“Gorpu hura masakratuta zegoen”

  • 1993ko abuztuaren 19ko arratsaldean Ertzaintzak Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuen Juan Calvo, atxilotze unean eginiko zauriak artatzeko. Patxi Bezares Díaz de Tejada erizain laguntzaileak (egun zeladorea da) sendatu zizkion zauri arinak. Bera izan zen Calvo bizirik ikusi zuen azken pertsonetako bat. Hurrengo egunean lanera bueltatzean lankideek kontatu zioten Calvo goizaldean eraman zuela berriz Ertzaintzak, hila eta biolentzia arrasto nabarmenekin gorputz osoan. Gorputegira joan zen eta han ikusi zuenak inpaktu handia sortu zion, Calvori alferrikako biziberritze ariketak egin zizkioten medikuei sortu bezala. 30 urte eta gero, estreinakoz kontatu du egun hartan eta hurrengo hilabeteetan berak eta Calvorekin kontaktua izan zuten beste osasun profesional batzuek ikusi eta pairatu zituztenak. Tartean, Poliziaren jazarpena.

Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago ospitaleko kanpoaldean. Argazkia: Dos por Dos

2023ko uztailaren 04an - 07:58
Azken eguneraketa: 2023-07-05 08:13:03
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

1992an hasi zinen Gasteizko Santiago ospitalean lanean, eta Juan Calvo 1993an artatu zenuen larrialdietan.

Denbora gutxi neraman lanean. Ostegun arratsaldea zela uste dut, abisua jaso genuen, Ertzaintzak atxilotu bat ekarriko zuela. Ez dakit nola, baina guri heldu zitzaiguna zen taxi bat lapurtu zuen pertsona bat zela, Langraitz (Araba) herrian atxilotu zutela, eta antza ETAkidea zela. Gu horretan guztian ez gara sartzen, guk gure lana egiten dugu eta listo.

Ekarri zuten eskuburdinak bizkarraldean jarrita, zauri batzuk sendatzeko. Praka marroi batzuk zituen atzekoz aurrera jarrita, zapatak lokarririk gabe, eta biluzik zegoen gerritik gora. Sorbaldan zenbait zauri arin zituen, eta bizkarrean beste batzuk hartxintxar pixka batekin, ziurrenik atxiloketa unean lurrean egindakoak. Bularrean, aurrealdean, bi borrakadaren arrastoak zituen, nahiko potoloak, eta bizkarrean hiru, hori ondo gogoratzen dut. Medikuak niri eskatu zidan zauriak sendatzeko.

Artatzea arazorik gabe joan zen?

Ertzainari eskatu nion mesedez eskuburdinak askatzeko, besoetan bazuen zauriren bat eta askatu ezean ezinezkoa zela ondo sendatzea. Ertzainak modu txarrean erantzun zidan, haserre antzean, ea ezinbestekoa zen, eta baietz erantzun nion. Modu zakarrean hasi zen askatzen, Calvo kexatu egin zen mina egiten ziola esanez, eta zuzendu nintzaion ertzainari, “mesedez, kontuz ibili, apurtuta izan dezake ukondoa edo beste zer edo zer”. Aurpegi txarra jarri zidan. “Hau itxurak egiten dabil, ez da horrenbesterako”, horrelakoak bota zituen, baina askatu zuen.  Sendatu nizkion zauriak, amaitu nuenean Calvok ur baso bat eskatu zidan, eman nion, eta eskertu egin zidan. Eskuburdinak jarri zizkioten berriro, eta eraman egin zuten. Txanda amaitu nuenean, etxera joan nintzen.

Noiz bueltatu zinen berriz ere larrialdietara lanera?

Hurrengo egunean goizeko txandan sartu nintzen lanera, 8:00etan. Aldagelan gaueko lankideekin gurutzatu nintzen, eta batek galdetu zidan, "aizu Patxi, atzo ez al zenuen zuk sendatu Juan Calvo izeneko bat, Ertzaintzak ekarri zuena?”; "bai, zergatik diozu?"; "hilda ekarri dutelako". Seko harrituta geratu nintzen. Kontatu zidan gutxi gorabehera gertatutakoa: anbulantzian ekarri zutela, ertzain piloa agertu zela larrialdietan... ikustekoa izan zela. Lankide horrek bere begiz ikusi zuen Calvo, eta esan zidan bere ustetan zer edo zer oso larria gertatu zela komisarian.

Ordu gutxi batzuk lehenago bizirik ikusi nuen tipoa, eta gorpua ikusteko beharra sentitu nuen. Saiatu nintzen gorputegira sartzen, baina Ertzaintzak zainduta zegoen eta ez zuten uzten pasatzen. Baina gero lanagatik sartu behar izan nuen, eta Calvoren gorpua ikusteko aprobetxatu nuen.

