Hamabi hilabete pasa ditugu EHZ festibalaren iazko edizioa gora eta behera. Ahaztezina izan zela, oasi bat pandemiaren erdian, eta zin egin genion duela urtebete geure buruari berriz ere etorriko ginela. Azkenik heldu da uztaila eta aste bukaerarekin batera, hamabi hilabete esperoan egon eta gero, iritsi ginen Irisarrira. Luzeagoak egin zitzaizkidan etxetik festibalerako ia hiru orduak, hala ere, urte osoa bera baino.
Hirugarren urtea dut EHZn eta oraindik ere, ez dut lortu garaiz ailegatzea hasierako kontzertuetarako. Lumik izan zuen ardura aurten festibalari hasiera emateko eta ikustekoen zerrendan neukan. Jendeak gustura egon zela dio, eta eguzkiak majo jotzen zuen arren, hotz geratu zela giroa, estilo horretarako goizegi zelakoan-edo. Amorante ikusteko aukerarekin konformatzen hasia nintzen sarreraren bila gindoazen bitartean, baina hori ere galdu genuen.
Tantaka iritsi ziren festibalariak Euskal Herriko txoko guztietatik. Iazko aurpegi eta kuadrilla ezagun asko: Donostiako raveroak, Lakarrako Iñigo, zarauztarrak… Eta, nola ez, emandako matrakaren ondorioz gurekin ekarri ditugun beste lagun berri asko ere bai. Batzuk tragoak hartzen ari ziren furgoneten kanpalekuan besteek Quechua dendak muntatzen zituzten bitartean. Horra festibaletako bi aldeak: furgesia eta oihal etxeetako herri xumea. Eskerrak dutxetako ur hotzari, denak —dutxa hartzen dutenak, behitzat— berdin-berdin demokratikoki esnarazten baikaitu. Pozik nolanahi ere iluntzerako dena prest zutenek, ilara luzeak pilatzen hasi ziren eta txarteldegiaren aurrean eta ttanttoak lortzeko.
Delirium Tremensek ekin zion Pentzeako kontzertuei, baina bitan argiak huts egin eta ordubete luzez atzeratu zen kontzertua. Guk, beste askoren modura, afaltzeko probestu genuen, eguzkia pixkanaka mendien artean ezkutatzen zela. Bueltan, labur aritu ziren Mutrikukoak. Hurrengo taldeak prestatu bitartean, wawawa yupi ya yupi ye izan gintuen Juanita Bananak dantzan.
Inork goiz erretiratu eta lotarako intentziorik bazuen, nekez lortuko zuen Fizt & Furiuz eta Sepultura taldeek Behe Nafarroako belardi hauetatik Cascanterainoko herritarrak esnatzeko moduko orroekin. Rapak hartu zion lekukoa gero eta jendeak dantzarako zuen premia ase zuen. Barraren ertzetik mugitu ez zenik bazen, gustura horiek ere gerri-bueltarik gabe ere, ukondoa ongi iltzatuta. Sorpresa amaieran etorri zen Atoem bikote elektronikoarekin. Argi ilara biziekin pun-pun-pun baxuak aski ongi sartzen ziren goizeko ordu txikietan.
Afterraren azken hondarrak entzun ahal ziren aparkalekutik larunbat goizez. Asko haiekin batera esnatuko zen; beste asko, berriz, beroak itota. Bide batez, ez dakit kanpineko jendearengatik borondate onez-ala, baina aurten aparkalekura aldatu da gaua luzatu nahi dutenen festa inprobisatua. Inprobisatuarena zalantzan jarri daitekeen arren, bozgorailu nahiko dezentea baitzuten. Ostiral gogorrari larunbat are gogorragoa zetorkion atzetik, kartelean ez ezik, tenperaturan ere bai. Irisarrin ez zen eguzkiak plazan eta Pentzean kiskali ez zuenik, goiz-goizetik iluntzera. Izerdia, ura, garagardoa eta kalimotxoa eguzkitarako kremaz nahasirik.
