Egoera politikoa ez da gozoa Kolonbian. 2016ko abenduan bake akordioak sinatu zirenetik, 160 gerrilari ohi eta 600 "lider sozial" baino gehiago hil dituzte. FARC alderdiaren barnean egoera gatazkatsua da oso. Ivan Marquez edo Jesus Santrich bezalako buruzagi historikoek sasira jo dute. ‘Timochenko’ buru duen lerro ofizialak argi hitz egin du haietaz: “Zertarako kanporatu (FARCetik) bere burua kanporatu dutenak?”. Venezuelako FARCen bozeramaile Lina Arregocesekin hitz egin dugu egoera “oso oso delikatu” honetaz guztiaz. Oso kritiko agertzen da, baita ezkor ere, baina ez dizkio esperantzari ateak itxi nahi.
Aldaketa asko egon da azken urteetan Kolonbian. Hauteskundeak, bake akordioak, borroka herritar berriak eta errepresioa... Zein da egungo argazkia?
Argazkiaren atzealdeko paisaia berdina da 70 urte direla, Jorge Eliécer Gaitán hil zutenetik (1948). Eliteen arteko ituna egon da ordutik, une desberdinak bizi izan dituena egungo botere bloke hegemonikoa egonkortu arte. Gerra une agerikoak eta baketze saiakera laburragoak tartekatzen dira. Ez bake prozesuak, baketze prozesuak. Bloke hegemoniko hori kapitalaren jabeek, militarrek, elizak eta beste batzuek osatzen dute, baita paramilitarrek ere. Duque horren emaitza da, bloke hori ordezkatzen du.
Egungo estatuaren ezaugarri nagusia bere izaera kontrainsurgentea da. “Barne etsaiaren” aurka ardaztutako estatua, erailtzen ari diren horien aurkakoa: lider sozialak, gerrillari ohiak...
Santosek buru zuen gobernuaren eta FARCen arteko akordioak 2016ko abenduan sinatu ziren. Bake prozesuaz hitz egin daiteke gaur egun?
Propagandari kasu eginez gero, bai. Horren arabera balirudike gerraren atzera-biltze une batean gaudela, Kolonbiako historian ziklikoak diren tarte horietako batean. Multinazionalek, nekazal edo meatze proiektu erraldoien sustatzaileek, finean boteretsuek, euren egitasmoak garatzeko bake izendatu ohi den egoera mota hori nahi zuten, pax romana bat. Horrek azaltzen du azken baketze tarte honen irekiera.
Herriari galdetzen badiozu: bakea ala gerra? Herriak bakea erantzungo dizu. Eta arrazoiak daudenean armak hartzea zilegi den modu berean, bakeari heltzea ere zilegi da. FARCen kasuan bake horrek abizena zuen: bakea, justiziarekin. Prozesua hasi zenean Habanatik Kolonbiako eragile eta pertsona andana pasa zen, asko, FARCi bere iritzia eman ziena. Eta erabaki zen baietz, saiatzea, pentsatuz prozesua gatazka armatuari irtenbide politikoa emateko bidea izan zitekeela. Horren aldeko konpromiso irmoa hartu zen.
Hartutako konpromisoetatik oso gutxi ari da betetzen estatua.
Gaur egun akats batzuk ordaintzen ari gara. Komandante burutsuenek eta zintzoenek jada onartu dituztenak. Autokritika asko dago. Ivan Marquezek, esaterako, esan du armak eman ziren moduan ematea akats larria izan zela [ondoren, Rodrigo Londoño 'Timochenkok' gogor egin zuen bere aurka. Eta Londoñoren adierazpenen aurka aldi berean FARCeko legebiltzarreko diputatu Benedicto Gonzálezek]. Hasiera batean armen entrega eskalatua adostu zen, gero egin ez zena, ez dakit zergatik. Baina armak entregatu ziren, gerrillari askoren min handiarekin.
Habanako akordioetan bazen hitzaurre bat, beti “pendiente” deitu zaiona, esanguratsua dena oso. Doktrina militarraren eta eredu ekonomikoaren atalaz hari naiz. Horri heldu gabe ixten dira Habanako akordioak, eta Cartagenan sinatzen dira. Herritarrak barne etsaitzat hartzen dituen doktrina militarra kanpoan uzten duen akordio bat, Kolonbian, herren dago ezkerreko hankatik. Gainera, adostutakoak hondoratzeko asmoz, gobernuak galdera baten inguruko galdeketa hutsa proposatu zuen. Prozesu konstituziogile batez ari ginen eta, aldiz, herritarrei galdetu zitzaien: gustuko duzu bakea, bai ala ez? Ezetzak irabazten du, hamarren batzuengatik bada ere.
