Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta epaileen ordezkariak eta Ertzaintzarenak, Espainiari, erregeari eta Guardia Zibilari bibaka eta “terrorismoaren aurka” gauzatutako lan “eredugarriari” gorazarre eginez. Ordu erdi lehenago ekitaldia egin du Memoria Osoa plataformak, Artium museoan, “gure aurkako krimenen erantzule nagusietako bati eskainiko dizkioten omenaldi eta gorazarre publikoek gugan sortzen duen oinaze eta birbiktimizazioaren aurrean”. Artium museoko aretoa txiki geratu da eta herritar asko geratu da kanpoan; Plaza Berria, berriz, handiegi geratu zaie benemerita-zaleei. Itxi gabe dagoen zauria atzo baino irekiago dago gaur (Ekitaldiaren argazki sorta albistearen amaieran)
Aretoan sartzen ari ziren Artiumeko ekitaldira hurbildu diren pertsonak, asko torturatuak, Guardia Zibilaren ekitaldiaren kronika egiteko asmoz udaletxe aurreko Plaza Berrira abiatu naizenean. Plazara heldu aurretik topatu dut Guardia Zibilaren musika banda Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren aurrean, Meliton Manzanasek bai baina Guardia Zibilak torturatu eta hil dituenek tokirik ez duen espazio horretan. “A ze lotsagarrikeria”, bota dit ondotik pasa zaidan herritar ezezagunak.
Plazaren hiru sarreretan Ertzaintza. Baita ondoko Andra Maria plazan eta Alde Zaharrerako sarbide guztietan ere. Barruan, plaza erdia hesitu dute autoritateei eta desfilea egingo dutenei tokia egiteko: epaileak, elizgizonak, politikariak eta polizia eta militar andana, paparrak latorriz lepo. Beste erdian jende gutxi eta nahas-mahas handia: ezer jakin gabe asteburu legez plazara bertaratu diren harrituak, uniformerik gabeko polizia asko, edo militarrak omentzera propio etorritakoak.
“Jarri naiteke hemen?”, galdetu diot gazte bati, ekitaldia jarraitzeko toki aproposa segurtatu nahian. Aproposa bai lekua, baina nahi baino urrutiago, eta kazetarien saldotik aparte, Guardia Zibilak kredentziala ukatu baitio ARGIAko kazetariari “segurtasun arrazoiak” direla-eta (argazkilariari bai eman diola baimena). “Arazorik ez”, erantzun dit gazteak, eta telefonoan bideoak ikusten jarraitu du, Espainiako Legioaren gaurko omenaldiarenak. Metro batzuk aurrerago beste herritar bat, esanahi susmagarridun petatxuekin motxilan, Espainiako banderaren koloreak eta “el dolor es pasajero” (Mina iragankorra da) leloa ikusgai. Disimuluan hurbildu zait bizkarretik kalez jantzitako emakume bat, koadernoan idazten ari naizenari begirada azkarra bota ondoren berriz ere urruntzeko.
Kondekorazioa Gasteizko Udalari
Formazioan sartu dira plazara Guardia Zibilaren hainbat talde, haien artean borroka antiterroristaren ikur den GAR unitatea. “Militar orok errespetatu eta defendatzeko betebeharra” duen Espainiako banderari omenaldia eginez hasi dute ekitaldia, metropoliaren ereserkiaz lagunduta. Espazio irekietan ekitaldiak antolatzearen ohitura faltagatik izango da akaso, baina megafoniaren ahulak zaila egingo du ekitaldi osoan hizlarien esanak jarraitzea.
Aitortza berezia egin dio Guardia Zibilak Gasteizko Udalari, PSE-EEko alkate Maider Etxebarriak berak jaso du oroigarria
Kondekorazioen txanda. “Aurten beren zerbitzuen betekizunean nabarmendu diren” pertsona eta erakundeei dominak banatu dizkiete Guardia Zibilaren jeneral eta teniente-koronel banak, Espainiako Gobernuko ordezkariak eta ordezkariordeak, eta Gasteizko alkateak. Domina jaso dutenen artean guardia zibil, ertzain, Espainiako polizia eta Frantziako gendarme bana. Lastima ez dutela zehaztu zeintzuk izan diren bakoitzaren merituak domina jasotzeko. Amaitzeko, aitortza berezia egin dio Guardia Zibilak Gasteizko Udalari, PSE-EEko alkate Maider Etxebarriak berak jaso du oroigarria, ekitaldia hiriko plaza nagusian egiteko baimena emateagatik “esker on bizia” adierazteko. Hurrengo hizlariek errepikatu dute esker ona.
Normaltasun demokratikoa
Bi hitzaldi nagusi egon dira ekitaldian. José Antonio Mingorancerena lehena, Guardia Zibilak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jeneral buruarena. Erakunde militarrak 180 urteotan “herritarren eskubide eta askatasunen alde” erakutsi duen “konpromisoa” goratu du militarrak, eta bereziki gogoan hartu ditu “terrorismoak hildako” lankideak.
“Ederra, esanguratsua, hunkigarria, esperantzagarria”. Horrela definitu du Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia Guardia Zibilak ekitaldia Plaza Berrian egitea. “Normaltasunez, garen euskal gizarte askotarikoa ordezkatuz”. Ekitaldia “estatuko segurtasun indarren ikusgarritasun demokratikoaren” eta “normaltasun demokratikoaren” isla da, bere esanetan. Normaltasun horren adibide litzateke Espainiako Poliziak ere Bilboko Indautxun bere 200. urteurrena kalean ospatu izana.