Zer ikusi zenuen?

Ikusi nuena... hura izan zen... ez nuen tipoa ezagutu. Bizirik ikusi nuenean bost borrakada bazituen, gorpu hura masakratuta zegoen. Ubeldura piloa zeukan gorputz osoan, iruditu zitzaidan borra baina finagoa den zerbaitekin eginak zirela. Nabari zen eskuak lotuta izan zituela, kristoren kanala baitzuen eskumuturretan. Kalamuzko soka batekin lotu zuten, zuntz batzuk zeuden oraindik agerian. Belaunetan erredura antzeko batzuk ageri ziren. Barrabilak txikituta zituen, handituta, more, ez dakit nola adierazi; ziurrenik baten batek potroetatik eskuekin heldu eta direnak eta ez direnak egingo zizkion. Irudi oso gogorra zen.

Begiak erabat erreta zituen ere, ziurrenik gasagatik.

Gas usaina zuen?

Usain oso arraroa zuen, gasarena edo beste zerbaitena.

"30 urtetan denetarik ikusi dut, baina modu hartan jipoitutako pertsonarik ez dut sekula ikusi"

Calvo hilotz eraman zutenean lanean ari ziren lankideekin hitz egin zenuen?

Batzuekin bai, batez ere medikuetako batekin, eta zehatzago kontatu zidaten gertatutakoa. Calvo erabat biluzik ekarri zuten anbulantzian, masaje eginez suspertzen saiatzen ziren bitartean. Anbulantziako sanitarioek gasaren aurkako maskara jarri behar izan zuten; masajea emateko bularrean presio egitean gasaren kea ateratzen omen zen ahotik eta begiak asko narritatu zitzaizkien, baten bat larrialdietan bertan artatu behar izan zuten.

Larrialdietan ohiko protokoloa aktibatu zuten suspertzen saiatzeko, baina ez zuten izan ezer egiterik, hilda heldu zelako. Larrialdietan ere, masajearekin ura eta gasa ateratzen omen zitzaizkion Calvori ahotik. Hori izan daiteke biriketako edema bategatik, adibidez, baina ziurra dena da ez dela istripuz gertatzen. Pentsatzen dut Juan Calvo torturatu egin zutela, bestela ez dago ulertzerik.

Elkarrizketa lotzeko hitz egin genuenean aipatu zenidan mediku batek liskarra izan zuela Ertzaintzarekin [Elkarrizketan presentzia handia du mediku horrek: medikuak ez dio elkarrizketarik eman nahi izan ARGIAri arrazoi pertsonalak tarteko, baina hemen ematen diren informazio guztiak irakurri eta berretsi dizkigu]

Behin Calvoren bizia salbatzeko ezer egiterik ez zegoela ikusita, saiatzeari utzi zion larrialdietako taldeak. Medikuetako bat erreanimazio gelatik irten zen, eta ertzain batek galdetu zion ea zer moduz zegoen atxilotua. Medikuak erantzun zion, suminduta, "Konturatzen zarete zer egin duzuen?! Ez duzue lotsarik!". Ertzainak erantzun zion, “Ez iraindu, eta kontuz esaten duzunarekin”. Medikua are gehiago sutu zen, liskarra piztu zen eta azkenean lankideek beste gelara eraman zuten. Ertzainek hanka egin zuten. Medikuak berak kontatuta dakit hori guztia.

Artatu zenuenean, nolako jarrera izan zuen Calvok? Zer aldarte zuen?

Oso lasaia, normala. Tarteka eskatzen nion hau egiteko, edo horrela mugitzeko, eta egiten zuen. Amaitzean eskertu zidan artatu izana. Jatorra iruditu zitzaidan.

Segurtasun Sailak adierazi zuen Calvok jarrera biolentoa izan zuela atxilotzean eta ondoren komisarian, zentzurik gabeko komentarioak egiten zituela... Koadratzen dizu ikusi zenuenak horrekin?

Ez. Larrialdietara norbait datorrenean, normalean antzematen dugu buruko gaixotasunen bat duen, zentzumen hori garatzen dugu. Calvori ez nion horrelako ezer antzeman. Oso isilik egon zen, baina lasai eta lagunkoi, adibidez, esan, "barkatu, agian min pixka bat egingo dizut orain...", eta erantzun zidan, "Zu lasai, egin egin behar duzuna". Ura eman nionean eskertu egin zidan... ez nuen horrelako ezer nabaritu.

Argazkia: Dos por Dos.

Harrigarria da horrenbeste xehetasunekin gogoratzea gertatutakoa, 30 urteren ondoren.

Oso zaila da horrelako zerbait ahaztea, oso inpaktantea da. 30 urtetan denetarik ikusi dut, hildakoak, suizidioak, zauri larriak... Baina modu hartan jipoitutako pertsonarik ez dut sekula ikusi, eta ikusi ditut pertsona jipoituak 30 urteotan.