Ezetzak akordioen garapena baldintzatu du?
Habanako akordioen berrikuspen bat egiten da, murrizketa logika batetik. Berriz ere negoziatu eta sinatu egiten da, Habanako akordioetako asko murriztu, moztu, eta mespretxatu egiten dira. Horregatik diot Habanako akordioak direla aldarrikatu behar direnak, ez bakea. Horren ondoren negoziazio gehiago ere egon da. Ez ofizialak, sinadura publiko batekin ixten direnak. Adibidez, ustelkeriaren aurkako herri galdeketa, ezkerreko sektore batzuek bultzatu zutena. Gutxigatik galdu zen. Hurrengo egunean akordio orokorra sinatu zen ustelkeriaren inguruan, ordezkari politiko guztiak barne bildu zituena: Duquetik Rodrigo Londoñoraino. Hori niretzat birnegoziazio bat da.
Gerrillari ohien eta lider sozialen segurtasun aldetik, egoera kritikoa da. Akordioa, Santrichek esan bezala, huts egindako akordioa da (“acuerdo fallido”). NBEak FARCeko sektore batzuek baino gogorrago kritikatu du akordioa ez betetzea. Puntuetako asko bete gabe daude, eta ustez bete diren hainbat oso modu eskasean bete dira. Akordioa itxurazkoa ere bada, eredu ekonomikoa auzitan jartzen ez den bitartean, adibidez. Hor ere badago Kolonbiari eman zaion paper protagonista Venezuelako gobernuaren aurkako erasoetan. Horrek guztiak egoera oso oso delikatua izatea dakar.
FARC barneko tentsioak eta zatiketak publikoak dira. Batzuen eta besteen irakurketa eta kokapen politikoak oso ezberdinak dira.
Ni ez dut diferentzien bozeramaile izan nahi. Baina Kolonbiatik FARC alderdiak argitaratu duen azken komunikatuak dio haiek ez dituela kanporatuko jada bere burua baztertu dutenak. Eta bere burua baztertu duten horiek aipatzean, bere bizitza salbatzeko bestelako bide batzuk hartu behar izan dituztenez ari da. Bestela hilik egongo lirateke. Santrich eta Marquez Bogotan egon ziren akordioen jarraipena egingo zuten egiturak eta pausuak zehazteko garaian. Baina iruzurra eta blokeoa ikusi dituzte ondoren. Gezurretan oinarritutako Santichen aurkako prozedura judiziala abiatu zuten, edo Marquezen aurka joan ziren nahiz eta zorionez ez zuten harrapatu... Hor babestu beharra dago. Bizitzarako eskubidea subiranoa da.
Uneotan, euren burua ezkerrean kokatzen duten indarren arteko aliantzak sustatzen ari dira. Esaten dute boterearen blokeari aurka egin nahi diotela. Baina aliantza elektoralak dira, hauteskundeei begirakoak soilik. Nik ez diet etorkizunik ikusten. Nire ikuspegia ezkorra da. Eta ez naiz bakarra.
Horrekin guztiarekin batera, esan behar da erresistentzia izugarriak daudela. Ikasleak, jatorrizko herriak, beltzak, emakumeak eta beste kalean altxatu dira. Hori ez nabarmentzea bidegabea litzateke.
FARCen izena erabiltzen duen gerrilla bat aurkeztu da publikoki ekainean, Kolonbia mendebaldean. Uztailean bi militar hil zituzten segada batean eta zenbait hedabidek FARCeko “disidenteak” egin dituzte arduradun. Gerta daiteke borroka armatura bueltatze esanguratsu bat? Edo buruzagi historiko batzuek babestuko luketena?
Jarraitu dudanaren eta irakurri diedanaren arabera, aipatu dituzun sektoreek konpromisoa dute bakearekin. Baina ez bake erromatarrarekin, bere buruari traizio egingo dion bake batekin. FARCek beti hitz egin zuen justizia sozialari loturiko bake batez, guztiontzako tokia izango duen Kolonbia batez, gatazkari irtenbide politikoa emateaz.