“Gaur gure jaieguna ospatzen dugu, baina baita gure baloreak ere. “¡Viva España! ¡Viva el rey! ¡Viva la Guardia Civil!” (Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko ordezkaria, PSE-EE)
1939an erbestera ihesean hil zen Antonio Machadoren Caminante no hay camino poema ezaguna baliatu du Garmendia sozialistak, frankismoaren zutabe nagusietakoa izan zen Guardia Zibilaren ekitaldian, ETAren aurka egiteko, “berriz ere inoiz zapaldu behar ez den bidezidorra”. Guardia Zibila izan du mintzagai, edonola ere: goratu ditu bere “ekarpen erabakigarria” ETAren desagerpenean eta “bizikidetza demokratikoan”, edo azpimarratu gizon eta emakumeen arteko “berdintasunaren alde” egindako lana. “Gaur gure jaieguna ospatzen dugu, baina baita gure baloreak ere”, laburbildu du amaiera aldera, “¡Viva España! ¡Viva el rey! ¡Viva la Guardia Civil!” (Gora Espainia! Gora erregea! Gora Guardia Zibila!) ozen batekin amaitzeko.
“Espainiaren alde hildakoei” omenaldia egin diete jarraian, beren arimen aldeko Gasteizko gotzainaren hitz batzuekin eta Guardia Zibilaren ereserkiarekin lagunduta, inguruan nituen herritar zenbaitek militarrekin batera abestu dutena. Ekitaldia eta protokolo zurruna amaituta, lagunarte giro informalean hasi dira besarkadak, eskumuinak edota talde argazkiak politikari, apaiz, epaile, ertzain eta guardia zibil artean. Egunak segida Sansomendiko kuartelean izango duela iragarri dute bozgorailuetatik, luntx batekin.
Ordurako jende pixka bat gehiago zegoen erdi hutsik jarraitzen zuen plazan. Aurretik izan duen oihartzun guztiarekin ere, eta jakinik Sansomendiko kuartelean soilik ehunka pertsona bizi direla, ematen du bere hurbilenekoak ere ez dituela mobilizatu ekitaldi espainolistak.
Plaza handiegia, areto txikiegia
“Urriaren 12an Gasteizen egingo dutena terrorismoaren apologia da”, aurreikusi zuen aste bete lehenago Guardia Zibilaren torturak jasandako gasteiztar batek, ekitaldiaren harira ARGIAri emandako elkarrizketan. Elkarrizketa hura ez argitaratzea erabaki genuen, torturatua jaso zitzakeen ondorioen beldur zelako, besteak beste. 2024ko urria honetan gertatu da hau guztia, ETA desagertu eta hamahiru urtera.
“Nik ez baitut zalantzan jartzen ETAk jendartearen zati bati terrorea sortu dionik, baina beste zati handi bati terrorea sortu digutenak Guardia Zibila, Espainiako Polizia, Ertzaintza, epaileak edo espetxeetako funtzionarioak izan dira”, azaldu zuen elkarrizketatuak. Desberdintasun garrantzitsu batekin: batzuek egindakoa aitortu dute; beste batzuek, ez.
Hispanitatearen Egunean, Guardia Zibilak eta bere zaleek Gasteizko plaza nagusia okupatu dute bere ibilbide guztian, eta bereziki “terrorismoaren aurkako borrokan” egindakoaren apologia egiteko, torturaren eta estatu indarkeriaren biktimek horren salaketa areto itxi batean egin duten bitartean. Baina plaza handi geratu zaie batzuei, eta areto handia txikiegi besteei.
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
Plataformak adierazi du "sentsibilitate eta iritzi guztiak errespetatuz" Guardia Zibilaren ekintzak gaitzesteko asmoa dutela, bizikidetza demokratikoa eraikitzea helburu nagusia izanik.
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Astelehenean eraitsi zuen Ernai gazte antolakundeak Lemoatx tontorreko gurutze frankista. Udalak adierazi duenez ez dute berriro altxatuko, Memoria Historikoaren Legea urratzen zuenez haren eraistea aurreikusita baitzegoen.
1936ko altxamendu militarretik 85 urtera "faxismoari gorazarre egitea zilegi" dela salatu du gazte antolakundeak. Urriaren 12an eskualdeko mobilizazioak antolatu ditu "bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa" eraikitzeko.
Asteazken goizean deklaratu dute Espainiako Poliziaren aurrean. Migratzaileen hainbat kolektibok eta Sortuk urriaren 12an antolatu zuten ekitaldian erregearen eta kolonizatzailearen irudi bana bota zuten lurrera. Demokrazia falta salatzen eta Euskal Errepublika aldarrikatzen... [+]
Urriaren 12aren karietara Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak Kanpezuko (Araba) Guardia Zibilaren koarteletik Espainiako bandera lapurtu zuen. Ekintzan parte hartu zuten gazteek bertako harresian "Ez zaituztegu onartzen" idatzi zuten.
Asteburuan eta urriaren 12ko astelehenean hainbat mobilizazio antolatu ditu Sortuk Euskal herri osoan. Iruñean Colónen eta Espainiako Erregearen estatua bana bota dute lurrera.
Hispanitatearen egunaren aurka mobilizazioa egin du Arrotxapea auzoan Migratuen Nafarroako Mugimenduak. Goree irla izenarekin berrizendatu dute Armendaritz Erregeordearen plaza, eta Chitareros izena eman diote Pedro de Ursua kalea zenari.
Hasieran Espainiako Erresumaren aldia izan zen, eta denok ikusi genuen zer zegoen bosgarren mendeurrenaren kari antolaturiko ekitaldien atzean. Kulturen arteko topaketa gisa erakutsi ziguten hura genozidioaren ospakizuna zen, ez zegoen benetako gogoetarik ez bestelako... [+]