Festarako orduak berdin du eta ongietorria da datorren eskaintza oro herriko plazan. Hori da, akaso, niretzako jaialdiaren onena. Ordutegiei kasu handirik egin gabe, hurrengoa zer zetorren, horra joaten ginen. Bertso musikatuak eguerdian, bertso dantzatuak bazkalostean. Itzalpean babesten ziren asko rap emankizunaren bitartean. Ezin pentsatu Sarini zirkolariak zenbat sufrituko zuen eguzkia parez pare zuela, baina zer poz hartu, aldi berean, plazan zituen ikusleen animoekin eta txaloekin.
Pasadena gasteiztarrek ahal bezala eutsi zioten eguneko ordurik beroenean izan zen kontzertuaren tiroiari. Haien ondoren kontzertuak eta zerbezak bata bestearen atzetik kateatzen hasi ginen. Zein da orain? Vulk? Ez, Odei izango da, aurrekoan esan zuten aurreratu egin zutela! Baina plazan Kilimak dago. Atzeratuta dabiltza. Dj-a pintxatzen ari da, etorri. Hau bukatzean joango. Ordutegien nahasmenduak bueltaka izan zituen batzuk hara-hona.
Larunbat arratsalde inguruan hasi zen igartzen egun bakarreko bisitarien etorrera. Ezinean ajearekin borrokan zebiltzanen eta fresko iritsi berri zirenen arteko talka. Begi-zulodunak eta kolonia usaindunak. Batzuk Pentzean Vulk eta Ezpalak entzuten. Besteak dantzan lepo betetako plazan Kilimaken eta Frigoren erritmora.
EHZ ez da erdibitu ezin diren parrandazaleentzako festibala. Oro har, festibal bat bera ere ez, egia esan. Baina min ematen du Pentzetik plazara joatea, edo alderantziz, atzean utzita giroa. Siestarako tartea hartzeak berak ere kasik amorrua ematen du, zer galduko ere. Bi asteko jaialdia eta kafe asko beharko nituzke talde, antzerki eta emanaldi denak ikusi eta entzun ahal izateko.
Iluntzean, zerutik erortzen ziren errautsek txibatu ziguten ekitaldirako sua piztu berri zutela. EHZ bidaia bat da, mundua aldatzeko bidaia bat, irakurri zuen antolatzaileetako batek. Eta kanpotik hala bizi dugu behintzat: hegoaldera begira bizi garenontzako begiak zabaltzeko bidaia bat. Etxetik ia hiru orduko bidaia bat bai, baina bizitza osorako gordetzen den horietakoa. Belaunaldiz-belaunaldi jaso eta eman den festibala, diruz bakarrik ezin dena ordaindu, laguntzaileen izerdiz baizik. Eta haien konpromisoari esker ospatu dugu 2022ko edizioa.
Espektatiba altuak ziren Ødeiren kontzerturako. Terapia lan berria jendetza baten aurrean aurkezteko unea heldu zen, eta hura izango zen, agian, zale gehien bildu zituen emanaldia. Hitz gutxitan kontatuta: txandal zuriz jantzirik Barroso, gu, berriz, harrituta estetikarekin, kontzertuaren eszenografiarekin hipnotizatuta erabat. Gustatzen ahal zaio jendeari rapa gehiago edo gutxiago, baina luzez EHZko oholtzetako onenetako bat izan zela esango nuke. Hitza jolas, jaso ta eman, eman ta jaso, aldarriak lehen lerrora, Ipar Euskal Herria ez da sei-lau, eta hilabete batzuk atzera utzitako lagun eta festibaleko antolatzaile zen Leireri omenaldia eginez: kokinkerietan arituko den izarra. Festibal handien aurrean, balioetan eta auzolanean oinarritzen diren eta artistei aukerak ematen dizkieten festibal txikien alde egin zuen amaiera aldera.
