokomarroak Arratia bailarako Artea herrian. Hainbat urtez lozorroan egon ostean, herritar taldetxo batek herriko zaharrenek akorduan dituzten Kokomarroak “berpiztu” ditu.
"Arteako Kokomarroak" taldeak eman du... [+]
Otsailak 2, Kandelario. Trumoi hotsa aditu da. Oskarbi dago hala ere. Zulo beltzean luzaroan geldi egon den piztiaren giharrak tinkatzen hasi dira. Lotan egin duen puzkerrak iratzarri du. Hilabeteetako loaldiaren nagiak askatu, kiribilduta izan den zuloaren berotasuna utzi eta... [+]
Eguneko isiltasuna hautsi eta inauteri seinalea egiteko Zubietako joaldunak bildu dira urtarrilaren 1ean Iturengo plazan.