Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek jasaten duten indarkeria salatu nahi dugu.
Gerraren testuinguruan, genero-rolak areagotu egiten dira indarkeriaren eraginez; izan ere, oro har, gatazka armatuek rolen hierarkia-asimetria dakarte berekin: pribilegio maskulinoak indartu egiten dira, femeninoa den guztia ukatuta.
Aurten, Palestinako egoera min handia eragiten ari zaigu, gure aburuz genozidio planifikatu bat delako: etxebizitzak, ospitaleak, eskolak, unibertsitateak suntsitzen ari dira; ez dute ez ura ez elikagaiak eskuratzeko aukerarik; lekualdatzera behartuta daude, eta bonbek izu ikaragarria sortzen dute. Hezkuntza-komunitateak ahotsa goratzen jarraitzen du, elkartasunez, hainbat jarduera eta mobilizazio antolatuz eta su etena exijituz.
Emakumeak gatazken parte izan dira, eta hala dira oraindik ere, erizain, zaintzaile, ama, alaba edo borrokalari aktiboak diren aldetik. Gerra garaian, emakumeak eta neskatoak biztanleria zibilaren parte izan ohi dira, baina, gizonezkoak eta mutikoak bezala, hainbat bidegabekeriaren biktima izan daitezke: era berean jasan ditzakete torturak, eraso indiskriminatuak, erailketak, mehatxuak, bahiketak, bortxazko desagerpenak, atxiloketak, espetxeratzeak, sexu-indarkeria, lekualdatzeak eta bortxazko erreklutamendua. Haurren, adinekoen, gaixoen eta abarren bizitzari eusteaz eta haiek zaintzeaz arduratu behar dute; gatazka-garaian, ordea, zeregin horiek oso zailak bihurtzen dira, eta askotan arriskutsuak ere bai (etxebizitzaren nahiz laborantzako lurren suntsiketa, elikagai-hornidura falta, GKE-ekiko mendekotasuna, prezioen igoera etab.).
Asko gara gerrari, inperialismoari, patriarkatuari, autoritarismoari eta militarismoari ezetz esaten diogunak. Emakumeen gorputza, gure gorputzak, ez dira gudu-zelai bat, ezta konkista-lurralde bat ere
Tamalez, zibilen heriotza gehiago gertatzen da teknologia eta zehaztasun handiko armamentua erabiltzen denean jomuga militarrak eta zibilak bereizteko, edota lurralde militarra eta lurralde zibil “babestua” (eskolak, unibertsitateak...) bereizteko; beraz, argi dago armamentuarekin batera jomugak ere aldatu direla. Lehen Mundu Gerran zibilen bajak %5 izatera iritsi ziren; Bigarren Mundu Gerran, %66 izan ziren, eta gaur egun %90 izatera iritsi dira. Hala, genozidio bat ari gara ikusten, eta biktimak, zentzurik zabalenean (erailak, desagertuak, lekualdatuak, artatu gabeak...) emakumeak eta adingabeak dira gehienbat.
Hezkuntza-komunitate gisa, oso kezkagarria iruditzen zaigu, halaber, bideo-jokoen, bideoklipen eta abarren industrian militarismoaren balioak handitu izana, goretsi egiten baitira suntsiketa, inbasioa..., baina baita matxismoa eta arrazismoa ere.
Komunikabide hegemonikoek ere laguntzen dute horretan, gerraren eta ekitearen balioa nabarmentzen baitute, eta robocopen bideo-joko bat balitz bezala aurkezten baitute gatazka, zentzutasunaren eta negoziazioaren balioen aurka.
Patriarkatua da emakumeontzat borroka-eremu handiena; bertan, indarkeria mota desberdinak jasaten ditugu, nahiz eta gatazka armatu bat bizitzen aritu ez. Eta horrela jaso genuen lelo honen bidez: Ez suntsituko gaituen gerrarik, ez zapalduko gaituen bakerik; hau ez da gure bakea. Emakumeen parte-hartzea oso urria edo hutsala da berriro ere, arrazoi geopolitikoak eta ekonomikoak kontuan hartuta gatazkak erabakitzen diren guneetan.
Gerra-jauntxoek bakarrik irabazten dute: munduko Iparreko eta Hegoko gizon zuri aberatsek, finantzariek, agintari politikoek, edo energiaren, armen eta segurtasunaren arloko korporazioek. Erakunde multilateraletan (NBE, NATO, EB), gerraren aldeko iritzi publikoa eta politikoa sustatzen duten diskurtsoak normalizatzen ari dira. Onartu eta sustatu egiten dute milaka tona arma ekoiztea eta gure portuetatik bidaltzea, gatazkak elikatzeko; hala jasotzen du Gerra hemen hasten da leloak.
Gayatri Spivak-ek dioenez, irabazleen taldeak “lurraldea eskuratu izanaren ospakizun metonimiko” gisa burutzen du sexu-bortxaketa. Rita Segato-k lurralde-adierazpenaren ideia horrekin jarraitzen du: emakumeen gorputzaz jabetzen dira, hura erabiltzeko eta hartaz abusatzeko, eta hori erasotzaileak emakumeen gorputzean bilatzen duen menderatze-ahalmenaren adierazpen argia da. Biktima gehienek isilean sufritzen dute, salaketa jartzeko zailtasunen ondorioz, eta horrek zigor patriarkal bikoitza dakarkie sexu-krimenen biktimei.
Gerra baten biktima diren emakumeak biktima gisa soilik aurkezteari utzi behar zaio, bizirik dirautelako; indarkeria espezifikoa jasan ondoren ere emakume aktiboak dira, eta beren esperientzia adierazteko eta partekatzeko ahotsa izan behar dute.
Gerretan giza eskubide guzti-guztiak urratzen dira, eskubide nagusitik hasita: bizitzeko eskubidea, alegia. Egungo garai honetan, ezin gara bizi beste pertsona batzuk sufritzen ari diren gerrei entzungor eginez; izan ere, eskubidea dute, guk bezala, berdintasuna, askatasuna eta zoriontasuna izateko, baldintza material berberekin.
Arbuiatu egiten ditugu gatazkarako armak gehitzea eta gerra-aurrekontuak handitzea dakarten erabakiak. Baztertu egiten ditugu segurtasunaren izenean logika autoritarioak eta militarizaziokoak indartzen dituzten diskurtsoak. Ez gure izenean! Asko gara gerrari, inperialismoari, patriarkatuari, autoritarismoari eta militarismoari ezetz esaten diogunak. Emakumeen gorputza, gure gorputzak, ez dira gudu-zelai bat, ezta konkista-lurralde bat ere.
Marije Etxebarria Ezpeleta eta Ana Perez, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministako kideak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]