1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du Berria egunkarian. Periferiez, desiraz, plaka tektonikoez, sumendiez, euskalkien musikez eta euskararen transmisioaz mintzatu gara berarekin.
Otsailaren azken astean Bilbon izan genuen Itxaro Borda (Baiona, 1959) idazle lapurtarra, Leila Guerriero kazetari argentinarrarekin batera saritua izan baitzen Gutun Zuria letren jaialdian, euskal literaturan egindako ekarpenengatik. “Bihotz kolpe berezia” sortzen dio Bordari Bizkaiko hiriburuak, maite du bertako kaleetatik lasai ibiltzea zein running egitea, txoko berriak ezagutzea zein ezagunak berrezagutzea. Baionan txokolate artean elkartea eskaintza tentagarria izan arren, Bilbon jarri genuen azkenean hitzordua, Azkuna Zentroko sarrerako zutabe batean. Bertako gelatxo batean sartu eta periferiez, desiraz, plaka tektonikoez, sumendiez, euskalkien musikez eta euskararen transmisioaz aritu ginen. Begietara begiratzen du Itxaro Bordak hitz egiten duenean eta askotan begiak pixka bat ixten ditu, esan nahi dituen hitzak ondo pentsatzeko. Edo barre egiteko. Izan ere, idaztea beretzat “hil ala bizikoa” den arren, umoreaz eta ironiaz blaitzen du egiten duen oro. Begiak pizten zaizkio 1984an Bizitza Nola Badoan lehen poema-liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik orain arteko ibilbide oparoa gogoratzean: poesia, narrazioa, abeslari askoren kanten letrak zein egunkarietarako zutabeak idatzi ditu berrogei urte hauetan.
Gutun Zuriaren inaugurazio ekitaldian makila “maskulino” hori eman zizutenean argi kokatu zenuen zeure burua bazterreko idazle bezala: euskalduna, iparraldekoa, emakumea, lesbiana…
Sindikalista, langile arrunta… (barrez) Gauza asko gehitzen ahalko nuke. Beti bazterreko sentitzen naiz, nahiz eta askotan zentroan nagoen. Jadanik sortzetik beretik hala izan da: gure eskualdea Nafarroaren iparraldean eta xarnegu gune batean dago, Okzitaniarekin mugetan. Euskararen bazterretik ere, desagertzen ari den euskalki bat, fisikoki ikusten da nola desagertu den Oragarretik [Baionan jaio arren, Oragarren hazi zen] 50 urtez, orain ari da berreskuratzen gazteekin. Iparraldekoa izanik Euskal Herri globalean. Emazte izatetik ere. Hasi ginenean Laura Mintegi, Tere Irastorza, ez zen kasik emazterik batere euskal literaturaren munduan, denak harritzen ziren, neska gazte bat euskaraz idazten eta Basilika (Susa, 1989) atera nuenean gainera pornografiaz idazten, hori ez zen posible euskaraz. Ene euskara periferikoa ere izan da, sartu ditut hitz pornografiko zaharrak kontatzeko nuenaren zerbitzuan. Gero ere garai hartan lesbiana izateak beste ikuspegi bat ematen zidan gizon eta emazteen arteko gatazka eremu horri buruz. Kontent naiz leku horrekin, posizio bat da gauzen obserbatzeko, aztertzeko, kontatzeko, erdian zarelarik batzuetan eskuak eta hitzak pixka bat lotuak sentitzen dituzu. Pixka bat baztertua bezala sentitu naiz, baina nire lekua asumitzen dut periferiatik. Gainera, orain ditugun baliabide teknikoekin zentroak ere periferiak bilakatu dira eta alderantziz, bakoitzak sortzen dugu gure zentroa, aski harrigarria da bizitzeko.
Bilbon gaude eta hemen irudikatu dut zure hainbat eleberritako protagonista: Amaia Ezpeldoi. Iratxe Retolazak Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz (Utriusque Vasconiae, 2010) lanean aipatzen du hiri hau izan zela Ezpeldoirentzat desira gorpuzteko gunea, “lesbiana naüzu” esatean. Zergatik Bilbo?
