“Gobernuan gehiengoa ustez ezkertiarra izanda, aukera bat galdu dugu”

  • ESK-ko Koordinakunde Nazionaleko kideak ezkerrak gobernuan dagoenean dituen konplexuak salatzen ditu, eta kaleak berreskuratzeko jarrera irmoa azaldu du.


2022ko urtarrilaren 28an - 08:53
Azken eguneraketa: 10:13
Iratxe Alvarez ESKko Koordinakunde Nazionaleko kidea eta Nafarroako bozeramailea da (Argazkia: ESK)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Iratxe Alvarez ESK-ko Koordinakunde Nazionaleko kidea da, baita sindikatu horren Nafarroako bozeramailea da. Ezkerrak gobernuan dagoenean izan ohi dituen konplexuak eta ezintasunak salatzeaz gain, ESK-k kaleak berreskuratzeko duen jarrera irmoa azaldu du.

Nola baloratzen dituzue lan erreforma berrian planteatzen diren balizko aurrerapausoak eta hutsuneak? 

ESK sindikatuak ez du lan erreforma honen balorazio onik egiten. Gure ustez, iruzurra izan da. Hau ez da langileok nahi eta behar genuena, eta, batez ere, ez da koaliziozko gobernu honek agindu zuena; helburua aurreko lan erreformak indargabetzea zen, eta ez “makillaje” apurtxo bat jartzea lehendik zegoenari. Gure ustez, aurrerapauso gutxi eta hutsune gehiegi daude, eta aukera ezin hobea galdu dugu ezkerretik langileen eskubideak berreskuratzeko eta berriak indarrean jartzeko. Bere burua feministatzat duen gobernu honek guztiz ahaztu ditu emakumeak lan erreforma honetan; aurrerapauso izan zitezkeen aldaketa gehienek tranpa dute, itxurakeria baino ez da.

Obra eta zerbitzuen araberako kontratua aldatzea, ultraaktibitatea, azpikontratazioaren inguruko hainbat neurri eta ABEEEak zabaltzea; horiek dira erreformaren lorpen garrantzitsuenak. Uste duzue neurri horiek aurreko lan erreformaren orube estrukturala aldatzen dutela? Edo, patronalak esan duen bezala, funtsezko neurriek ez dute aldaketarik jasan?

Guretzat, lan erreforma honek funtsean ez du gehiegi aldatzen aurretik genuena. Elementu asko ditugu aipatzeko lan erreforma honen harira, eta ontzat eman dezakegun bakarra da ultraaktibitatea berreskuratzen dela, nahiz eta horretan ere ñabardurak egon.

Negoziazio kolektiboan, adibidez, estatuko markoa inposatzen da, eta ez dago segurtasun juridikorik Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenentzako. Lan Hitzarmen sektorialen nagusitasunaren inguruan ere, hasiera batean pentsa genezake nolabaiteko hobekuntza bat egon zitekeela, baina hobekuntza bakarra soldaten babesa da, eta beste eremu guztiak alde batera utzi dira. Lan hitzarmen sektorialak osotasunean izan beharko lirateke minimoak, ez bakarrik soldatan.

“Eskuina boterean dagoenean, bere ideologia eta moduak ezartzen ditu lotsarik gabe, eta ezkerran ez gara inoiz gai gure proposamenak aurrera eramateko, nahiz eta jakin aurrerapausoak direla langileontzat”

Aldaketarik jasan ez duten arauak ere badira ; esate baterako, langileen kaleratze prozesuak. Zentzu horretan, lehendik onartezintzat hartzen genuena mantendu da, eta, orain arte izan dugu eskarmentuarekin, badakigu horrek zer dakarren: prekarizazioa eta ziurgabetasuna. Gauza bera kaleratze kolektiboekin, zeinek administrazioaren kontrolik gabe jarraitzen baitute.

Esan behar dugu ere lan erreforma honek guztiz ahaztu dituela emakumeak. Inolako perspektiba feministarik gabe egindako araudia da, eta ez ditu kontuan hartu azken urteotako Greba Feministetan emakumeok lan arloan egin ditugun aldarrikapenak.

