Gizarte LGTBIfobikoa salatu dute elkarteek eta mobilizazioetara deitu

  • Gaurko egunez 1990ean, Osasunaren Munduko Erakundeak erabaki zuen homosexualitatea "gaixotasun mental" gisa gehiago ez hartzea. Geroztik, egun hau erabili da salatzeko zer diskriminazio jasaten duten lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualek. LGTBI elkarteek nork bere adierazpenak egin dituzte eta gaur arratsalderako herri eta hirietan deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute.


2022ko maiatzaren 17an - 06:49
Azken eguneraketa: 07:54

Ehgam Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduak adierazi du azken asteak "mugituak, deserosoak eta mediatikoak" izan direla LGTBI komunitatearentzat, Bilbon gertatu diren hilketen inguruan. Hainbat komunikabidek gaiari emandako trataera "morbosoa" salatu du: "Komunikabide batzuek morboa sortzeko duten neurrigabeko behar horrek geure bizitzak, geure harremanak, geure gozamena eta geure askatasuna jopuntuan jarri ditu. Shock doktrina etengabean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, beldurraren marko amaiezinean. Beldurraren marko amaiezin hori, gainera, geure kolektiboaren baitako kide batzuek ere babesten dute eta ondorioz, geure praktika sexualen estigmatizaziora batzen dira".

Oraindik hilketa horien inguruan hainbat kontu "ez daudela argi" adierazi du Ehgamek, baina batzuek "bai topatu dutela bidea: bidea biktimak estigmatizatzeko, bidea sare digitaletan ligatzea estigmatizatzeko; bidea, azken finean, praktika sexual konkretu batzuk estigmatizatzeko eta hala, LGTBI kolektiboa estigmatizatzeko. Hainbat sektorek aukera txikiena ere ez du galdu arrazismoa agerian uzteko; eta arrazismo hori

plazaratzeko aukera aprobetxatu dute askok norberaren erru eta lotsak ezkutatzeko. Atxilotutako eta espetxeratutako ustezko erasotzailearen gain kokatu dute LGTBIfobiaren karga guztia, beste oro, jendartea bera, alegia, LGTBIfobikoa izango ez balitz bezala".

Hilketa hauek eraso homofoboak diren edo ez ez dagoela oraindik argi adierazi du Ehgamen: "Jakin badakigu, ordea, estruktura homofobo baten baitako erasoak izan direla eta estruktura homofobo horrek ahalbidetu egin dituela; izan ere, jendarte homofobo honen barne soilik uler daiteke, geure hainbat kidek ezkutuan eta semi-klandestinitatean burutu behar izatea sexu praktika batzuk: geure praktika sexualak. Armarizatuak dauden kideak, trans pertsonok... geure sexualitatea modu librean gozatzeko zailtasunak edota ezintasunak ditugu, bizi dugun gizartea LGBTIfobikoa delako. Egoera horrek are zaurgarriago egiten gaitu".

Sareetan ligatzearen "albo-kalteen inguruko justifikazio hutsalak" entzun behar izan dituztela salatu du, honen absurdua adieraziz: "Tabernetan

edota diskoteketan ligatzea seguruagoa izango balitz bezala. Geuretzat, LGTBI pertsonentzat eta emakumeentzat* orokorrean, ligatzea ez da segurua, ez saretan, ez tabernetan, ez inon. Bortizkeriaz inguratuta bizi gara, guretzat segurua ez den sistema zisheteropatriarkalean bizi baikara. Horrek ordea ez gaitu kikilduko. Geure bizitzak garatzen, gozatzen eta konpartitzen jarraituko dugu; tokiak eta espazioak konkistatzen eta eraikitzen jarraituko dugu".

Indarkeriari aurre egiteko, saretzera, artikulatzera, zaintzera, antolatzera deitu du Ehgam taldeak eta gaurko egunez kalera ateratzera.

Bascos: "Adin guztietako LGBT kideek jasotzen dituzte erasoak sare sozialetan"

Bascos elkarteak aurten online egin duen inkestaren bidez Ipar Euskal Herrian jasandako 106 ekintza LGBTfobikoren berri izan du. Horietarik gehienak irainak eta hitz bidezko erasoak izan dira. Eraso hauek ingurune ezberdinetan jaso dituzte, adinaren arabera, baina adin guztietakoek jasan dituzte erasoak sare sozialetan: 18 urtez beherakoek batez ere eskolan eta aisialdiko jardueretan jasan dituzte. 18-25 urte bitartekoek etxean ere asko. Eta hortik aurrerako helduek ingurune guztietan.

Datu hauen aurrean, Bascos elkarteko kideek adierazi dute Frantziako Gobernuak ikastetxeetan jarritako homofobia eta transfobia kanpaina urrun dagoela ezarritako helburuak lortzetik. Eta seinalatu dute ziberakoso kanpainetan ez dela lantzen LGBTfobia. Hurrengo gobernuari eskatu diote "erronkaren tamainako politika publikoa" egin dezala.

