Nafarroak Trafiko eskuduntza jasotzen duelarik, Guardia Zibila foru errepideetatik desagertuko dela berretsi zuen astearte honetan Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Barne kontseilari Javier Remirezek, Diario de Navarra egunkariari egindako adierazpenetan. Jakina denez, gobernua eratzeko akordioan, foru erkidegoak trafiko eskuduntzak jasotzea hitzartu dute PSOEk eta EAJk.
Alta, urriaren 12an, Guardia Zibilaren Egunean, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Jose Luis Arastik esan zuela institutu armatuak bere lana egiten segituko duela Nafarroan “errepideetan zein errepideetatik at”, foru erkidegoak Trafiko eskuduntzak jaso arren.
Foruzaingoak 1.100 agente polizia ditu. Horietatik 200 bat aritzen dira trafiko lanetan. Guardia zibilak Nafarroan, berriz, 1.500 dira. Eta horietatik beste 200 bat aritzen dira Trafikoan.
Remirez lehendakariordeak nabarmendu du 2018an onarturiko Nafarroako Poliziaren Legeak aukera ematen duela guardia zibilak Foruzaingoan integratzeko, baldin eta Estatuak onartzen badu, eta guardia zibilek hala nahi badute.