Gotzon Barandiaran: “Gerediagaren ikusmoldea da: guk erabaki eta zuk lan egin”

  • Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendari postutik kendu duela iragarri zuen atzo Gerediaga elkarteak eta polemika ekarri du. Azken urteetan Azokan protagonismo handia hartu duen Ahotsenea guneko arduradun Gotzon Barandiaranekin hitz egin dugu erabakiari buruz.


2013ko otsailaren 14an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Gotzon Barandiaran, Ahotseneako arduraduna (argazkia: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer iruditu zaizu Gerediaga Elkartearen oharra?

Goizetik arratsera erabat aldatu zuen tonua, bertsioa. Azken oharrean, nolabait esanda, sarean irakurri duten guztia izan dute kontuan eta horren araberako balorazio azkarra egin dute.

Maltzurra, koldarra eta errespeturik gabekoa da. Azoka ez dela bakar batena, gero ez duela zintzo jokatu baina zertan argitu gabe… Hauxe bera ekainean gertatu zen eta orduko hartan erantzun ziguten etxe barruko kontuak zirela, guneetakook ez genuela zertan sarturik. Orain, arrazoiak eta egoera bera izanda ere, baiezkoa eman digute. Orain arteko bideari jarraituko omen zaio, baina hori eta Aiert kaleratzea ez datoz bat inondik ere.

Gaur arratsaldean bilduko zarete, 17:30etan.

Duela bost urte Ahotseneari ekin zitzaionean, idazle eta musikarientzat leku bat osatzea proposatu genien, lanak aurkezteko toki bat behar zelako.

Azken urteetan azoka salerosketarako gune huts bilakatzen ari zela esan genien, erdarazko produktu gero eta gehiago saltzen zirela, eta euskarazko literatura eta musika baztertuta gelditzen ari zirela, non eta Euskal Liburu eta Disko Azokan. Gainera, gero eta jende gutxiago joaten zitzaiela. Ekarpena azokari egin nahi geniola adierazi genien, kontua ez zela hura apurtu eta joatea.

Lehen urtean gutxietsi egin gintuzten erabat. Goiz batean egin zen, kasu izpirik ez  ziguten egin. Hurrengo urtean gauza bera. Oihartzun handiagoa izan zuen, ordea, egileen parte-hartzea handiagoa izan zen, eta jendeak arreta ipini zion, azokak hain justu horixe behar zuela entzuten hasi ginen han eta hemen.

Hirugarren urtean aipatu genien oso zaila zitzaigula diru-laguntzetara aurkeztea, modu horretan bederen, langilerik ez duen elkartea ginelako. Gutxieneko azpiegitura behar zuen, inbertsioa, baina hemengoak gastuak besterik ez dira. Zer pentsatzen ote genuen erantzun zigun Nerea Mujika lehendakariak, Gerediaga BBKren sukurtsala ote den edo zer.

Beste irizpide batzuk ere kontuan hartu behar zirela aipatu zenuten.

Bai, guk genioen Durangokoa ez dela berez disko eta liburuen azoka. Gure ustez, euskal kulturaren azoka behar zuela izan, euskal kulturaren plaza. Horretan egin behar zela ahalegina. Nerea Mujikak baiezkoa eman zigun, baina azken hitza beti Gerediagak izango duela. Bi esaldi horiekin laburbiltzen da Aiert Goenagari gertatutakoa.

Gerediagako zuzendaritzako kide batzuek, batez ere Nerea Mujika lehendakariak eta Aitziber Atorrasagasti gerenteak, uste dute beraiena dela azoka. Eta elkarlana ulertzeko modua zera da: guk erabakiak hartu eta zuek gure zerbitzurako lan egin.

Areago, guk, guneetakook, zer nolako zorte ona dugun nabarmendu izan diote Aierti, azoka guretzat erakustokia delako.

Laugarren urteak beste dimentsio bat eman zien guneei.

Ahotseneak sekulako garrantzia hartu zuen, sortzaileen aldetik, entzuleen aldetik, jarraipena ere itzela egiten zaio komunikabideetan. Orduan heldu zioten kontu honi. Orduan erabaki zuten aurrekontuetan sartzea. Ordura artekoetan guk arduratu behar izan genuen dirua lortzeaz.

Jendeari iritzia eskatu behar zitzaiola esan genien iaz. Aitziber Atorrasagastik bere ideia balitz bezala saldu zion zuzendaritzari. Tira, dominak behar baditu, har ditzala beretzat. Guri iritzi bilketa interesatzen zitzaigun, eta egin zuten, hausnarketa estrategikoa jarri zuten martxan. Enpresa bat kontratatu zuten, hainbat eragile identifikatu zituzten, galdeketa egin zitzaien eta hortik hausnarketa estrategikoko ondorioak atera zituzten.

Eta zer zioten?