Gehitu: "Lege espezifiko eta transbertsal bat behar da indarkeria espezifiko zein transbertsalarekin amaitzeko"

Gehitu elkarteak gogora ekarri du EAEko datuen arabera gorroto gertakari eta delitu kopurua areagotu egin dela, 2021ean batez ere. Horien artean nabarmendu du berriki ezagutu den serieko hiltzailearen kasua. Horren aurrean, agintariei eskatu die "kolektiboa babesteko eta gure eskubideak defendatzeko premiazko neurri eraginkorrak har ditzatela". Halako erasoak ekiditeko eta erasotzaileak zein gizartea berrezteko "prebentzio-politika

eraginkorrak" eskatu dituzte: "Biktimarioekin modu pertsonalizatuan lan egiteko planak sor ditzatela eskatzen dugu, horiek direlako euren portaera aldatu behar dutenak; ez, ordea, modu askean bizitzera animatzen ditugun LGBTIQ+ pertsonak". Lege espezifiko transbertsal bat ere behar dela adierazi du, "indarkeria espezifiko zein transbertsalarekin amaitzeko".

Gizarteari begira, batetik begi onez ikusten du indarkeria egoeren aurrean "sumindu" egiten dela eta "babestu egiten gaituela", baina bestetik ohartarazi du horren guztiaren atzean dagoen LGTBIQ+fobia. "Gizarteari eta, batez ere, instituzioei eskatzen diegu LGBTIQ+ pertsonen aurkako indarkeriaren kontrako protesta eta mobilizazioak egiten jarrai dezaten". Izan ere, Gehituk adierazi duenez, "isiltasunak ez gaitu babesten, isolatu baino, eta Gehituk uste osoa dauka kolektiboaren indarrarengan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTIfobiaren aurkako nazioarteko eguna
Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


“Armairuan daudenak, aniztasuna ulertu nahi ez dutenak dira”

LGBTIfobiaren Kontrako Egunean, kolektiboaren instrumentalizazioaz, gure gorputz, desira eta harremanak birplanteatzeaz, etiketez eta erasoez hitz egin dugu Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kide batekin. "Marika txuri naizen honek eskubide batzuk lortu... [+]


2022-05-18 | ARGIA
Antolatu eta borrokatzera deitu dute eraso LGTBIfobikoei aurre egiteko

Euskal Herri osoko hiri eta herrietan egin dira mobilizazioak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Bilbon azken asteetan ezagutu diren hilketak izan dituzte bereziki gogoan.


Eraso lesbofoboa Donostian: “Ez izan erasotzailearen konplize, erantzun dezagun kolektiboki”

Donostiako Ondarreta hondartzan itsasotik atera eta komentarioak, begiradak, argazkiak, askotariko irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditu emakume talde batek. “Lesbiana putak, nazka ematen duzue, ez zarete batere femeninoak…”. Inguruan zegoen... [+]


2022-05-17 | ARGIA
Francisaldia: hautsak harrotu zituen hilketa homofoboa gogoratzen duen zikloa

Francisaldia zikloa antolatu du Errenteriako Udalak, Francis trabesti homosexuala hil zuten eguna, LGTBfobiaren aurkako eguna eta sexu askapenerako eguna batuz. Herriko kaleak aldarrikapenez bete nahi dituzte, “pertsona guztiontzako gune seguruak eta askeak izan... [+]


2022-05-16 | Leire Artola Arin
‘Moio’ kalea Hernanin, memoria ariketa kolektiborako urratsa

Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ kalea inauguratu dute Hernanin maiatzaren 14an, LGTBfobiaren aurkako egunaren harira. Omenaldi xume eta hunkigarria egin diote Elosegiri, bere buruaz beste egin zuen gazte transexualari, eta eskerrak eman dizkiote transfobiaren aurka herria... [+]


2021-05-13 | ARGIA
LGBTI pertsonen aurkako eraso eta gorroto-diskurtsoek gora egin dute Araban

Azken urteko datuak eman ditu Ikusgune Gasteizko LGBTI+fobiaren aurkako Behatokiak: gertakari gutxiago zenbatu dituzte Araban, baina gertakarien artean gora egin dute erasoek eta gorroto-diskurtsoek. Transexualen kontrako intzidentziak ere handitu direla salatu du Behatokiak.


“Identitate disidenteak asimilatzen doa sistema, heteroaraura moldatuta”

Armairuaz, LGBT mugimenduan bizirik diren eztabaida eta borroka moldeez, sexu askapenaz, lumafobiaz, korronte erreformista eta erradikalaz, haurren identitatearen eraikuntzaz, espazio bizigarriez... aritu gara Hiruki Larroxa kooperatibako Egoitz A. Albeniz eta Ibai... [+]


2019-06-24 | ELA sindikatua
Harrotasuna ez dago salgai #HarrotasunaEzDagoSalgai

ELAk gogoeta egingo du ekainaren 28an, LGBTIQ+ mugimenduaren sustrai antikapitalistak zaindu beharraz. Horretarako formazio jardunaldia antolatu du Iruñean.


Eguneraketa berriak daude