Bilbo hiri handia da eta anonimatorako eskubidea ematen dizu, jendeak ez zaitu ezagutzen, nahi duzun bezala bizi zaitezke, LGTBQIA+ bazara badira taldeak beste lekuetan ez direnak edo ez zirenak Amaia Ezpeldoik Bilbon bere coming out egiten duen garaian. Nik Bilbo asko maite dut, Euskal Herriko leku asko bezala, baina bihotz kolpe berezia dut eta Amaia Ezpeldoiren sexualki plazaratze momentua Bilbori lotzea halako distira bat edo epikotasun bat ematen zion. Gainera, Bilbon pertsona harrigarriak gurutzatzen ditu, talde bat osatzen du, eta hori ezin nuen idatzi Baionan kokatuz ekintza, behar nuen hiri handi eta anonimo batera etorri.
Altxa Lili taldeko Oihan Indart, Ael Campistron eta Maiana Etxeberri Keufterian elkarrizketatu zituen June Fernándezek Urdin Elektrikoan. Oihan Indartek aipatu zuen lagun batek esan ziola eurek Baionatik dragatuta ikustean hiria handitzen zela sentitu zuela.
Jadanik Maulen bizi zelarik Amaia [Ezpeldoi] lehen nobelan erraiten ahal da bisexuala dela lehen kapituluan eta amaieran lesbiana. Nahiz eta ez zuen erraiten, hala bizi zen, halako klandestinitate batean. Uste dut Euskal Herriko herri txikietan bazela joera hori, agerian bizitzeko behar izatea hiri batera joan, pertsona asko joan dira ez bakarrik Baionarat, joan dira Bordelerat, Pariserat, Londreserat. Gure herrietan gauzak aldatu dira, baina ez dira hainbeste aldatu eta ongi da Altxa Lili bezalako taldeak herrietan egotea. Amaia Ezpeldoik hori nahi du erakutsi, lekuan bertan behar dugula geure burua errealizatu, garen bezala. Eta hori da zailena.
“Gure herrietan gauzak aldatu dira, baina ez dira hainbeste aldatu eta ongi da Altxa Lili bezalako taldeak herrietan egotea”.
Herri txiki, infernu handi vs. herri handiak, askatasun gune dikotomiarekin hautsi nahiko luke, beraz, Ezpeldoik?
Herri txiki hori egin jende guziak bizitzeko moduko herri bat, eta uste dut emeki-emeki hori ari dela gertatzen, non ez den politika orokorraren mailan atzerabuelta bat sortzen, berriz hiperkontserbadoreek gu bezalako jendea kanporatzerat behartuz. Hori ere gertatu daiteke. Nire herrian, Oragarren, Frantzian 2013an pasatu zelarik sexu bereko pertsonen ezkontzaren legea gure herriko auzapezak publikoki deklaratu zuen ez zuela sekula ezkontza-mota hori egingo, iparralde guztian 13 herri izan ziren horrelako prentsaurreko ikusgarri eta entzungarri batean hori adierazi zutenak. Ez da oraino dena egina, talde guzti horiekin posible da gauzak aldatzea.
Getxon Txatxarrak idazketa talde feministaren aurkezpen saioan gogoratzen naiz Egizu Getxo Euskaldun elkartetik idazleentzako bideo bat eskatu zizutela eta bertan esan zenuela zuretzat idaztea “espazio edo berri bat sortzea” izan zela.
Beti sentitu izan naiz leizearen hegian, batzuetan erori naiz eta beste batzuetan aitzina segitu dut. Nire bidea urratzen banu bezala sentitu naiz eta sentitu dut ere bide hori baliagarri izan zitekeela ene atzetik zetozen idazle edo sortzaileentzat. Sarerik ez zegoen ene denboran, beldurgarria zen, jakin gabe irakurleak nola hartuko zuen, euskal sistemak nola hartuko zuen, pentsatuz ere sistema horrek ez ninduela onartzen. Nik gauza batzuetan abusatu dut, Basilikan (SUSA, 1989) bezala. Baina bazen bidea urratzeko molde bat, ausardia inkontziente batez. Orain pixka bat lasaitu naiz adinarekin beharbada eta sentitzearekin konplizitate handiagoa nire inguruan. Terriblea zen, gero emeki iruditu zait sare bat osatzen genuela eta hasi nintzen Tere Irastorza eta Laura Mintegirekin 1984-1985 urte horietan zehar desertuan predikatzen bezala, mintzaldiak eskaintzen Euskal Herrian barna. Orduan ez genuen oraino aipatzen genero ezberdintasunik, bakarrik emaztea eta literatura. Bazen holako apaleste sozial handi bat eta dena euskaraz egiten zen, apalestea ere.
