Guatemalako diktadore ohia, maien genozidioagatik akusatua

  • Guatemalako epaile batek Efrain Rios Montt diktadore ohia genozidioagatik epaituko du, hori egiteko nahikoa oinarri badagoela argudiatuta. 36 urtez luzatu zen guda zibila, eta aipatu diktadoreak 1982-1983 bitartean agindu zuen. Tarte horretan 1.771 herritar maia hiltzeagatik gizateriaren aurkako krimenaz akusatuko dute, baita herritarren hilketa, tortura eta behartutako desplazamentuak agintzeagatik ere.


2013ko urtarrilaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Rios Montt Hego Amerikako epaitegi batek genozidioagatik epaitzen duen lehen presidente ohia da.

Rios Montt, 86 urterekin, Hego Amerikako epaitegi batek genozidioagatik aulkian esertzen duen lehen presidente ohia da.

Generalak inmunitatea izan du 12 urtean, herrialdeko Kongresuko kide zelako. Baina iazko urtarriletik ez da, eta etxean egon da atxilotuta.

Maia herriko ixil taldea desagertu nahi izana egotzi diote. 29.000 indigena behartuta desplazatzeagatik ere epaituko dute. Giza eskubideen alde lan egin duten taldeak 1996tik diktadore ohiaren epaiketa eskatzen ibili dira, eta azkenean, lortu dute. 36 urteko guda zibilean 200.000 bat pertsona hil zirela kalkulatzen da, gehienak nekazari maiak.

Egiaren Batzordea Guatemalan, iragana ikertzeko ezinbesteko tresna

Orain urtebete Egiaren Batzordeei buruzko Larrun monografikoa prestatu genuen, eta bertan Guatemalako kasuaz aritu ginen beste hainbaten artean. Egun Rios Montt epaituko badute, hori Egiaren Batzordeak egindako ikerketa eta presioagatik izan da.

Guatemalako esperientzia gainetik azaltzearren, Osloko Akordioa sinatu zuten 1994an Guatemalako Gobernuak eta Guatemalako Batasun Iraultzaile Nazionalak (URNG). Horren arabera eratu zen Egiaren Batzordea, CEH gaztelaniazko sigletan. Bere lana “giza eskubideen urraketak eta sufrimendua eragin zuten bortizkeria ekintzak era inpartzial eta objektiboan argitzea” izan zen. Komisioko kide batzuk nazioartekoak ziren (NBEko ordezkariak) eta beste batzuk bertakoak. 1999ko otsailean Argitze Historikorako Batzordeak azken txostena aurkeztu zuen, biktimen sufrimenduan oinarritutakoa.

1996an amaitu zen guda eta guztira 250.000 pertsona hil zituzten. Gehienak herritar maiak, nekazari txiroak ia denak. Horietatik 45.000 oraindik desagertuta daude eta Egiaren Batzordearen ondorioen arabera, paramilitarrek heriotzen %80 eragin zuten.

CEHk biktimen elkarrizketetan jarri zuen abiapuntua eta horien testigantzak biltzea ez zela hain zaila izan dio Tomuschat Batzordeko presidente ohiak. Biktimak azken hamarkadetan eta mendeetan sufritu zuten guztiaz hitz egiteko beharrez topatu zituztela dio. Askorentzat, gertatu zitzaiena kontatzeko lehen aukera izan zen.

Hegoafrikako Batzordeak ez bezala, Guatemalakoak ez zeukan inongo autoritaterik amnistiak emateko, eta beraz, ez zuten inongo onura legalik ematen egindakoa aitortzeagatik. Biktimarioek –biktimak eragin dituena izendatzeko erabiltzen den hitz teknikoa– ez zutela batzordera hurbiltzeko interesik erakutsi, dio Tomuschatek.

Testigantzak jaso zituen taldeak, eta gobernuari erreparaziorako gomendio batzuk egin zizkioten arren, honek nekez bete zituen. Giza eskubideen urratzaile nagusiak libre geratu ziren. Aste honetan, arduradun gorena epaituko dutela jakin dugu.

Oharra: Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik hartua da. Bertan estaturik gabeko nazioei buruzko albiste gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Efraín Ríos Montt
2013-05-21 | Jon Torner Zabala
Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia genozidioagatik zigortu duen epaia baliogabetu dute

Guatemalako epaitegi batek 80 urteko espetxe zigorra ezarri zion Efraín Ríos Montt diktadore ohiari duela astebete, 1982 eta 1983an ixil etniako 2.000 indigenen heriotza eragin zuen genozidioagatik eta gizateriaren aukako krimenengatik. Gorte konstituziogileak... [+]


Maien aurkako genozidioagatik Guatemalako diktadore ohia epaitzen ari dira

Efraín Ríos Montt Guatemalako diktadore ohiaren aurkako epaiketa berrekin dute astelehenean. Gizateriaren aurkako genozidioaren autore intelektual izatea egozten diote. Garai hartako inteligentzia militarreko buruzagi José Mauricio... [+]


Eguneraketa berriak daude