Ertzainekin liskarra izan zuen medikuak txostena idatzi zuen lanetik irten eta etxera heltzean. 30 urtez izan du gordeta orain ARGIAri ematea erabaki duen arte, publiko egin dadin. Ezagutzen duzu txosten horren historia?

Bai. Lanetik atera, etxera heldu eta gogoratzen zuen guztia idatzi zuen. Garai hartan ez zegoen ordenagailurik, baina idazteko makina elektroniko bat zeukan. Ezer ez ahazteko idatzi zuen."Geratu naiz hain inpresionatuta”, azaldu zidan, “segituan idatzi beharra nuela detailerik ez galtzeko". Gogoan dut esan zidala, “Tipo hori musu-truk garbitu dute, horrela: zakur baten pare hil da”.

Ospitaleko zuzendaritzak zer jarrera izan zuen?

Egun berean ospitaleko zuzendaritzatik komunikatua jaso genuen langileok: ezin zela ezer ere esan gaiari buruz, azalpen guztiak gerenteak emango zituela. Hau da, kontuz hitz egiten denarekin. Hori ostiralean, larunbaterako ospitale sarreran kazetariak zeuden.

Ondoren paper bat ekarri zuten larrialdi zerbitzuetara, arduradunarentzako, esanez ikerketa sekretupe judizialean zegoela eta espresuki debekatuta genuela inongo informaziorik ematea [Instrukzio epaileak kasua sekretupean jarri zuen abuztuaren 30ean eta oharra bidali zion propio ospitaleko zuzendariari filtrazioei amaiera jar ziezaien].

Baina hainbat informazio “sekretu” argitaratu zuten halere komunikabideek, batzuk bertsio ofiziala berresten zuten, beste batzuek kontrakoa. Egin egunkariak eman zuen informazio gehien Calvoren gorpuaren egoeraz, ospitaleko iturriak aipatuz.

Bai, irakurri nituen, ez dakit nork egin zuen. Gero jakin genuen Segurtasun Sailaren informazioaren arabera gaixo psikiatrikoa zela, nik, badiotsut, ez nion traza hori hartu, baina izan daiteke, jakina. Sailak esan zuen ere oso biolentoa zela, hori inondik inora.

Barne Sailak emandako azalpenak irakurri zenituen?

Bai, lehen komunikatua jarraian atera zuten. Barne Sailak esan zuen atxilotua bere burua lesionatzen hasi eta ertzainek esku hartu behar izan zutela. Uste dut orduan ertzainen burua [Juan Mari] Atutxa zela. Gorpuaren egoerak ez zuen bat egiten bertsio horrekin.

Baina guk ez genuen ulertzen beste gauza bat: ostegunean abisua jaso genuenean atxilotu bat zekartela, heldu zitzaigun Langraitzen atxilotutakoa ETAkidea zela, komando batekoa. Orduan, susmoa genuen beste zer edo zer bazegoela hor, baina Barne Sailak ez zuen horrelako ezer aipatzen.

Lankideen artean zein izan zen giroa egun haietan?

Han izan ginenon artean, komentarioak ziren: "Joder, garbitu egin dute, makilakadaka, ezin du izan...". Harridura, eta amorru handia. Osasun arloko langile bezala, ez dakit nola esan, hori ezin da onartu. Eta zoritxarrez, jarrera salagarriak, negargarriak Ertzaintzaren aldetik, behin baino gehiagotan ikusi ditut. Langile bezala ezin dugu hori onartu. Ezin dugu jakin ehuneko ehunean komisarian zer egin duten, baina susmatu... Izan ere, ekartzen dutenean norbait, eta ikusten duzunean txikitu egin dutela... Amorrua eta asaldura izan ziren nagusi lehenbiziko egunetan, baina aste batean dena ahaztu zen, gutxi batzuon aldetik salbu.

"Ertzaintzaren jarraipenak izan zituzten Calvorekin kontaktu zuzena izan zuten osasun langileetako batzuek"

Hurrengo aste eta hilabeteetan dena ahazten eta lasaitzen joan zen?

Ertzaintzaren jarraipenak izan zituzten Calvorekin kontaktu zuzena izan zuten osasun langileetako batzuek. Nik nire aldetik ez nuen ezer nabaritu. Txostena idatzi zuen mediku horrek kontatu zidan berak ia urtebetez izan zituela atzean, kalean, kafetegian... kontrolatuz nora zihoan, norekin hitz egiten zuen. Kontatu zidan behin kalean geratu ere egin zutela, kalez jantzitako bi pertsona ziren baina argi zuen ertzainak zirela.

Larrialdietan egon ziren ertzain berak izan ziren kalean geratu zutenak?

