Hondakinen kudeaketan oinarrizkoak dira hiru kontzeptuak: murriztu, berrerabili, eta birziklatu. Gazteleraz, r hizkia dute lehena hiru hitz horiek, eta hortik datorkio izena Julen Mendigurenek beste hainbat kiderekin batera Iruñerrian osatzen duen 3-R taldeari. Hondakinak era jasangarrian kudeatu daitezen aritzen dira buru belarri, aldarrikapena, salaketa eta dibulgazioa uztartuz.
Murriztu. Hortik hasi beharko genuke.
Hondakinen kudeaketaren hierarkian, lehen maila hori da: ahalik eta hondakin gutxien sortu, orduan eta kutsadura gutxiago, orduan eta beroketa gutxiago eta, hortaz, aldaketa klimatiko txikiagoa. Ez da garbiagoa erratza gehien pasatzen duena, gutxien zikintzen duena baizik.
Murrizten ari gara?
Krisi garaian, 2008tik 2015era, nolabaiteko murrizketa egon zen, baina ez ingurugiroarekiko kontzientzia hazi zelako, baizik eta krisialdiagatik. Orain, ematen du motelago hazten ari dela hondakinen sorrera, baina hazten doa. Mota bateko hondakin gutxiago ekoizten da, baina beste batzuetako gehiago. Adibidez, hainbat hondakin ez dira modu solidoan edo likidoan isurtzen, baina atmosferara doaz, negutegi efektuko gas gisara. Eta horiek hazten doaz, aldaketa klimatikoaren aurkako gailurrak gailur.
Zenbat zabor sortzen dugu?
Iruñerrian, 145.000 tona sortzen dira urtean. Eta horiek etxeetako hondakinak dira. Nekazaritza, abeltzaintza eta industriaren hondakinak guztien %78 dira, beraz, hirikoak, etxekoak, %20 edo dira bakarrik. Hau da, askoz gutxiago da herritarrak etxean sortzen duena, nekazaritzaren eta industriaren produktuak kontsumitzen sortzen dena baino.
Beste eskaletan neurririk hartzen ez dela ikusita, bada arriskurik herritarra pasibitatean gera dadin?
Beti izaten da arazo hori. Badira haien jarrera hobetzen saiatzen diren herritarrak, baina badira erosotasuna eta alferkeria gailendu zaizkienak ere. “Zertarako ezer egin, gehiago egin beharko luketenek –eta egia da– ez badute egiten?”. Hondakinak ez bereiztea justifikatzen dutenak ere badira, diotenez, modu horretan hondakinak bereizteko lanpostuak sortzen direlako. Nik halakoei esaten diet: ederki, orduan nahiago zenuke zure seme-alabak leloak izatea, haien hezkuntzaz arduratuko diren irakasle lanpostu gehiago sortu behar izateko?
Berrerabili, bigarren aditz gakoa.
Erabilera bakarreko produktuak baztertu beharko genituzke, ez baitute baliatzen produktuen potentzialitate osoa.
Beirazko botilak, adibidez, apurtu egiten dira edukiontzira botatakoan.
Ikaragarria da, baina hori da Espainiako Estatuaren erabakiz beiraren edo plastikoaren bilketaren eta birziklapenaren ardura hartu duten enpresekin gertatzen dena. Adibidez, Ecoembes. Plastikozko ontzi fabrikatzaile handiek finantziatutako enpresa da. Ondorioz, bere helburua ez da kontsumoa murriztea, berau finantziatzen dutenek ez dutelako murriztu nahi, baizik eta gehiago ekoizi. Berdin beirarekin. Edari jakin baten botila guztiak estandarrak izan beharko lirateke, berrerabili ahal izateko. Garai batean egiten zen, eta egiten da, garagardoekin adibidez. Baina zergatik ez, adibidez, kontserba potoekin? Hamar aldiz merkeagoa da poto bat hartu, garbitu eta desinfektatzea, berri bat egitea baino. Baina fabrikatzaileek gehiago ekoizi nahi izaten dute.
Eta hiru, Birziklatu. Hobe litzateke horra ez iristea?
Batzuetan ez dago besterik. Materia organikoa, adibidez, ezin da bere horretan berrerabili. Birziklatu behar da, konpostatuz, edota hemen [Iruñerrian] bosgarren edukiontziarekin egiten dutena eginez, hau da, biometanizazioa. Birziklatze faltsua da hori.
Zergatik?
Ekonomia zirkularrean, logikoena litzateke hondakinak etorri diren tokitik berreskuratzea. Hori ez da egiten metanoa errez, HTN plantak Kaparroson egiten duen biometanizazioan bezala. Helburua ongarri natural bihurtzea izan beharko litzateke, konpostatuz. Egia da badela hainbat produktu, hondatzearen hondatzeaz ezin direnak berriro erabili. Baina ahalik eta gehien berrerabili eta ahalik eta hondakin gutxiago izan birziklatzeko, hobe. Diseinua gakoa da horretan. Eta aurrez programatutako hondatzeak xahuketa latza dakar.
Norberak ongi bereizteak ez du birziklapena bermatzen.
Norberak ongi bereizi arren, plastiko asko, adibidez, kutsatuta iristen da. Gongoran [Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinak kudeatzeko plantan] plastikoak hautatzen dituzte. Baina gero Ecoembes da horra doana, eta esaten duena: “Honek balio dit, eramango dut birziklatzera, baina honek ez dit balio, berdin zait bereizteko ardura hartu baduzu”. Hori zabortegira doa, lurpera. Edo erraustegira eramaten dute. Berdin gertatzen da paperarekin, edo kartoiarekin. Eramaten den guztia ez da birziklagarria. Ecoembes dator, edo Ecopapel, edo Ecovidrio, eta haiek esaten dute baden ala ez den.
Zer lortu dezake herritarren antolakuntzak?
Sortzen dena ahalik eta gertuen kudeatzea oinarrizko printzipioa da. Herritarren antolakuntzaren ondorioz birziklatzen den guztia ona da. Are gehiago, hondakinen kudeaketa erabat deszentralizatu beharko litzateke, instalazio autonomoen bitartez. Gure auzoko konpostatze komunitarioan ez dugu energiarik kontsumitzen, eta etxe ondoan dugu, beraz, ez dago garraiorik. Badakizu zer kostu duen bosgarren edukiontziaren garraioak? Bada, jasotzen den tokitik Kaparrosoraino kamioiak erretzen duen diesela.
“Ingurumenarekin maitemindua nago, baina nire bizitza profesionalean ezin izan dut pasio hori garatu. Industria ingeniaria naiz, eta lanbide heziketan irakasle aritu naiz, hasieran Durangon, eta gero, urteetan, Txantrean. Behin erretiratutakoan, 2005ean, hasi nintzen gai hauetan buru belarri. Uraren Kultura Berria fundazioan nabil, ura ez dadin negozio iturri izan. 3-R taldean ere banabil, baita energia berriztagarriekin lotutako gaietan ere. 1976an iritsi nintzen Sanduzelai auzora, kartzelan lau urte eman eta gero, frankismo betean. Urte hartan sortu zen auzo elkartea, eta ordutik han ere aritzen naiz”.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara heltzen diren bakarrak dira. Laster, kuadrillako herri gehiagotara... [+]
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]
Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]
Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.
Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.
Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]
Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.
2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.