“Guretzat 199. greba eguna da”

  • Goiza Aitziber Aranberri eta Ana Mertxanekin pasa dugu Donostian. Biak Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak dira. Bada egun berezia gaurkoa, milaka herritar atera direlako kalera pentsio, lan eta bizitza duina eskatzera. Egoitzetako langileek, ordea, gaur 199 egun egin dituzte sektoreko greban. Oso entrenatuta iritsi dira gaurko hitzordura.


2020ko urtarrilaren 30ean - 17:15
Grebalari zaratatsuenak izan dira egoitzetako langileak. Argazkia: Argia.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

9:30ean geratu gara Aranberrirekin eta Mertxanekin Donostiako Askatasunaren hiribidean. Txamarrak jantzita dituzte, baina agerian da kamiseta ezaguna, elastiko morea, hainbeste egun irauten ari den grebako erakusgarri nagusia. Hotzik batere egiten ez badu ere, giroa berotzen joango da, eta txamarrak albo batera utzita kamisetak agerian egingo dute goiz pasa.

Kazetariak galdetu die ea zenbatgarren greba eguna duten gaurkoa, eta ederki kosta zaie kopurua esatea. Sektoreko dozena bat lagun elkartu dira eta denen artean ez dira gauza zenbat greba egun egin dituzten asmatzeko, dagoeneko ez dituzte kontatzen egunak. Azkenean, 199 zenbakiari heldu diote.

Borrokan zaildutakoak dira gure protagonistak. Aitziber Aranberri usurbildarra da eta duela hamahiru bat urte hasi zen Donostiako Villa Sacramento egoitzan lanean. Lau bat urte dira ELAko ordezkari sindikal dela. Ana Mertxan beasaindarra Ordiziako San Jose egoitzan hogei urtez aritu da lanean eta azken hiru urteetan liberatuta dago. Oria-Goierri eskualdeko etxez etxeko laguntza, egoitzak eta eguneko zentroak koordinatzen ditu.

Erdian Aitziber Aranberri lankideekin. Argazkia: Argia.

Hiribideko piketea martxan jarri da eta egoitzetako langileen taldetxoan bateren batek hauxe esan du: “Apal antzean goaz, ezta? Egoitzetako protestetara ohituta egonda honek ez du gatzik! Gu zaratatsuagoak gara!”. Egoitzakoa zaintza lana da eta haien azalean bizi dute zaintza lanekiko gutxiespena eta zaintzaileekiko mespretxua. Horregatik, 2018ko irailean greban hasi zirenetik, kalea zapaltzen saiatu dira behin eta berriz. Hala dio Aranberrik: “Zer ez dugu egin! Ibilaldia, kanpaldiak, Zinemaldian egon ginen, milaka esku-orri banatu ditugu… Gauza asko egin ditugu, eta hala ere, herritar batzuek esaten digute ea ez genukeen borroka moldea aldatu beharko gizarteak eta agintariek gehiago entzuteko. Dena dela, ez pentsa orain egiten ari garen greba hau lehenengoa dudanik, niretzat hirugarren greba da. Lanean hasi nintzen egunean, egoitzan greban zeuden. Lanean hasi eta segituan konturatu nintzen, borrokarik gabe ez dugula hobekuntzarik lortuko”. Patronala eta Foru Aldundia dituzte aurrez aurre eta sektoreko hitzarmena izoztuta.

Aranberrirekin gustura ari gara berriketan, baina halako batean esan digu badoala 12:30ean. Une arraroa alde egiteko, ordu horretan hasten baita manifestazioa. Lanera doa usurbildarra: “Eguneko ordu lanpetuenetan %90eko zerbitzu minimoak dauzkagu eta ordu lasaixeagoetan %80koak. Gauean %100 ari gara lanean. Tailerreko langileak denak batera kalera ateratzen dira eta makinak gelditzen dira. Gurean berriz, ia inork ezin du kalera atera. Ezin dugu bat egin manifestazioa egiteko. Esan dizut, ni orain lanera noa eta 18:30ean aterako naiz. Ea Hernaniko arratsaldeko manifa harrapatzen dudan”.

Lehen lerroan Ana Mertxan, hainbat greba egunetako leloak oihukatzeko prest. Argazkia: Argia.