Aldi baterako kontratazioaren erreformak ez du egonkortasunik ekarriko, izan ere, ez du jorratzen momentu honetan dugun arazoa: kontratazioan gertatzen den iruzurra. Horrekin batera, aldizkako lan-kontratu finkoetan ezarritako malgutasunak eta ETTei kontratazio mota horiek egiteko gaitasuna emateak prekarizazio eta esplotazio mota berrien aurrean jarriko gaitu. Horri dagokionez, emakumeok izango gara kaltetuenak, gazteekin batera.

Lan erreforma batek, guk nahiko genukeen lan erreformak, ezin du izan helburu bakartzat eskubideak berreskuratzea, haratago joan behar du. Zentzu horretan, ESK sindikatuaren ustez eskubide berriak sortzeko aukera ezin hobea galdu dute. Onartezina da, esate baterako, etxeko langileak eta zaintzaren alorrean jarduten dutenak Erregimen Orokorretik kanpo uztea beste behin ere.

Azpikontratazioei dagokienez ere, gure ustez galdutako aukera bat izan da. Badirudi, hala saldu baitigute, hau aurrerapauso bat dela, baina askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak bakarrik mugatzen ditu. Ezin dugu onartu maila ezberdinetako langileak egotea; lan berdina egiten baldin badugu, lan eskubide berberak izan behar ditugu.

Uste duzue egungo indar korrelazio sozial, sindikal eta politikoarekin zerbait gehiago lor zitekeela? Zer ekarriko luke erreforma hau ez onartzeak?

Noski baietz; gobernuan ustez gehiengoa ezkertiarra izanda, aukera bat galdu dugu. Eta, bestetik, lehen esandakoa: beste behin ere, alderdi ezkertiarren papera lotsagarria izan da. Jokabide horiekin, guztiz ulergarria da gizarteak politikarekiko atxikimendurik ez izatea; ezkerrak uko egin dio bere ustezko ideologiari, eta, hala, eskuina bultzatu besterik ez dute egiten. Horren gutxi duzunean, edozein lorpen, nahiz eta txikia izan, aurrerapausoa izan liteke. Hala ere, ezin dugu ulertu ezkerrak dituen konplexuak; eskuina boterean dagoenean, bere ideologia eta moduak ezartzen ditu lotsarik gabe, eta gu ez gara inoiz gai gure proposamenak aurrera eramateko, nahiz eta jakin aurrerapausoak direla gizartearentzat, langileontzat. Nahiko argi dugu erreforma onartuko dela, baina ez adostuta dagoelako, baizik eta eskuinak ezin duelako galdu aukera hau.

Erreformaren akordioaren parte izan diren sindikatuek ­–CCOO eta UGT– aipatu dute hau lehenengo fasea besterik ez dela, eta mailakatzean oinarrituriko estrategia bat iradoki dute. ESK sindikatuak ikuspegi horrekin bat egiten du, ala ez duzue aukerarik ikusten bide hori jorratzeko?

Inola ere ez. Sindikalgintzaren betebeharra langileon interesak defendatzea da, eta, horri uko egiten baldin badiogu, beste edozein gauza gara. Sindikatuok ez badugu sinisten langileon indarrean, gizartearen gaitasunean politikak aldatzeko, akabo. Gure betebeharra da politiketan aldaketak bultzatzea, langileria antolatzea eta onura sozialak lortzea. Guretzako, beste behin ere, UGT eta CCOO sindikatuek langileria saldu dute. Bestalde, esan behar da sindikatu horiek ez dutela zilegitasunik ez Nafarroako ez EAEko langileak ordezkatzeko; ez dute gehiengo sindikala ordezkatzen, eta hori agerian geratu da emaitzan. Gure ustez, erreforma honekin bi sindikatu horiek aurreko Lan Erreformak balioztatzen dituzte. Noski, sindikatuen eginbeharra negoziatzea ere bada. Baina negoziazio horrek zintzoa izan behar du, eta hemen ez da hori gertatu; negoziazioa baino gehiago, antzezlana izan da. Aldez aurretik onartzen baduzu irabaztea ezinezkoa dela eta ematen dizutenarekin konformatuko zarela, zertarako esertzen zara negoziazio mahaian? Guk ez dugu estrategia hori konpartitzen. Gure ustean, sindikalgintzak borrokalaria eta ausarta izan behar du; zintzoa, baina, batez ere, duina. Langileei zor diegu.