“Nire bidea urratzen banu bezala sentitu naiz eta sentitu dut ere bide hori baliagarri izan zitekeela ene atzetik zetozen idazle edo sortzaileentzat”.
Desiraren presentzia nabaria da zure poemetan: “Guziaz gogoratzen naiz, baina ez zure izenaz” esaten duen poema datorkit burura. Zelan ulertzen duzu desira?
Idazten hastean poesia idazten nuen, poesia eta bertsoa, euskara berreskuratzen hasi nintzen bitartean. Hitzaren desioa hizkuntzaren desioarekin batera piztu zitzaidan, 12-14 urte tarte horretan, berehala hasi nintzen publikatzen. Desira beti lotua izan da horri, hizkuntzaren desira, hizkuntzak zer esan dezakeen gure gorputzez, gure sozietateek duten desiraren ideia horretaz. Desira lotzen dut biziraupenari, Spinozaren conatus horri, bizitzeko indar horri. Ene literatura guztia amore ez ematearekin lotzen dut, beti izango da desira alor guzietan. Zure desira menderatzerat edo gutxiesterat etorriko dira, baina segi ezazu zure desiraren bide horretatik. Emazte gorputzari lotu desira ere bada ene lanetan, desira hori nik lotzen dut plazerarekin, atseginarekin, atsegin sexualarekin, orduko euskal jendartearen kontrako bidea hartuz. Batzuek pentsatzen dute euskal gorputza sakrifikatua izateko zela. Gabriel Arestiren “Aitaren etxea” bezala, defenditzen dut, baina galtzen ditut besoa, bularra… Bakarrik enbor batek du biziko du aitaren etxe hori. Horren kontrako bidea hartzen dut esanez: amaren etxea eraikitzen ari gara ere eta osorik behar dugu hor izan gorputza eta desira bizi-bizirik.
Eta poesiak zer ematen dizu hori gorpuzteko?
Poesiak badu zehaztasuna, laburtasuna, instintibotasuna, intuitibotasuna, hitz gutxitan gauza asko esan dezakezu eta hitz bakoitzak kristalizatzen du erran nahi duzun hori. Bolkanikoa da, telurikoa da. Asko maite dut. Batzuetan poesiaren eta bertsolaritzaren mugetan ibiltzen naiz, maite dut poesiarekin hitz bete horiek ozenaraztea, errimatzea. Zerbait armonikoa sortzea erran nahi dudan horrekin. Horregatik agian ene poesia asko kantatuak izan dira. Maite dut hizkuntza laino laino-zelai neutral batetik askatzea, ozentzea.
Poema-liburua da zure azken lana: Itzalen tektonika (SUSA, 2024). Zer adierazi nahi izan duzu izenburuko irudi horien bidez?
Pirinioetako bilduma bat da, Auñamendietako ibilbide bat: ikusten da mendiak nola ari diren sortzen, amiltzen, mugimendu hori guzia ikusten da. Hartzen dut gure mendikate hori gure izateko eta gure nortasunaren eredu bezala. Gogorrak gara, kaskagogorrak, irauteko tema hori daukagu, aldatzea zail zaigu, baina egiten dugu. Beti gira txoke artean, beti gira hor bi plaken artean sakrifikatuak eta batzuetan plaka horiek baztertzen saiatuz gure bidea egiten dugu. Eta itzalak iragan bat badugulako, nik iragana etorkizuna baino luzeago dut. Beti izan dut naturarekiko sentsibilitate hori eta azken hogei urte hauetan bada kezka politiko eta ekologiko bat. Kolapso batera goaz eta min eginen du, biziki sufrituko dugu. Eta guk baino gehiago munduan zehar beste herrialde batzuek. Eta denbora berean mundu honek aldatu behar ez duelako ideologia totalitarioak ari dira indartzen: antiekologikoak, generoaren eta aniztasunaren kontrakoak… Ez dute aldaketarik nahi. Dena batera doa: desira, politika, ekologia, denak bat dira eta denak anitzak dira, gure munduaren irudirat.