Ez, ezezagunak. Beste lankide batek esan zidan berak igartzen zuela jarraitu egiten ziotela. Esan nion posible zela. Ni garai hartan LAB sindikatuko afiliatua nintzen, oraindik ez nintzen delegatua, eta sindikatuan ere nabaritzen genituen gauza arraroak, ospitale inguruan zenbait pertsona errepikatzen zirela... Hori lehen egunetan, kazetariak ere bazeudenean, baina mediku horren kasuan urtebetez.

Eta nola bizi izan zuen medikuak egoera hori guztia?

Mediku horrek oso txarto pasatu du. Pentsa, 30 urtez izan du gordeta txostena. Beldurragatik jakina, ahoa zabalduz gero... Nire kasua ezberdina da, ni sanitario arrunt bat naizelako eta ez besterik, baina mediku baten kasuan, beraiek nahi badute ez duzu berriz ere lan egingo sekula santan, inon. Ikusi dugu beste kontu batzuetan nola jokatzen duen EAJk. Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoen ustelkeria salatu zuten Roberto Sánchez eta gainontzekoak erabat zapaldu eta baztertu dituzte, eta listo. Orduan, jende horrek helarazten dizunean kontuz ibiltzeko, pasatzen bazara...

Beldurra aipatu duzu. 30 urteren ostean, zergatik ematen ari zara elkarrizketa hau?

Zergatik? Sentitzen dut zorretan nagoela justiziarekin, egiarekin, eta, batez ere, Juan Calvorekin.

Epaiketa izan zen Calvoren heriotzagatik, sententzia 1995ean ezagutu zen. Sei ertzain kondenatu zituzten ausarkeriazko zuhurtziagabekeriagatik: nagusia sei urteko espetxealdira, beste bostak urte batera. Calvori gasa bota izana aitortu zuen ertzain bakarrari hamar eguneko atzipenaldi edo arrestoa ezarri zioten zuhurtziagabekeria sinpleagatik. Nola jaso zenuen berria?

Prentsan irakurtzean kristoren amorrua sentitu genuen, ikusi genuelako berdin zuela denak, inpunitatea erabatekoa zela, ez dago eskubiderik. Lanean komentatu genuen: "Gogoratzen duzue tipo hura? bada, begira", “Joder, dohainik irten zaie".

Espainiako Epaitegi Gorenak sei urtetik bakarrera jaitsi zion zigorra polizia buruari 1996an. Hasierako sententziarekin preso sartu beharko zukeen polizia bakarra ere ez zuten sartu espetxean, hortaz.

Hori ez nekien, joder.

Ez zuten inor Ertzaintzatik kanporatu. Ertzain horiek, orduan zuten adinaren arabera, lanean egon daitezke gaur egun.

Bai, edo jubilatuta lasai asko. Penagarria.

* Elkarrizketa hau erreportaje zabalago baten parte da. Hemen gainontzeko artikulu eta informazioak:

- Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian?

- 30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak.

- BIDEOA | Juan Calvo: autopsiaren zenbait pasarte.

-  Calvoren heriotzaren lekukoa: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”

- Ertzainak eta Segurtasun Saila: gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian hila
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Calvoren heriotzagatik kondenatutako ertzainen inguruko informazioa eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari legebiltzarrean

Informazio eskaera erregistratu zuen EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak iragan ostiralean, ARGIAk jakin duenez. Juan Calvoren heriotzagatik auzipetutako ertzainen barne mailako diziplinazko espedienteak eta Ertzaintzan izan duten ibilbide profesionala eskatu dizkio... [+]


Ertzainak eta Segurtasun Saila
Gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak

Calvo hil eta ordu batzuetara, abuztuaren 20ko goizean, heriotzaren gauean berarekin kontaktua izan zuten zortzi ertzainek deklaratu zuten gertatutakoaz, komisarian bertan. Bigarren aldiz hartu zieten deklarazioa abuztuaren 23 eta 24 artean. ARGIAk deklarazio horiek eskuratu... [+]


2023-07-04
30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak

1993ko abuztuaren 20an, goizaldeko 5:00ak aldera, Santiago Ospitaleko larrialdietako osasun langileen talde bat Juan Calvo biziberritzen saiatu zen, alferrik: Arkauteko komisariatik hilotz irten zen bilbotarra. Medikuetako batek egindakoa aurpegiratu zien haserre poliziei,... [+]


Heriotzaren 30. urteurrenean
Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian?

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo Azabal hil zuten Arkauteko komisarian, Gasteizen. Gorpuak biolentzia arrastoak zituen, eta gasa zerion ahotik. 1995ean zortzi ertzain zigortu zituzten zuhurtziagabekeria delituagatik, inork ez zuen lanpostua galdu ez espetxea zapaldu, inor ez... [+]


Eguneraketa berriak daude