Hori ezin da ordezkatu “bake akordioa defendatuko dugu edozein baldintzetan” jarrera batekin, zenbait sektoretatik esaten ari den bezala. 52 gerra urte, horrenbeste heriotzarekin, sufrimendurekin, horrenbeste bizitza eta sektoreren prekarietatearekin... Hori guztia ezin da lekuko mutu hutsean amaitu. Baizik eta akordio baten defentsarekin, ez dena amaierakoa, Habanakoa baizik. Borrokan jarraituko duenik egongo da, moduez ja ezin dut gehiegirik hitz egin hemendik.
Ez du erraza izan behar barne mailan horrelako egoerak bizitzea.
Nik uste borrokatzen den jendeak ez duela atzera egiten. Santrichen kasuaren modukoetan ikusi da printzipioei eusten jarraitzen duten pertsonak daudela. Ez direnak engainatzen uzten akordioa edozein terminotan defendatzen dutenengatik. Rodrigo Londoñok bezala, akordioen zati txikienak ere lurretik jaso eta itsatsiko zituela esan zuenean. Poetikoa ematen du, artisautza lana iradokitzen du; baina ondotxo dakigu pusketak jasotzen makurtuta gauden bitartean Kolonbiako goi klaseek akatu egiten gaituztela.
Ni ez nago Kolonbian, baina distantzia horretatik ikusten dut Afrikatik ekarritako beltzen ondorengoak borrokan altxatu direla, baita herri indigenak ere, modu ikusgarrian. Bada erantzungo duenik, herriak ez du utziko iruzur egin diezaioten.
ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]
Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]
Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.
Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]
Venezuelako mugan Kolonbiako Armadak egindako segada batean hil dutela adierazi du FARC-Segunda Marquetalia izeneko taldeak, FARC-EPk bultzatzen duen bake prozesutik aldendu eta gerrila borrokara itzuli den talde armatuak.
2019an Ivan Duqueren Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketak apurtu arren, ELN erakundeko gerrilari talde batek bakegintzan lanean dihardu Kuban. Habanatik erantzun dizkigu galderak Askapen Nazionalerako Armadaren Komando Zentraleko kide eta negoziazio taldeko buru Pablo... [+]
Kolonbiako Gobernuak hartutako erabaki batek hautsak harrotu ditu berriki: Jorge Rodrigo Tovar aukeratu dute biktimen koordinatzaile kargurako, Jorge 40 ezizenez ezagutzen den buruzagi paramilitarraren semea. Haren agindupean torturatu eta hil zituzten biktimen familien samina... [+]
Kolonbiako herriarekiko “keinu humanitario” bat eginez, apirilaren 1etik 30era alde bakarreko su-etena iragarri du Kolonbiako ELN gerrillak. Erabakia NBEk munduko gatazkak eteteko deiaren ostean heldu da.
Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako... [+]
Ivan Márquez eta Santrichen adierazpenak gaitzetsi dituzte Timochenckok eta Lozadak, eta “bakearen alde” daudela berretsi dute.
FARC alderdiko burua ostegunean utzi du libre Kolonbiako Epaitegi Gorenak. AEBetako epaile batek narkotrafikoa egotzita urtebete preso izan da. Bake Akordioak kinka larrian jarraitzen du, eta FARC barnean tentsioak handiak dira.
Habanan sinatutako akordioa eta egungo errealitatea azalduko ditut, aurreko artikuluari segida emanez eta fokua pixka bat irekiz. Ahaleginduko naiz media nagusienetan oihartzun askorik ez duen aldearen ikuspuntutik egoera deskribatzen; noski, inongo objetibotasun asmorik gabe.
Isolamenduko 26. ziega da berea. Bogotako segurtasun handiko La Picota espetxean daukate. Itsua da duela hamar urtetik Leber sindromearen ondorioz, eta gainera diabetesa du. Hala ere, erabateko bakardadean daukate isolaturik preso. Bi margolari greziarren izena du jaiotzez,... [+]
Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizatu eta errepideak moztu dituzte, hainbat nekazari elkarte eta mugimendu sozial eta zibilekin batera... [+]
FARCen historiako hirugarren komandante-burua izan zen, eta FARC alderdiko lehen presidentea da. Juan Manuel Santosen gobernuarekin hastapenetan ziren bake elkarrizketak gidaritza hartu zuenean. Aldi berean koordinatu zituen borroka armatuko eta bake-negoziazioko estrategiak,... [+]