Bertan esaten duzu 14 urterekin zuretzat idaztea “hil ala bizikoa” zela. Eta orain ere bai.
Hil ala bizikoa zen 14 urtetan, sentitzen duzu zure baitan desira, bestearenganako, ez dela orokorrean zure belaunaldiko gazteek bizitzen dutenaren antzekoa eta horrek beldur ikaragarria ematen du. Eta kaier intimo bati aitortzen diozuna bizirik irauteko baliabidea da. Orain ere hala sentitzen dut, baina jokoaren sentsazio pixka bat txertatu diot, bestela terriblea izango zen. Komunikatzeko ezin hori, euskaraz hitzak ez aurkitzea izugarria zen. Gero taldean emeki-emeki gure norabide sexualen, gure ezinegonen eta gure beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu.
“Idaztea izan da euskara berreskuratzeko modu bat, hizkuntza berreskuratzen duzu eta jendarte baten historiaren eta kulturaren partaide ere bilakatzen zara. Horregatik enetako idaztea da hil ala bizikoa oraindik ere, aire pixka batekin”.
Txikitan euskara galarazi zizutela kontatu zenion Uxue Alberdiri, 2010ean ARGIA aldizkarian egindako elkarrizketan. Zertan lagundu zizun idazteak berreskuratze prozesu horretan?
6 urte arte, frantses eskolan sartu arte, gure etxean euskaraz baizik ez ginen ari. Gure auzoa euskalduna zen. Eskolan frantsesa ikasi behar genuen. Badut poema bat “Amaren irria” izena duena. kontatzen dut nola amak hitzen maskulino eta femeninoa erakusten zigun eskolara joan aitzineko gauean. Amaitzen dut erranez horregatik generoa uhertzen dudala, batzuetan femeninoa eta maskulinoa ez ditut ondo erabiltzen frantsesez. Hor sartu ziguten buruan euskara ez genuela gehiago erabili behar, gurasoei esan zieten hizkuntza hori erabiltzen bazuten gurekin “elbarri linguistikoak” bilakatuko ginela. Ez dakit nola ene eskuperat jauzi ziren 1960ko hamarkadako lehen euskal diskoak, eta konturatu nintzen zerbait galtzen ari nintzela eta hasi nintzen berreskuratzen. Idaztea izan da euskara berreskuratzeko modu bat, hizkuntza berreskuratzen duzu eta jendarte baten historiaren eta kulturaren partaide ere bilakatzen zara. Horregatik enetako idaztea da hil ala bizikoa oraindik ere, aire pixka batekin.
Eta idazten hastean izena aldatu zenuen.
Euskaraz idazten hasi nintzelarik iduritzen zitzaidan ene legezko izena, Bernadette, ez zela egokia autore baten izendatzeko. Garai hartan bazen Bizkaian Itxaro izeneko kantari bat, Lekeitiokoa, haren berri izan nuen eta ikusi nuen “Itxaro Borda” izenak musikalitate ona zuela, “Amaia Ezpeldoi” bezala. Modu bat da aldarrikatzeko norberaren eskubidea dela berrizendatzea, biziari eman nahi dion norabidea hautatzeko.
Euskara errekuperatu eta bere kapetan zehar arakatu duzu, euskalkiak erabili dituzu, hizkuntzarekin jolastu duzu…
Baliabide estilistiko gisa erabiltzen ditut euskalkiak, ematen dio testuari halako kolore biziduna, bestela neutroa gelditzen da. Gero eta gehiago Batuak integratzen ditu, euskarak hitz guzien beharra du, biziraun nahi baldin badu. Nik ere, ene hizkuntz sisteman ezagutzen dudan euskara guzia sartzen dut, eta uste dut horrek euskarari bizi zerbait ematen diola, ahotsen aniztasuna islatzeko.
Zeintzuk ahots islatu nahi izan dituzu?
Gaurko laborariak, ez mitifikatu ditugunak, langileak, langabetuak, adinekoak, gazteak, pertsona transak, lesbianak, gayak… HIESA, lantegi ixteak Maulen, ikastolako egunerokotasunak eta mundu horretako gazi-gozoak… gai horiek guziak, aipatzen ez zirenak. Erakutsi konflikto orokor baten barruan konfliktoak bazirela. Eta horretarako baliagarri izan zaizkit hitz guztiak, euskalkien musika horiek guziak.
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]