Guk aldez aurretik esandakoa, jende guztiak ordurako esandakoa, azoka askoren artean egin behar dela, kultur plaza izan behar duela. Zer ekarri zuen horrek? Ikuspuntu horretan lan egingo lukeen pertsona kontratatu behar zutela, eta ez Jon Irazabal. Deialdi publikoa egin eta Aiert aukeratu zuten. Aiert guztiz bat etorri zen gure irizpideekin eta praktikara eraman zituen. Koordinazio mahai bat deitu zuen. Gu ere hor genbiltzan, zirikan eta nolabait behartzen, esanez, egitarauari dagozkion erabakietan parte hartu behar genuela. Guztion artean hartu behar direla erabakiak. Bikoizketarik egon ez dadin.

Erabakigune bihurtu duzue mahaia?

Logikoa den bezala, egitarauari buruzko erabakiak mahaian hartu dira. Kultur gonbidatua, standen prezioa, aurrekontua, sariak, horiek guztiak Gerediagak erabakitzen ditu. Ahotsenean, Irudienean, Plateruenan, Szenatokian, K@bian edo Sagu Ganbaran zer egongo den, horretaz jardun dugu mahaian, eta horien gaineko erabakiak hartu dira, ziurtatu behar baita lanak ez direla, demagun, bi tokitan aurkeztuko, edo inor ez dela tokirik gabe utzi behar. Ildo komunikatiboa ere, zer mezu zabaldu nahi den, hori ere guk koordinatu dugu.

Horrekin lehertu da kontu hau?

Lehertu da Nerea Mujika eta Aitziber Atorrasagasti konturatu direnean azken hitza ez dela, kasuotan, haiena izan. Dena erabaki nahi baitute. Hauen ikusmoldea zera da, nik  erakusleihoa uzten dizut, beraz zuk nire esanetara jardun behar duzu.

Hortik datoz Nerea Mujikaren hitz horiek: azken erabakia gurea da eta gu ez gara BBKren sukurtsala.

Plateruena, iaz arte, enpresa pribatu gisa tratatzen zuen Gerediagak. Azokatik kanpo utzi dute beti, 30 metro eskasetara dagoen arren, Durangaldeko euskaldunek sortutako egitasmo herritarra den arren. Inoren buruan ez zen sartzen Plateruena kanpo egotea eta lortu genuen ofizialki Azokako kide izatea.

Berbarorekin ere zer gertatu zen? Berbaro elkarteak haur eta gazte literaturaren txokoa antolatu izan du 20 urtez baina zerbitzu enpresa gisa hartu du Gerediagak beti. “Orain elkarlanean jarraituko dugu” bezalako hitzak faltsuak dira, hipokrisia da hori.

Zer esango duzu arratsaldean?

Aurpegiratu egingo dizkiet zuri esandako horiek denak. Kokoteraino nago, hipokrita eta ustela den jendeaz, gainera zer eta prentsaurrekoan egin duten bezala, kaka osoa Aierti botatzeko.

Galera ekonomikoaren errua bota zaio.

Hori lotsagarria da. Aiertek ez du inongo erabaki ekonomikorik hartu. Gerenteak du horren ardura, eta galerak izan badira, besteak beste, gerentearen kudeaketa eskasagatik izan da.

Boterekeria, kontrola eta funtzionatzeko modu piramidala dago horren atzean.

Berdin segitzeko plana dutela esaten dute. Zuekin?

Koordinazio mahaiak aurrera egingo duela esan dute, bai, baina guri ez diguzue ezer galdetu. Hemen baldintza batzuk egon beharko dira, Ahotsenea bezala, nik behintzat, eskatuko ditut. Guk ez dugu inongo fartsatan parte hartuko eta ez gara inoren morroi, ez dugu inoren zerbitzurako lan egingo ez bada euskal kulturarako.

Duela bi hilabete azokaren gainean egindako balorazioa sekulakoa izan zen.

Hala da, milaka jende etorri zirela, bide onetik gindoazela, eta bat-batean hau. Jendea harrituta dago. Sekulako azoka egin eta gero, dinamizatzaileetako bat kendu?

Hauxe da momentua apurtzeko. Gaurko bileran ez dut ezer gordetzeko asmorik, eta dena apurtu behar bada eta Ahotseneak ez badu jarraitu behar, ez du jarraituko, baina nik ez dut fartsa batean parte hartuko. Uste dut jarrera gogorra hartu beharra daukagula. Nahikoa da. Hainbesteko ahaleginak egin, hainbeste ordu, hainbesteko militantzia, borondatea, eta jendea adarra jotzen eta faltsukeriatan? Nik neuk ez. Ez noa bilerara arazoa konpontzeko asmoz, dena esateko asmoz baizik. Zintzotasuna nahi duzue? Nik ere zintzo jokatuko dut eta esan beharrekoak esango ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka
2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Hartzea ematea delako, azokara joateko deia egin du Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


Durangoko Azoka. Hirugarren eguna
Zer izango da gutaz?


Durangoko Azoka. Lehen eguna
Ez gara hainbeste aldatu


Eguneraketa berriak daude