Gobernuak egindako hainbat lege azken urteetako borroka ziklo oso baten ondorio izan dira, hala nola Etxebizitza Legea. Lan erreformaren kasuan, 2012ko erreformaren aurkako mobilizazioak oso esanguratsuak izan arren, ez da agenda mobilizatzaile irmorik egon azkenaldian. Zergatik ez da egon gaitasunik sindikalismo alternatibotik mobilizazio indartsuak planteatzeko elkarrizketa sozialeko negoziaketak irauten zuen bitartean?

“Kaleak berreskuratu behar ditugu, baina batez ere itxaropena, gauzak aldatzeko grina piztu behar dugu gizartean, eta beste mundu bat posible dela sinistu eta hori lortzeko borrokatu”

ESKren apustua mobilizazioa izan da beti. Hori da gure tresna boteretsuenetako bat. Konfinamendutik atera ginenean kalea berreskuratzearen ideia izan genuen buruan, eta badugu oraindik ere. Lan erreformatik haratago, guretzat gizartearen desmobilizazioa oso adierazgarria eta kezkagarria da aldi berean. Pandemiak ispiluaren aurrean jarri gaitu zentzu askotan, eta ikusten ari gara nola aitzakia ezberdinekin egunero eskubideak murrizten dizkiguten. Esnatzeko ordua da, bizi dugun egoeratik ateratzeko ordua da. Zergatik ez dugu izan gaitasun hori? Arrazoi asko daude: egoerak berak ez du batere laguntzen, testuingurua, bizi dugun ezegonkortasuna, beldurra, nekea, itxaropen falta, desinformazioa… Gizartean eragina izan du, baina sindikalgintzak ere ardura du horretan. Gure konfort eremutik atera behar dugu, apustu ausartak eta trebeak egin behar ditugu, eta uste dut ariketa hori egiten saiatzen ari garela. Kaleak berreskuratu behar ditugu, bai; baina, batez ere, ilusioa, itxaropena, gauzak aldatzeko grina piztu behar dugu gizartean, beste mundu bat posible dela sinistu eta hori lortzeko borrokatu.

Aste honetan bertan mobilizazioak iragarri dituzue urtarrilaren 30erako, Euskal Herriko Karta Soziala osatzen duten beste sindikatuekin batera. Estatuko beste sindikatu batzuk ere agertu dira lan erreformaren kontra, baita ezker eraldatzaileko beste hainbat sektore ere. Euskal Herritik haratago, badago estrategia konpartiturik maila sindikal eta politikoan erreformaren aurkako indarrak batzeko?

Esan duzun bezala, aste honen hasieran mobilizazioak iragarri ditugu Euskal Herrian hurrengo egunetarako, eta lanean jarraitzen dugu lan erreforma honen kontra. ESKren interes bakarra jendea da; gure helburua langileen eskubideak defendatzea da, eta ibilbide horretan askotariko bidelagunak ditugu. Gure markoa Hego Euskal Herria da, hemen bizi eta lan egiten dugulako, baina gure sindikatuak bereizgarri bat baldin badu, hori, dudarik gabe, elkartasuna da, hori baita herrien arteko samurtasuna. Sindikatu txikia izan arren, harremanak ditugu beste herrietako sindikatuekin, borroka eta helburu asko konpartitzen ditugulako. Indarrak gehitzeko aukera egon denean, ESKk erantzun egin du. Kasu honetan ere, posible baldin bada horrela izango da, ez izan dudarik.

 

Elkarrizketa hau ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CNT sindikatuetako ordezkariei Espainiako lan erreformaz egindako elkarrizketa sortaren zati da; hurrengo egunetan argitaratzen joango gara elkarrizketa bakoitza. Entzun Bilbo Hiria Irratiko 'Lanaren ekonomia' saioan:

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako lan erreforma
Finantza kontua edo justizia soziala?