Aranberri joan zaigu, eta Mertxanekin gelditu gara. Amara auzoko zutabearekin elkartu gara eta egoitzetako hainbat grebalarirekin egin dugu bat. Haietako bat kexu da: “Ze manifestazio mota da hau? Gure pankarta ez dugu aterako?”. Mertxanek argitu digu grebalari martxosoena dela eta aldarri zehatzetako pankarten eguna ez bada ere, laster hasiko dela giroa jartzen manifestazioan emakume hori. Halaxe izan da. Kamiseta moreek elkar hartu eta leloak oihukatzen hasi dira: “Borroka da bide bakarra!”, “Gora borroka feminista!”, “Gora gora emakume borroka!”, “Markel Olano gezurtero!”, “Maite Peña gezurtera!”. Aspalditik azpimarratu dute haiena borroka laboral eta feminista dela. Sektoreko langileen %95 emakumeak dira eta oraindik ere hain gutxietsiak diren zaintza lanetan ari dira. Bulebarreraino megafonia daramana isildu gabe aritu da eta lankideek koroak egiten lagundu diote. Hilabete asko daramatzate entrenatzen, gaurkoa egun bat gehiago da.

Triste eta haserre zegoen Mertxan lehenengo orduan, 200 eguneko grebaldia egin eta inor ez balira bezala tratatu dituztelako patronalek eta Foru Aldundiak. Baztertuak eta mespretxatuak sentitu dira.

Bulebarrera iristen ari garela galdetu diogu ea orain ze gorputzaldi duen. Bi segundoz pentsatu eta irribarre batez esan digu: “Goizean esan dizut triste eta haserre nengoela, orain pozik nago”. Indarberritu dira.

U30 ziztu bizian pasako da. Gipuzkoako zaharren egoitzetako grebalariek berean segituko dute. U30 ondorena, 200.a izango da.

"Gora borroka feminista!" oihukatu dute behin eta berriz. Argazkia: Argia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: U-30 Greba Orokorra
2021-06-02 | ARGIA
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira auzipetutako kidearen absoluzioa eskatu dute Gasteizen

Iazko urtarrileko greba orokorrean parte hartu zuen pertsona bat epaitu dute ostegunean Gasteizko Epaitegietan. Autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiote, eta hemezortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta kalte ordainak eskatu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen... [+]


Analisia:
Euskal blokeo politikoa gaindituko dugu

Atzean geratu diren politika sozial eta ekonomiko okerrak aztertuz, Espainiako Estatuak berriki abiatutako aldaketaren euskal deklinazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egungo blokeo egoera Euskal Herrian ere gaindituz.


2020-02-07 | Topatu.eus
Gazte bat atxilotu dute Burlatan U30eko greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik

Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.


Ertzaintzaren partetik pairatutako hizkuntz eskubide urraketa salatu dute Durangon

Joan den urtarrilaren 30eko greba orokorrean grebalari batek jasandako  Ertzaintzaren eraso eta hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du asteazkenean Durangoko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak.


2020-02-05 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


2020-02-04 | LAB sindikatua
Jendarteak kalera eramandako aldarriei erantzuteko eskatu diogu Maria Chiviteri

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak Nafarroako presidente Maria Chiviterekin bildu dira, joan den urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren testuinguruan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera izan dira... [+]


2020-02-04 | ARGIA
Elkarretaratzea deitu dute Durangon, greba egunean Ertzaintzaren partetik pairatutako hizkuntz eskubide urraketa salatzeko

Asteazkenean deitu du elkarretaratzea Euskal Herrian Euskarazek. Iragan osteguneko greba egunean Ertzaintzak herritar baten hizkuntz eskubidea urratu izana salatuko dute.


Ertzain baten erantzun euskarafoboa Galdakaon: “Ez dut euskaraz hitz egin nahi”

Greba orokorrean gertatua sare sozialetan salatu zuen Beñat Armentiak berak: “Hona hemen Ertzaintza, guztiz oldartuta, nire eskubide linguistikoak urratzen”. Ertzain batek bere hizkuntz eskubideak urratu zizkioten eta kazetari gisa irudiak zabalduz gero 2.000... [+]


Greba orokorra, eraldaketarako bidea

Grebaren mobilizazio jendetsu eta itxaropentsuen ostean, gogoetarako beta hartzea osasuntsu bezain beharrezkoa da, aurrera begirako erronkak gogoan.


2020-02-04 | Arrosa Sarea
AUDIOA | Greba orokorraren errepaso kritikoa

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren biharamunean, grebak suposatu duenaren inguruan hausnartzeko tartea hartu dugu Sonia Gonzalezekin.


2020-01-31 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


Gorria

Pentsionistak Bilbon 2 urte eta 10 hilabetez astelehenero kontzentratuta egon eta gero, Espainiako Gobernuak pentsioen %0,9ko igoera iragarri du berriki. Enpresari nagusien ikuspuntutik neurri gorria, zentzu guztitan.


2020-01-31 | Hainbat egile*
Greba eguna Piriniotan

Zaraitzu eta Erronkari Ibarrean grebaren inguruan talde hausnarketa bat egiteko elkartu gara. Goizeko hamarretan lan taldeak sortu ditugu, grebaren zergatia eta bertan proposatzen diren gaiak edo ikuspuntuak lantzeko. 

 


Eguneraketa berriak daude