Merezi du aipatzea Japoniatik etorritako Txako DJa. Publikoaren sorpresarako euskarazko kantuak jarri zituen, nahiko tipikoak eta folklorikoak, hala ere. Kabitu ezinean zegoen aldamioaren gainaldean dantzan eta inguratutakoen berotasunaren esker onez. Baina hori baino gehiago, aipatzekoa iruditzen zait, eta flipatzen utzi gintuena, Txakoren 180ºko bira, bigarren txanda batean elektronikara salto egin baitzuen, erregistroa erabat aldaturik. Merina Gris taldeak gorabeherak izan zituen, tarteka moztu egiten zen soinua, baxu entzuten zitzaien baina buelta ematen jakin zuten amaieran. Sentsazio gazi-gozoz geratu ginen petatu zezaketela uste genuenok, baina haiek esaten duten moduan, gehiegi kexatzen naiz. Sentsazio arraroaz, halaber, sirena hotsak entzun eta bost minutuz, erasoen kontrako protokoloak jaialdia eten zutenean. Halakoetan beti iruditu izan zait arraroa, momentu tentso batzuen ostean, parrandan segitu behar izatea.
Batzuk gauzak jasotzen harrapatu genituen igandean. Lanak behartuta, arratsaldean martxa egin behar izan zuten askok ezinbestean. Gaupasero batzuk ere baziren tabernako plazan gintonicak hartzen. Igandea, ordea, Iruñerriarena izan zen. Egunik onenean, Iruñeko talderik onenak, Euskal Herriko festibalik onenaren gune handia bete zuen eguerdian. Duela hiru urte, hasi berriak zirela, plazan jotzetik eszenatoki handian jotzera pasa dira Ibil Beditarrak. Oholtza handietara ez daudela ohituta esan izan dute baina irribarrez ikusi nituen han goitik. Bazkalostean Kinbonbok bi egunetako nekearen kontrako antidotoa eman zion Irisarrin geratzen zen erresistentziari. Baina, zalantzarik gabe, asteburu osoko une gorena Iruñeko errege legitimo bakarrarekin batera heldu zen. Reymik berriz ere egin zuen. Lagunei beti esaten diet gurpil gaineko DJaren pintxadak onenak direla. Eta aurten ere, berriz egin zuen. Han egon zenak, badaki zertaz ari naizen.
Aurtengo EHZtik zerbait berezirik aipatu beharko banu, esango nuke inoizko mertxan-asmakizun onena izan zutela arrantzale txano marroiarekin. Den-denak ezin modernoago eta, gainera, bereziki beroa izan zen eguraldiaren kontra praktikoa. Aurtengo aldaketa bereziki komentatua izan zen, era berean, komunen banaketa. Iaz ez bezala, komun lehor guztiak ziren KK Leku. Aldaketa onerako edo txarrerako izan den, brigada berdean aritu diren kideei galdetu beharko zaie. Eta azkenik, pantailak iragartzen zuen jolasa. Elkarri galdezka aritu ginen ea inork ulertu ote zuen zertan zen jolasa, hiru ttanttoren truke garagardo berezia jasotzearen kontu hori.
Horiek dira nik bizi eta ikusitakoak. Baina beste hainbeste EHZ ere izango ziren. Hitzaldietara joateko aukera hor zegoen, baina aitor dut, nahiago izan dut oraingoan ahal zenean kalean egon, aspaldi ikusi gabeko jendearekin elkartu, dantza egin, eta, nola ez, mozkortu. Irisarrin izan ziren besteak beste Pinar Selek ekintzaile turkiarraren bisita, Joseba Sarrionandiaren ibilbide literarioaren eta politikoaren inguruko emanaldia lehen pertsonan kontatua, bretoierazko eskola azkarrak kalean, Josu Martinezen film laburrak…
Hainbat lur mundu bakarrean kabitzen dira. Beste hainbeste jaialdi ere bai festibalari bakoitzarengan: 24 orduz lanean aritu ziren antolatzaile-arduradunak, lorik egin ez zutenak, artistak, lehen aldiz etorri eta, ziur, datorren urtean itzuliko direnak, haurrekin goiz pasa etorri zirenak, eta ni bezala hamabi hilabetez EHZ zein ona den esaten emango dutenak. Nik beti esango dut etorri egin behar dela hezur-haragitan ikusi eta sentitzeko zer den EHZ.
Astelehen iluna ari du eta ez eguraldiagatik bakarrik. Hamabi hilabete falta dira datorren urteko ediziorako eta hasi dugu atzera kontua. Aurretik hiru orduko bidaia, motxila bete aje, arropa zikin eta irribarre. Eskerrik asko zita hau posible egiten duzuen guztiei, biba zuek eta gora EHZ!
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.
Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]
Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.
Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.
12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".