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]


Analisia
Arrakala handitzen

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]


Espainiako lan erreforma
2012 eta 2022: aurkitu zazpi diferentziak

Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte... [+]


Shakespeare forala

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]


2022-02-04 | Leire Artola Arin
Iruñeko Maya alkatea gaitzetsi dute PSNren botoarekin, UPNko bi diputatuk lan erreformarako botoa aldatu ostean

Sayas eta Adanero diputatuek Espainiako Kongresuan lan erreformaren aurkako botoa eman dute, eta UPNk aktak itzul ditzaten eskatu die. Izatez, UPNk iragarri zuen babestu egingo zuela gobernu koalizioa, eta, ordainetan, PSNk bertan behera utziko zukeen “adierazpen... [+]


PSOEren eta Podemosen lan erreformak aurrera egin du Espainiako Kongresuan, boto baten aldearekin

Espainiako Gobernuak CEOErekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testuari onespena eman dio ostegun arratsaldean Espainiako Kongresuak, baina Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetu zuten oposizioko alderdien babesik gabe oraingoan.


2022-02-03 | ARGIA
PSNk Enrique Maya Iruñeko alkatea gaitzesteko eskaera kendu du, UPNk lan erreforma babesteko

Espainiako Kongresuan lan erreformaren alde bozkatzea eskatu die UPNk bere bi diputatuei, eta horren lehen ondorioetako bat izan da PSNk Enrique Maya UPNko alkatea gaitzesteko egina zuen eskaera kendu egin duela. Gainera, udal aurrekontuak aldatzea ere babestuko dute alderdi... [+]


2022-01-31 | ARGIA
Lan-erreformaren kontra bozkatzeko eskatu die gehiengo sindikalak EAJ eta Elkarrekin-Podemosi

ELAk, LABek eta ESK-k EAJri eta Podemosi eskatu diete kaleratzeak bultzatzen dituen eta lan-harremanen esparrua errespetatzen ez duen lan-erreformaren aurka bozkatzea. Hala jakinarazi diete bi alderdi politikoei, gaur, urtarrilak 31, egindako bileretan. Bilera horiek EH... [+]


2022-01-31 | ARGIA
ARGAZKIAK | Lan erreformaren aurkako manifestazio jendetsuak Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan milaka lagun atera dira, Espainiako Kongresuan otsailaren 3an bozkatuko den "lan erreforma horri" ezetz esateko. ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako manifestazioetan salatu dute "Espainiako Gobernuak... [+]


Traje egokia aukeratzeaz

Aste honetan salgai jarriko da produktu berri bat edo, bueno, produktuaren bertsio berri bat behintzat: Espainiako lan erreformaren erreforma. Trajea aukeratu behar da hori nola saldu asmatzeko. Eta iruditzen zait EAJk azken asteetan bi atera dituela bere armairu amaigabetik.


Xuria Arza (UGT)
“Akordioak lortu dira, baina oso gai garrantzitsuak geratzen dira negoziatzeko”

UGT Euskadiko Berdintasuna, Gizarte Politikak eta Aniztasuna alorreko idazkaria pozik agertu da akordioarekin, baina borrokatzen eta negoziatzen jarraituko dute.


Endika Alabort (CNT)
“Lan erreforma hau erregimen sindikalaren krisiaren ondorioa da”

CNTko Bilboko Ekonomialaria Elkarrizketa Sozialaren mahaian adostutako lan erreformaren kontra agertu da, ez dituelako iraultzen 2012ko erreformaren oinarriak


Xabier Ugartemendia (LAB)
“Lan baldintzen aldeko konfrontazioan eta euskal esparruan sinisten dugu”

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak borrokaren bidez eragiteko aukera dagoela uste du, eta urtarrilaren 30eko mobilizaziorako deia egiten du.


Arkaitz Antizar (CCOO)
“Bizi baldintzak hobetzeko eseri eta edukiak negoziatu behar ditugu”

Arkaitz Antizar CCOO Euskadiko Gazteria idazkaria eta batzorde exekutiboko kidea da. Lan erreformarako akordioaren egileetariko bat izan da CCOO, lan legediaren orain arteko norabidea aldatzen duelakoan. Hala ere, aurreko erreforma partzialki soilik derogatu duela ikusita, berau... [+]


Eguneraketa berriak daude