‘Green Book’, ‘Bohemian Rhapsody’ eta ‘Roma’, onenetan onenen

  • Bart banatu dira Urrezko Globoak. Green Book filmak hiru sari jaso ditu, eta bina beste biek.


2019ko urtarrilaren 07an - 11:48
'Green Book' filmaren egileak.

Peter Farrelly zinemagile estatubatuarra izan da Urrezko Globoen 76. edizioko irabazle nagusia, Los Angelesen ospatu dena. Berak ekoitzitako Green Book filmak hiru sari jaso ditu: komedia film onenarena, bigarren mailako aktore onenarena –Mahershala Ali– eta gidoi onenarena –Nick Vallelonga, Brian Currie eta Farrelly berak egina–.

Bestalde, bi globo jaso ditu Queen taldeko abeslaria zen Freddie Mercury abeslariaren bizitza ardatz duen Bohemian Rhapsody filmak: drama film onenarena eta gizonezko aktore onenarena –Rami Malek, Mercury antzezten duena–. Eta bestalde, beste bi sari eraman ditu Roma-k. Alfonso Cuaron zuzendari mexikarrak ekoitzi du, eta atzerriko film onenaren eta zuzendari onenaren saria jaso ditu –ez da lehen aldia: Gravity lanarengatik jaso zuen–. Espainolez grabatua dagoenez, film onenaren lehiatik at zegoen.

Huts egin dute aurreikuspenek

Emakumezko drama saileko aktore onenaren sariak zeresana eman zuen. Glenn Closek jaso zuen The Wife filmarengatik, atzean Lady Gaga –A Star is Born– eta Nicole Kidman –Destroyer– utziz. Bestalde, aurreikuspenek Adam McKay zuzendariaren Vice jotzen zuten edizioko nagusitzat, baina esku hutsik geratu da. Beste faborito nagusia A Star is Born zen, baina abesti onenaren saria bakarrik eskuratu du.

Closek saria bere amari eskaini zion –berriki zendu da–. Hil aurretik publikoki esan zuen “senarraren itzalpean” bizi izan zela emakume zelako, eta damu zela. Hari eskaini zizkion Closek saria jaso osteko hitzak: “Emakumeok besteak zaindu eta hezten ditugu, baina geure burua ere zaindu behar dugu, inolaz ere norberaren ametsak besteengatik alboratuz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urrezko Globoak
Eguneraketa berriak daude