Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Genero arrakala beste behin agerian geratzen da. Arrakala hori hertsiki lotuta dago emakumeak duen zaintza lanetarako joerarekin. Bizitza duin bat izateko nahikoa ez diren diru-sarrerak direla ohartarazi dute '1.080 euro orain Herri Ekimeneko' kideek.
Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. Betegarriak diren eskaerak direla uste dute: "60 milioi euro bideratuta pentsio txikienak dituzten 32.000 nafarri ziurta dakieke 1.080 euroko pentsioa", azaldu du Paula Garciak.
Eskaerak alderdiei
Alderdi politikoekin batzartzeko asmoa dute euren eskaerak zeintzuk diren azaldu eta irtenbideak eman diezaietela eskatzeko. Heldu den urteko Nafarroako aurrekontu orokorrak prestatzen ariko diren honetan, eskaera horixe da: nafar guztien gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
Eskaera hori beharrezkoa dela ikusarazteko gainera, manifestazioa antolatuko du '1.080 orain Herri Ekimenak'. Azaroaren 11n izanen da, arratsaldeko bosta terdietan, Baluartetik irtenda.