Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

  • 28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egun bete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte hartzeagatik, Asiako Hego Ekialdeko herrialdeko gazte mugimenduek gidatu zuten monarkiaren aurkako mugimenduaren baitan.


2024ko maiatzaren 17an - 07:23
28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politikoaren artxiboko argazkia.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Netiporn Sanesangkhom thailandiarra epaile baten familian jaio zen eta ahizpa abokatua zuen, euskarazko Wikipedian irakur daitekeenez. Finantza ikasketak egin zituen eta ingeleseko tutore gisa lan egin zuen.

Gaztaroan hainbat gai sozial eta politikoren alde borrokatzen hasi zen. Esaterako, ikasle thailandiarrek orrazkera aukeratzeko eskubidearen alde, baita herrialdeko LGBT komunitatearen alde ere. Erreforma demokratikoaren eta askatasunaren aldeko borrokak izan zuen, ordea, bere bizitzan eraginik handiena eta horretan buru-belarri ari den Thaluwang taldean sartu zen gazte.

Thailandiako errege Maha Vajiralongkorn eta bere hurbileko familia munduko legerik zorrotzenetakoek babesten dute, eta horrek Estatuari ematen dio disidentzia, monarkiarekiko kritikak barne, zigortzeko boterea. Sanesangkhomek, besteak beste, herri galdeketak eta erregearen pribilegioen aurkako manifestazioak antolatu zituela irakur daiteke entziklopedia herrikoian. Jokabide horregatik hainbat aldiz salatu eta espetxeratu zuten. 2022an ere gose greba egin zuen justizia sistemaz eta preso politikoen baldintzen inguruan alarma jotzeko.

Azken aldiz 2024ko urtarrilaren 26an atxilotu zuten. Espetxeratu zutenean, Sanesangkhomek berriro gose greba abiatu zuen monarkiaren aurkako ekintzaileek pairatzen zituzten epaiketarik gabeko atxiloaldiak salatzeko, Al Jazeerak jaso duenez. Bihotz-geldialdi baten ondorioz hil da 2024ko maiatzaren 14an, 110 egunera.

2020an monarkiaren aurkako protestak hasi zirenetik, 270 ekintzaile thailandiar zigortu dituzte erregearen aurkako difamazioa egotzita. Horrez gain, beste 2.000 pertsona baino gehiago auzipetu dituzte beste kargu batzuekin, gobernuaren aurkako protestetan parte hartzeagatik.

Thailandiako justizia sistemak monarkiaren kritikoak hilabeteetan zehar espetxean epaiketarik gabe preso edukitzea ahalbidetzen du, eta monarkiarekiko difamazioagatik zigortuz gero, hamarkada bat gainditzen duten espetxe zigorrak ezartzen ditu.

Ikasleen borrokaren historia monarkiaren aurka

Sanesangkhomen gose grebak nazioartean lerro-buru batzuk eskuratu baditu ere, ez da oso ezaguna Europan Thailandiako ikasle mugimenduaren historia, Red.Mediak oroitarazi duenez.

Ikasleek gidatutako monarkiaren aurkako mugimenduak 1970eko hamarkadan jo zuen goia. Gerra Hotz betean eta komunismoaren aurkako propagandak berotuta, gobernuak errepresio latza erabili zuen mugimendu hura suntsitzeko.

1976an, Thammasat- unibertsitatean ikasle ezkertiarren artean sarraskia eragin zuen monarkiak. (Argazkia Red hedabidek koloreztatua)

Gobernuaren erasoa muturrera iritsi zen 1976ko Thammasat-eko sarraskian. Tailandiako Poliziak, eskuin muturreko paramilitarrekin batera, Thammasat unibertsitatean protestan ari ziren 100 ikasletik gora hil zituen. ARGIAko efemerideen kanalean gertaera hari buruzko informazio gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Thailandia
Net Hurbil: Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten
Sonthi Boonyaratglin jenerala ez da Thailandiak gobernuburu ezagutu duen estreinako militarra. Zibilek ez dute urte luzez irauten Bangkok-eko gobernuan; oraingoan hamar urte zeramatzaten aurreko kolpetik, eta berriro irailaren 19an militarrek moztu zuten esperimentua. 65 milioi... [+]

2012-09-15
Karen herria: Fronte bakarreko gatazka

Thailandia eta Birmania artean kokatua, azken horiekiko independentzia aldarrikatzen du Karen herriak. Karen gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira, baina Birmaniako armadaren aurka borrokatzeko muga ezkutuan zeharkatzen dute hainbat gerrillarik. 2010ean... [+]


2011-11-08
500 pertsona inguru hil dira Thailandian euriteen ondorioz

Azken hamarkadetako eurite handiena ari da pairatzen Thailandia. Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 500 pertsona inguru hil dira eta bi milioi pertsona inguruk kalteak izan dituzte euriteen ondorioz. Hamaika zonalde ebakuatu behar izan dituzte eta garraio publikoa ere... [+]


2006-10-22
Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten

“L’Etat, c’est moi” (Neu naiz Estatua) duela bi mende eta erdi esan bazuen Frantziako Louis XIV.ak, oraindik bere dotrinak baditu jarraitzaileak. Munduaren beste muturrean, Thailandian ezer ez ei da gertatzen erregearen agindurik gabe. Ezta militarren... [+]


Eguneraketa berriak daude